Descárgate la app
Arreta goiztiarreko profesionalek garapen-zailtasunak dituzten adingabeen arreta indartu dute Tindoufen
2025ko abenduaren 12a
Arreta goiztiarreko profesionalek garapen-zailtasunak dituzten adingabeen arreta indartu dute Tindoufen
Nafarroako Gobernuaren Arreta Goiztiarreko Zerbitzuak aurrera egiten jarraitzen du Nailah Proiektuaren garapenean. Nailah lankidetza-ekimen bat da, Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuak abian jarria Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoko (SEAD) Gizarte Gaietako Ministerioarekin lankidetzan, Arreta Goiztiarreko Zerbitzua ezartzeko Tindoufeko (Aljeria) saharar errefuxiatu-esparruetan.
Horretarako, urrian, zazpi profesionalek osatutako taldea (fisioterapiako, psikomotrizitateko, logopediako eta psikologiako profilak dituztenak) kanpamenduetara joan zen bi astez, maiatzean bertan izandako taldeak hasitako lanarekin jarraitze aldera. Oraingo honetan, aurreko bidaian konektatutako profesionalekin eta familiekin lankidetzan jarraitu du taldeak, planteatutako helburuak familia eta profesional bakoitzaren errealitatera hurbiltzearren.
Proiektuaren helburuen artean, honako hauek nabarmentzen dira: lanbide-gaikuntza, detekzio goiztiarra, proiektuaren bideragarritasunerako giltzarriak diren pertsonen ahalduntzea eta tokiko profesionalen eta familien lanari eusteko sare komunitarioak ezartzea. Hori dela-eta, proiektuaren funtsezko alderdi bat da inguruko baliabideak ez ezik, haurrekin lan egiteko dauden indarguneak ere ezagutzea, profesionalen, adingabeen eta haien familien eta ingurune komunitarioaren indarguneak indartzeko helburuarekin.
Nafarroako ordezkaritzak, kanpamenduetan egon den bitartean, antolaketa- eta plangintza-bilerak egin ahal izan ditu SEADeko Gizarte Gaietarako Ministerioko ordezkariekin eta haimetako eta behar bereziak dituzten haurrentzako ikastetxeetako familiei laguntza ematen dieten koordinatzaile eta profesionalekin. Ildo horretan, ingurunean dauden erakundeak, baliabideak eta profesionalak gehiago ezagutu ahal izan dira, haurtzaroarekiko gero eta koordinatuagoa den lana errazteko eta horri eusteko tokiko sareak ezartzen joateko ideiarekin (proiektuarekin koherentea den ideia).
Era berean, kanpamenduetako profesionalek eskatuta, haurren garapena eta haiei laguntzeko modua ezagutzeko prestakuntza bat egiten hasi dira, adingabe bakoitzaren gaitasunak eta indarguneak kontuan hartuta. Horrela, funtsezkoa da profesionalek adingabeak gaitasunetik ikustea eta ez defizitetik, ikasteko aukeren bideratzaile izate aldera.
Azkenik, beste prestakuntza praktiko bat antolatu da inguruko profesionalekin, adingabeen interakziorako eta ikaskuntzarako aukerak ondo kokatzeko eta hobetzeko beharrezkoak diren laguntza-produktuak egin eta birziklatzeko, haien bizi-kalitatea hobetzearren.
Bidaia hau Nailah Proiektuaren esparruan egin den bigarrena izan da. Bertara joan-etorri gehiago egitea aurreikusten da, lana distantziatik egiten den bitartean, inguruko profesionalak sentsibilizatzeko eta prestatzeko beharra azpimarratzeko, detekzioaren zein esku-hartze goiztiarraren aldetik.
Lehen bidaia maiatzean egin zen; hain zuzen ere, Arreta Goiztiarreko Zerbitzuko sei profesionalek osatutako talde bat bi astez egon zen Auserdeko wilayan, Tindoufeko kanpamenduetan, profesionalak gaitzeko. Modu horretan, proiektuaren bideragarritasunerako funtsezkoak diren pertsonak ahaldundu eta inguruan arlo horretan lanean ari diren beste erakunde batzuetako profesionalekin sare komunitarioak ezarri ziren.
Nailah Proiektua
Nafarroako Gobernuaren zuzeneko lankidetza teknikoko lehen proiektua da; alegia, Foru Komunitatetik bertara joandako profesionalek bertan zuzenean egiten dute lan, eta helburu nagusi batekin sortu da: hango familia- eta komunitate-baliabideak indartzea, garapenerako erronka handiak dituzten haurren eta kanpamenduetan dauden familien bizi-kalitatea hobetzeko. Proiektuak 50.000 euroko aurrekontua du hasiera batean, eta Saharako haur askok laguntza jasotzea aurreikusten da.
Ekimena Eskubide Sozialetako Departamentuak eta SEADek 2016ko azaroaren 21ean sinatutako lankidetza-protokoloaren baitan sortu zen, Nafarroako Gobernuak saharar herriarekiko duen elkartasuna adierazteko helburu nagusiarekin. Halaber, eskualdean bakearen alde egin diren ekimenak babestu nahi dira, errefuxiatuentzako bidezko konponbide bat bilatu nahi baitute, eta ekimen horiek Nazio Batuek bultzatzen dituzte bereziki.
Nafarroak, instituzioen eta gizarte zibileko erakundeen bitartez, babesa ematen dio saharar herriari 1992az geroztik; horrela, laguntza humanitarioa eta garapen-proiektuak lantzen ditu batez ere elikagaien segurtasunaren, osasunaren eta hezkuntzaren sektorean. Aurten, Gizarte Babesaren eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiak hitzarmen bana sinatu ditu beste behin, Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoaren Lagunen Nafarroako Elkartearekin (ANARASD), 489.000 euroren truke, eta Sahararen Lagunen Nafarroako Elkartearekin (ANAS), 67.500 euroren truke.
Lankidetzako III. Plan Zuzentzailea
Nailah Proiektua Nafarroako Garapenerako Lankidetzaren III. Plan Zuzentzailearen esparruan garatzen da; hau da, Foru Komunitateko lankidetzaren estrategia ezartzen duen tresna. Bertan, giza garapen iraunkorraren kontzeptuan oinarritutako ikuspegia, Nafarroako lankidetzako esku-hartzeetan izan beharreko printzipio gidariak eta zeharkako ikuspegiak nahiz esku hartzeko sektoreak eta lehentasunezko jarduera-eremu geografikoak jasotzen dira, lankidetza publikoaren arloko jarduera-modalitateekin batera, horien artean, lankidetza ekonomikoa edo teknikoa.
Horrez gain, Planean lankidetza-mota bakoitzaren berezko tresnak jasotzen dira, eta, lankidetza teknikoari dagokionean, Nafarroako Gobernuaren ekintza zuzenaren bidez egingo dela adierazten da, Nailah Proiektuaren kasuan bezala, edo Nafarroako lankidetzako beste eragile batzuek egindakoa sustatuz.