2023ko maiatzaren 24a

Adierazpen instituzionala maiatzaren 28ko hauteskundeak direla eta

Nafarroako Gobernuak herritar guztien parte-hartze demokratikorako deia egin du
El Gobierno de Navarra llama a la participación democrática del conjunto de la ciudadanía este domingo Irudi galeria

Nafarroako Gobernuak, gaurko bilkuran, adierazpen instituzional hau onartu du Nafarroako Parlamenturako eta Foru Komunitateko udal eta kontzejuetarako hauteskundeak direla eta:

"Maiatzaren 28an Nafarroako Parlamenturako eta Foru Komunitateko udal eta kontzejuetarako hauteskundeak eginen dira. 1979an askatasunak eta demokrazia berreskuratuta lehen aldiz egin zirenetik, hamabigarren hauteskundeak izanen dira. Aurten 519.000 herritarrek baino gehiagok izanen dute botoa emateko oinarrizko eskubidea. Historian izan den kopururik handiena.

Hauteskunde hauetan, Nafarroako Gobernuak dei egin nahi die Foru Komunitatean bizi diren herritar guztiei parte-hartze demokratikoa gauzatu dezaten. Parte-hartze horrek gure erakundeak eta sistema demokratikoa indartuko ditu eta, horrela, gure eskubideen eta askatasunen eremua zabaldu eginen da.

Legegintzaldi hau bukaerara iritsi da; lau urte hauetan, erronka arruntez gain, beste batzuk ere izan ditugu, hala nola COVID-19a edo Ukrainako gerraren ondoriozko krisiak gure lurraldean izan dituen ondorioak. Erronka horien guztien aurrean, Nafarroako gizarteak bere ohiko erresilientzia-, ahalegin- eta elkartasun-gaitasunarekin erantzun du.

Maiatzaren 28tik aurrera, beste legegintzaldi bat hasiko da, honako hauek eratu ondoren: udalak, kontzejuak, Nafarroako Parlamentua eta, ondorioz, Nafarroako Gobernua.

Foru Gobernuak, legegintzaldiko azken Gobernu Bilkura honetan, eskerrak eman nahi dizkie nafar guztiei Nafarroarekin hartutako konpromisoagatik eta gure lurra bizikidetza-, aurrerapen-, demokrazia- eta askatasun-gune izaten jarraitzeko lan kolektiboagatik".