2025ko irailaren 17a

Nafarroa izango da ARNASETIK gazteentzako ikus-entzunezko lehiaketaren IV. edizioaren anfitrioia, euskararen presentzia eta hizkuntza-ohiturak dituzten herrietan ardaztuta

10 eta 16 urte bitarteko ikasleei zuzenduta, 500 euroko lau sari banatuko ditu, eta bideo-lanak aurkezteko epea urriaren 31 arte luzatuko da
Izen-ematearen berri emateko bideoetako bat Leitzan grabatu da, horren bidez gazte nafarren parte-hartzea sustatzeko Irudi galeria

Nafarroa izango da ARNASETIK gazteentzako ikus-entzunezko lehiaketaren IV. edizioaren anfitrioia. Nafarroako Gobernuak, Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuaren bidez, UEMA - Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak eta Eusko Jaurlaritzak elkarlanean sustatutako Arnasa Gara egitasmoak antolatzen du txapelketa. Ikus-entzunezko sorkuntza-lehiaketa hau 10 eta 16 urte bitarteko "arnasguneak" izeneko eremuetako edo euskararen bizi-guneetako gazteei zuzenduta dago, hau da, euskararen presentzia nagusia duten herriei, eta horien helburua da parte-hartzaileen sormena bultzatzea eta haien hizkuntza-ohiturei eta herrien errealitateari buruz hausnartzera gonbidatzea, euskararen biziberritzeari eta euskal hiztunen komunitateari egiten dioten ekarpena nabarmenduz. Bideo-lanak urriaren 31 arte aurkeztu daitezke.

2024ko edizioan, gazte-lehiaketak 260 lan eta 4.200 bozkatik gora jaso zituen. IV. edizio honetan, Nafarroako Gobernuak anfitrioi lanak egingo ditu, eta sari banaketa ekitaldia Leitzako Herri Aretoan egingo da. Arnasguneetan dauden zentroetako ikasleek eta gune horietako ikasleak hartzen dituzten ikastetxeetan ikasten dutenek hartu dezakete parte. Gazteek, banaka edo lagunartean, euskarari lotutako istorioak kontatzea izango da egitekoa eta, horretarako, gehienez bi minutuko iraupena duten ikus-entzunezko lanak burutu beharko dituzte, kategoria bakoitzean planteatutako erronkari erantzunez.

Izen-ematearen berri emateko bideoetako bat Leitzan grabatu da, horren bidez gazte nafarren parte-hartzea sustatzeko.

Hiru erronka nagusi

Aurreko edizioetan bezala, ARNASETIK lehiaketaren aurtengo edizioa ere adinaren araberako hiru kategoriatan banatzen da. Kategoria bakoitzean erronka ezberdinei erantzuna emateko bideoak aurkeztu beharko dituzte gazteek. LH 5. eta 6. mailako ikasleek gurasoek eta aitona-amonek herrian esaten zituzten esamoldeak bilatu eta gaur egungo baliokideak aurkitu edo asmatu beharko dituzte. 

Aurreko edizioetan bezala, aurten ere ARNASETIK lehiaketara hiru kategoriatan aurkez daitezke ikus-entzunezko sorkuntzak, adinaren arabera. Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako ikasleek beren adinekoek herrian erabilitako esamoldeak bilduko dituzte, eta gaur egungoak eta baliokideak diren esamoldeak bilatu edo asmatu beharko dituzte. DBHko 1. eta 2. mailako ikasleak arnasgune batean "sartzeko" casting batera aurkeztuko dira eta ia dena euskaraz egin daitekeen herri batean bizitzeko arrazoi nagusiak azaldu beharko dituzte. Azkenik, DBH 3. eta 4. mailako parte-hartzaileek adierazi beharko dute, haien herria uztekotan, zer sumatuko zuten gehien faltan. 

Kategoria bakoitzeko 500 euroko bonu bana jasoko dute, bai eta publikoaren saria ere. Bonu horiek honako sari hauetan gastatu ahal izango dira, nahi den moduan: IrisarriLand abentura parkean, Durangoko Azokan, EITB-ko Goazen! eta Irabazi arte! telesailen promozio-artikuluetan, Gure Zirkuan, etab. Aurten, berrikuntza gisa, irabazleek aukera izango dute dirua kurtso amaierako ikasbidaiarako erabiltzeko. 

Gazteek beraien sormen lanak irailaren 15etik urriaren 31ra bidaltzeko aukera izango dute eta publikoak azaroaren 5etik 15era izango du bozka emateko epea arnasagara.eus webgunean.

ARNASETIK lehiaketaren sari banaketa Leitzako Herri Aretoan ospatuko da, azaroaren 27an, osteguna. Bertan kategoria bakoitzeko irabazleen lanak proiektatu eta sariak banatuko dira sorpresaz beteriko ekitaldi dibertigarri batean.