Descárgate la app
Ana Ollo lehendakariordeak azpimarratu du garrantzitsua dela motibazio politikoko indarkeriaren biktimak aitortzea eta erreparatzea, bizikidetzan, balio demokratikoetan eta indarkeria ororen deslegitimazioan oinarritutako gizarte bat eraikitzeko
2024ko maiatzaren 30a
Ana Ollo lehendakariordeak azpimarratu du garrantzitsua dela motibazio politikoko indarkeriaren biktimak aitortzea eta erreparatzea, bizikidetzan, balio demokratikoetan eta indarkeria ororen deslegitimazioan oinarritutako gizarte bat eraikitzeko
Baluartek hartu du Nafarroako Gobernuak antolatu duen lehen ekitaldi publikoa, Ana Ollo lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilaria buru zela, martxoaren 26ko 16/2019 Foru Legearen babesean, alegia eskuin muturreko taldeen eta funtzionario publikoen ekintzek eragindako motibazio politikoko indarkeriaren biktimei errekonozimendua eta erreparazioa ematekoan. Ollo lehendakariordeak pertsona horiei adierazi dienez, “hau iraganean kalte eta indarkeria bidegabea eta justifikaezina jasan duzuenentzako errekonozimendu- eta erreparazio-ekintza bat da. Ekintza honen harira, Gobernutik -adierazi du- onartzen dugu kalte hau orainaldian onartuz soilik eraiki ahal izango dela gizarte benetan demokratikoa eta baketsua etorkizunean. Badakigu errekonozimendu hau berandu datorrela eta zuentzat, osatu gabeko moduan gainera. Eta zauri horiek ixtea zaila bada ere, espero dut ekitaldi honek luze itxarondako errekonozimendu eta konponketa horretan lagunduko duela”.
Horrela, Nafarroako Gobernuak – “ikuspegi integral batetik, parekatzetik eta diluziorik gabe”- aurrera egiten du biktima guztien errekonozimenduan eta erreparazioan, euren testuinguru biktimologiko desberdinak kontuan hartuta eta bizikidetzaren eta memoria demokratikoaren aldeko eta giza eskubideen errespetuan eta indarkeria ororen deslegitimazioan oinarritutako gizarte baketsu baten eraikuntzaren aldeko apustu globalaren barruan”. Izan ere, jakina denez, Exekutiboak dagoeneko aplikatzen zituen bai Terrorismoaren Biktimei Laguntzeko apirilaren 28ko 9/2010 Foru Legea, eta bai azaroaren 26ko 33/2013 Foru Legea, 1936ko kolpe militarraren ondorioz hildako eta errepresioaren biktima izan ziren Nafarroako herritarrei errekonozimendu eta erreparazio morala ematekoa, zeinek beste bi testuinguru biktimiologikoek jorratzen dituzten.
Erakundeen, elkarteen eta biktimen parte-hartzea
Ekitaldian, biktimez gain, biktimen espediente eta eskaerak aztertzen ari diren Errekonozimendu eta Erreparazio Batzordeko kideek ere parte hartu dute, senideekin eta inguru hurbilenarekin batera. Hainbat erakundetako ordezkariak ere izan dira (Nafarroako Parlamentua, FNMyC, Arartekoa, unibertsitateak, sindikatuak, etab.), baita giza eskubideen arloari lotutako elkarteak ere.
Ekitaldia -zeinetan Javier Olabarrieta eta Maria Jesus Abaigar arduratu diren musika girotzeaz- Gogoa, Solasbide Foroko kide eta 2021eko Bakearen Nazioarteko Eguna saridun Guillermo Mugicaren hitzaldiarekin hasi da, zeinen esanetan “Memoria eta Bizikidetza ez dira ondo etorritako bikotea soilik, aitzitik ondo ezkonduta eta joan-etorriko bidean daude”. “Lehenik eta behin -aipatu du giza eskubideetan erreferente den honek- Memoria behar eta nahi dugu elkarrekin bizitzeko, eta, aldi berean, Memoriadun Bizikidetza bat behar eta nahi dugu”
Biktimen esparrutik antolatutako esku-hartze eta lekukotasunen arloan, ekitaldian aintzatetsitako hildako bi pertsonen, alegia Mikel Arregi eta Mikel Zabalzaren arrebak diren Txaro Arregik eta Idoia Zabalzak hitz egin dute. Lehenengoaren kasuan, gainera, Josu Imazen bikotekidea da, funtzionario publikoen eta eskuin muturreko taldeen indarkeria fisiko eta psikologikoaren biktima denarena. Halaber hitza hartu dute Josu Irañetak (Torturaren Sareko kidea eta funtzionario publikoek eragindako indarkeria fisiko eta psikologikoaren biktima) eta Fermin Ilundainek (balaz zauritua 1978ko Sanferminetan).
