2025ko abenduaren 11a

Alfaro lehendakariordeak Elizondon udalerriaren birgaitzeari eta hiri eraldaketari emandako bultzada nabarmendu du

Bisitatutako lau jarduerak Biziberri – Navarra Rehabilita programaren barruan kokatzen dira  
Visita de la vicepresidente Alfaro a intervenciones de rehabilitación de viviendas en Elizondo Irudi galeria

Visita de la vicepresidente Alfaro a intervenciones de rehabilitación de viviendas en Elizondo

Begoña Alfaro hirugarren lehendakariorde eta Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako kontseilaria Elizondon izan da gaur, azken urteotan Biziberri-Navarra Rehabilita programaren barruan egindako birgaitze-jarduerak gertutik ezagutzeko. Izan ere, udalerriko bizitegi-parkea sakonki berritzen ari den hiri-eraldaketako prozesua da.

Bisitan parte hartu dute, baita ere, Fernando Anbustegui Baztango alkateak, Javier Buron Nasuvinsako kudeatzaileak eta prozesu osoan zehar komunitateei laguntza eskaini dieten arduradunek. Ibilbidean zehar, Santiago Karrika 47ko, Mendinueta 3ko, Giltxaurdi 48ko eta Giltxaurdi 23ko eraikinetan egindako esku-hartzeen emaitzak ikusi dituzte.

Jarduera horietarako, ia 650.000 euroko inbertsioa egin behar izan da, eta Nafarroako Gobernuak zuzenean 255.000 euro jarri ditu, eraikinen energia-eraginkortasuna, irisgarritasuna eta kontserbazioa hobetzeko eta ingurutzaileak osorik berritzeko.

Santiago Karrika 47ko proiektua garrantzitsuenetariko bat izan da, eta birgaitze energetiko osoa burutu da Nafarroako Gobernuaren eta PREE 5000 programaren laguntzekin (jada komunitateei ordainduta daude). Giltxaurdi 48ko irisgarritasun-proiektua ere nabarmendu da, igogailu bat jarri baita, eta Mendinueta 3 eta Giltxaurdi 23 osorik berritzeko lanak ere bai; horien emaitzak nabariak izan dira bisita instituzionalean.

Esku-hartze horien bidez, eraikinak eraldatzeaz gain, horietan bizi diren pertsonen bizitza zuzenean hobetzen da. Guztira, jarduera horiekin ia 40 familiari egin zaie mesede, horien gastu energetikoa murriztu, etxeetako segurtasuna eta irisgarritasuna handitu eta, azken batean, eguneroko erosotasuna hobetuko baitute. Bertan zeuden arduradunen arabera, birgaitzea funtsezko tresna da etxebizitza osasungarriagoak, iraunkorragoak eta herritarren egungo eta etorkizuneko beharretara egokituak bermatzeko.

Kontseilariak proiektu horien balio eraldatzailea azpimarratu du: “Elizondok argi eta garbi erakusten du administrazioen, enpresen eta herritarren arteko lankidetzak bizileku-eredu iraunkorrago, irisgarriago eta eraginkorrago bat lortzeko bidean aurrera egiteko aukera ematen duela. Birgaitze horitako bakoitzaren bidez, familien bizi-kalitatea hobetzeaz gain, energia modu arduratsuagoan erabiltzea laguntzen da”. Era berean, Nafarroako Gobernuak lurraldeko udalerri guztietan birgaitzea bultzatzeko duen konpromisoa berretsi du.

Bestalde, Javier Buron Nasuvindako kudeatzaileak talde teknikoak batera egindako lana eta jarduerek bailarako gizarte- eta ekonomia-arloan duten eragin zuzena azpimarratu ditu: “Gure egitekoa laguntzea, bideratzea eta konpontzea da. Eraikina birgaitzen duen komunitate bakoitzak prozesu konplexu bati aurre egiten dio, eta hor Birgaitze Bulegoa funtsezko laguntza izatera iristen da. Proiektu horiek eraikinak hobetu ez ezik, tokiko enplegua aktibatu eta udalerriko ehuna indartu ere egiten dute”, adierazi du.

Era horretako esku-hartzeetan ohikoa den moduan, prestakuntza, gainbegiratze eta gauzatze teknikoan arkitekturako taldeek, energia-eraginkortasunaren arloko espezialistek, irisgarritasuneko profesionalek eta Nasuvinsako laguntza-taldeak parte hartu dute, eta prozesu osoan zehar, azterketak egiteaz, komunitateei laguntzeaz, eta koordinazio tekniko eta administratiboaz arduratu dira. Horien lana erabakitzailea izan da jarduera bakoitza kaudimen teknikoarekin egingo zela bermatzeko, eskura zeuden laguntza publikoak ahalik eta gehien aprobetxatuz eta komunitateei kalitatezko emaitza bermatuz.

Talde teknikoak eta parte hartu duten enpresak

Santiago Karrika 47ko eraikinean (18 etxebizitza), zuzendaritza teknikoaz Arteka Arquitectos eta Laborra Arquitectos enpresak arduratu dira, eta obra Miguelenek egin du. Mendinueta 3an (6 etxebizitza), proiektua Arteka eta Laborra enpresak egin du baita ere, eta obra AICOk.

Era berean, Giltxaurdi 48ko eraikinean (12 etxebizitza), lan teknikoaz DOARQ arduratu da, eta eraikuntza-enpresa arduraduna Suteia-Sacovi da. Azkenik, Giltxaurdi 23an (etxebizitza 1), proiektua Alejandro Martin arkitektoak egin du eta obra Joxemi Bengotxeak. Horixe izan da sustapen horietan parte hartutako taldeen zerrenda.