2023ko abenduaren 12a

ERA Eskola, gurasoentzako trebakuntza 3. edizioa antolatu dute Euskarabideak eta toki entitateetako euskara zerbitzuek

Saioak euskara ikasten duten haurren aita-amei zuzenduta daude euskaraz eta gaztelaniaz, interneten, eta informazioa eta baliabideak emateko familien intereskoak diren gaietako adituek landuta
Era Eskolaren kartela.
camera_alt Era Eskolaren kartela.  Deskargatu irudia collections Irudi galeria

Euskarabidea – Euskararen Nafar Institutuak eta Nafarroako zenbait toki entitatek eskolan euskara ikasten duten haurren familientzako guraso eskola ekimena abiatu zuten 2020an. Hirugarren urtez, hiru adituk hezkuntza, euskara eta heziketa ukitzen dituzten gaiak jorratu dituzte eta sarean eskaini, euskaraz zein gaztelaniaz. Aurtengo emanaldietan honako gai hauek landu dira: kulturartekotasuna euskarazko hezkuntzan, nola sustatu euskara nerabezarorako trantsizioan eta gurasoen hizkuntza portaeren eredugarritasuna. Gurasoen intereskoak diren kontuak landu dituzten adituak Kike Amonarriz, Amelia Barquin eta Nerea Permach izan dira.

Era Eskola, gurasoen trebakuntza

Euskarabidearen lan ildoetako bat euskara familietan sustatzea da, gero eta haur gehiagok euskara ikas dezaten. Haurrak euskaraz jabetzeko bide horretan, Euskarabideak euskara ikasten duten haurren gurasoei seme-alabak euskararekin motibatzeko moduak eskaini nahi dizkie. Asmo horretan, Euskarabideak toki entitateetako euskara zerbitzuekin lankidetzan jarduten du eta elkarlan hori, besteak beste, era.eus webgunean gauzatzen da. Webgune horretan txertatzen da Era Eskola gurasoentzako trebakuntza.

2020an, euskara ikasten duten haurren gurasoei informazioa emateko sortu zen Era Eskola proiektua, gurasoei on line trebakuntza eskaintzen diena. Izan ere, gurasoek hainbat erabaki hartzen dituzte seme-alaben ongizatea bermatzeko: elikadura, lotarako errutinak, praktika osasungarriak, mugak… Horietan bezala, euskara sustatzean ere gurasoek hainbat arlotan nola jokatu jakin nahi izaten dute: irakurzaletasuna bultzatzeko, eskolaz kanpoko jarduerak baliatzeko, pantailen kontsumo egokia ziurtatzeko, eskolako lanetan laguntzeko… Horretara zuzenduta daude Era Eskolan gurasoei eskaintzen zaizkien trebakuntza saioak.

Saioak euskaraz eta gaztelaniaz daude, euskaraz dakiten gurasoei eta euskaraz ez dakitenei informazio egokitua emateko. Saioak era.eus-en YouTube kanalean jarri dira ikusgai: www.youtube.com/c/EraNafarroa/. ERA.eus-en Youtube kanaleko bi Playlist-etan estreinatuko dira, bata euskarazko mintzaldiekin, bestea gaztelaniazkoekin

Era Eskolako saioek interaktiboak izan nahi dute. Hala bada, ikusleek kontsultarik egin nahi badute, YouTube kanaleko mintzaldien bideoetan iruzkinak egin ditzakete eta ondoko egunetan Euskarabideko edo toki entitateetako euskara zerbitzuetako teknikariek erantzunen dute iruzkinean bertan.


Era.eus, Euskarabidearen eta toki entitateen lankidetza

www.eranafarroa.eus toki entitateetako euskara zerbitzuek sortutako eta Nafarroako Gobernuak ―Euskarabidearen bidez― finantzatutako webgunea da, 12 urte bitarteko haurrik duten familiei laguntza eta baliabideak eskaintzen dizkiena, haurren euskararen ikas-prozesua osatzeko eta horretan laguntzeko.

Ekimen honen toki entitate sustatzaileak, haien euskara zerbitzuen bidez, ondoko udal, mankomunitate eta batzar nagusi hauek dira: Aoiz/Agoitz, Ansoáin/Antsoain, Valle de Aranguren/Aranguren Ibarra, Artzibar/Valle de Arce, Auritz/Burguete, Barañain/Barañáin, Baztan, Berrioplano/Berriobeiti, Berriozar, Burlada/Burlata, Cendea de Galar/Galar Zendea, Cendea de Olza/Oltza Zendea, Erroibar/Erro, Esteribar, Etxauri, Estella-Lizarra, Huarte/Uharte, Lizoainibar-Arriasgoiti, Luzaide/Valcarlos, Orkoien, Pamplona/Iruña, Puente la Reina/Gares, Tafalla, Villava/ Atarrabia, Zizur Mayor/Zizur Nagusia, Bortzirietako Euskara Mankomunitatea, Irantzu, Malerreka, Nafarroako Iparraldeko Euskara Mankomunitatea, Sakana, Valdizarbe/Izarbeibar, Aezkoa, Erronkari/Roncal, Zaraitzu/Salazar.