Jarraian, Martín Zabalza Errekonozimendu eta Erreparazio Batzordeko presidenteak kide guztien lana eskertu du, izan ere, -adierazi duenez- legeak ezarritako eginkizunak “autonomiatik eta erabateko independentziatik” bete baitituzte, “objetibotasunez, profesionaltasunez, osotasunez, inpartzialtasunez, konfidentzialtasunez eta ordenamendu juridikoaren menpe”.
Batzordearen lanari balioa emateaz gain, bere esanetan Nafarroan egiten ari den errekonozimendu- eta erreparazio-prozesu hori guztia “Giza Eskubideen unibertsalizazioan eta bidezko bake baten sendotzean oinarritutako bizikidetza demokratikorako guneak eraikitzeko nazioko eta nazioarteko jardunbide onaren adibide izan daiteke, eta, batez ere, gizartearen gehiengoak partekatzen duen desio baten adibidea: hainbeste min eragiten duten ekintza ankerrak ez errepikatzea”.
Azkenik, Ana Ollo lehendakariordeak biktimen ekarpenak eskertu ditu, eta hitz batzuk esan ditu lehen fase honetan aintzatetsitako gainerako pertsonentzat, Nafarroako Gobernuaren memoriaren eta bizikidetzaren politika publiko integralaren eta hura sostengatzen duen akordio programatikoaren barruan kokatu duen ekitaldian egon direnentzat. Begoña Alfaro hirugarren lehendakariordeak ere ordezkatu du gobernua.
“Oso ondo ezagutzen duzue erakundeen ahanzturak, zuen biktimizazioa ikusiezin bihurtzeak eta desmemoriak dakarren birbiktimizazioak zer esan nahi duten. Urte askotan zehar Nafarroako erakundeak zuen minari bizkarra emanda bizi izan garelako.” Hori dela eta, lehendakariordearen hitzetan, egun hau “oso egun garrantzitsua da, non biktimen egia, zeuon egia, gaur aitortzen duguna den. Egia horrek bere bidegabekeriaren eta duintasunaren berrezarpenaren aitorpen esplizitua jaso behar ditu”.
“Zuen sufrimendu-istorioek – gaineratu du- guztiok inplikatzen gaituzten gaiei buruzko hausnarketa-elementuak ere eman diezazkiguteke. Eta, horrela, demokrazia sendoago eta bizikidetzarako espazioak sortzeko gai izango den demokrazia baten oinarriak ezartzeko bidea. Betiere giza eskubideen eta duintasunaren errespetuan oinarrituta, helburu politikoak dituen indarkeria oro arbuiatuz eta deslegitimatuz”.
Ildo horretan, lehendakariordeak dei egin bat egin du “herritarren eta erakundeen arteko kontratu soziala indartzeko, ezartzeko eta sendotzeko. Eta hori egungo testuinguru konplexuan egin behar da, ulertuta egia, justizia eta biktimen erreparaziorik gabe ezin dela eraiki edo mantendu aurre egin beharreko erronka guztiak gainditzeko gai den demokrazia”. “Memoriarik gabe ez dago etorkizunik”, esan du memoriaren politika publikoei balioa eman ostean.
Batzordeak biktimen eskaera eta espediente gehiago lantzen jarraitzen du
Jakina denez, lehen hamabi azterketen artean, bi hildako pertsona aurkitzen dira hainbat egoeretan eragindako indarkeriaren ondorioz; hiru pertsona zauritu dira hainbat mailatako su-armaz 1978ko San Fermin jaietan izandako gertakarien inguruan, eta beste biktima batek kalte larriak jasan ditu istiluen aurkako materiala gehiegi eta gaizki erabiltzeagatik, ondorengo denbora-testuinguru bateko polizia-karga batean. Biktima horiei gehitu behar zaizkie atxiloaldian indarkeria fisikoa eta psikologikoa jasan zuten beste lau pertsona eta eskuin muturreko taldeek aldarrikatutako atentatuetan zauritu ziren beste bi pertsona. Genero ikuspegi batetik, hamabi biktimetatik bi emakumeak dira. Kronologikoki, hamabi kasu horiek 1969tik 1994 urtera bitartekoak dira, eta Foru Komunitatean gertatu ziren, horietako bat izan ezik.
Nolanahi ere, prozesu ireki bat dugu hizpide, izan ere, Errekonozimendu eta Erreparazio Batzordeak lanean jarraitzen du legean ezarritakoaren arabera, eta gutxienez beste hirurogei espediente jorratzen ari dira – errekonozimendua eskatzen duten kaltetuen ekimenari jarraiki -. Espediente horiek bere dinamika administratiboaren barruan ebatziko ditu, eta Legebiltzarrari urteko txostena eta memoria bidaltzea ere barne hartzen du.
Arauak zehazten duenez, foru lege honen eremu subjektiboan aipatzen diren pertsonek sustatu eta aurkeztu ahal izango dituzte eskaerak. Baita foru lege honen aplikazio-eremuan sartzen diren gertaeren berri zuzenean eta zorrozki izan duten pertsonek edo erakundeek ere”.