2024ko apirilaren 16a

Bizikletak konpontzeko eta mantentzeko laguntzak eskatzeko epea zabalik, 100.000 euroko inbertsioarekin

Nafarroako Gobernuak laguntzen bosgarren edizioa jarri du abian, eta urriaren 4ra arte eskatu ahal izango dira, 50 euroko dirulaguntzarekin pertsona eta bizikleta bakoitzeko
camera_alt Deskargatu irudia collections Irudi galeria

Bizikletak konpontzeko eta mantentzeko laguntzak eskatzeko epea zabalik dago. Dirulaguntza urriaren 4ra arte eskatu ahal izango da kanpainari atxikitako tailerretan, eta gehienez 50 eurokoa izango da pertsona eta bizikleta bakoitzeko. Nafarroako Gobernuak abian jarritako laguntzen bosgarren deialdia da, eta 100.000 euroko inbertsioa du.

Garraio eta Mugikortasun Iraunkorreko zuzendari nagusi Berta Mirandak nabarmendu du Nafarroako Gobernuak mugikortasun iraunkorraren alde egin duela, bizikleta eguneroko garraiobide gisa erabiliz, ibilgailu pribatuaren kaltetan. Azpimarratu duenez, “mugikortasun iraunkorra sustatzea ez da aukera bat, Nafarroako Gobernuaren konpromiso argia da. Horregatik, gogorarazi nahi dut bizikleta lehiakorragoa izan dadin, Foru Gobernua, tokiko erakundeekin batera, bizikleta-bideen eta bidegorrien sarea bultzatzen ari dela foru geografia osoan barrena”.

Aurreko lau deialdietan 7.500 bizikleta inguru konpondu dira eta Lurralde Kohesio Departamentuak 340.000 euroko inbertsioa egin du. Lau edizio horietan emaitza batzuk eta balorazio positiboa lortu dira, bai tailerren aldetik eta bai erabiltzaileen aldetik. Balorazio hori tailerren atxikimenduan nahiz laguntzen eskarian islatzen da, eskuragarri dagoen aurrekontuaren ia % 100 estali baitu.

Konponketak kanpainari atxikitako Nafarroako 35 tailerretako batean egin beharko dira. Tailerren zerrenda webgunean kontsultatu ahal zango da, gaztelaniaz zein euskeraz. Bestalde, tailerrek gehienez lau hilabete izango dituzte konponketak egiteko, eta urriaren 31 izango da azken eguna. Erabiltzaileek era telematikoan kontsultatu ahal izango dute bere eskaeraren egoera. Aurreko kanpainetako onuradunek ezin izango dute edizio honetan parte hartu.

“Suspertu zure bizikleta, ez utzi aparkaturik” kanpainak ekonomia zirkularra eta tokikoa sustatzen laguntzen du, erabiltzen ez diren bizikletak berrerabiliz eta suspertuz eta Nafarroan egoitza soziala edota lantokia dut tailer eta erakundeetan bizikletak konpontzeko eta mantentzeko lanak sustatuz.

Konponketen harira, honako konponketak egiten dira: balaztak, aurreko koadroa eta urkila, errodamenduak, katea, pinoiak, platerak, martxak aldatzeko gailuak, estalkiak, kamerak, aulkia, zela-tutua eta bateria.

Mantentze-lanei dagokienez, diruz lagundu ahal dira garbiketa- eta koipeztatze-lanak; gurpilak zentratzea eta erradioak doitzea edota ordezkatzea; balaztak doitzea; zapatak aldatzea nahiz heldulekuak doitzea; pastillak, diskoak eta purgaketak aldatzea; abiadura-aldagailuak eta torlojuak doitzea; estalkiak eta ganberak; transmisioa; lubrifikazioa eta garbiketa barne; beharrezko elementuak ordezkatzea, esaterako katea, pinoiak, polearen gurpilak eta/edo platerak, zirgak eta zorroak.

Gainera, ekipamendu eta osagarrien instalazioari buruzko alderdiak sartzen dira, esaterako argiak, tinbrea eta lohi-babesak. Halaber, haurrentzako aurkiak erosi eta instalatzea ere diruz lagundu ahal izango da.