2023ko ekainaren 29a

643 pertsonak eta enpresek 307 milioi zor dizkiote Nafarroako Foru Ogasunari, 2023ko zordunen zerrendaren arabera

Zerrendan ageri dira 120.000 euroko edo gehiagoko zorra duten zergadunak

Nafarroako Foru Ogasunak ostegun honetan argitaratu du 2023an zordun izan diren pertsonen eta enpresen zerrenda. Bertan 643 zergapeko ageri dira, eta, guztira, 307,4 milioi euro zor dituzte, 2022ko abenduaren 31n. Aurreko urtean baino 20 zordun gutxiago daude, eta zor den zenbatekoa 17,8 milioi gutxiago da 2021arekin alderatuta.

Zerrendan sartu dira 2022ko argitalpenean agertzen ez ziren 25 pertsona edo enpresa berri. Beste 45k, aldiz, erregistro horretan baja hartu dute hainbat arrazoi medio; hala nola, hartzekodunen lehiaketa amaitzea, zorra 120.000 eurotik behera murriztea edo zor diren zenbatekoen ordainketa atzeratzea.

Zerga-moten arabera aztertuta, BEZak biltzen du zor gehien zerrendan agertzen direnen artean; hots, 106 milioi euro. Jarraian, epe barruan erantzun gabeko geroratze-espedienteak agertzen dira, 55 milioiko zorrarekin, eta, azkenik, zehapenak, beste 48 milioi euro.

Bestalde, jarduera-sektorearen araberako sailkapenari dagokionez, Nafarroako Foru Ogasunarekiko zor gehien dutenak eraikuntza/sustapena (165 zordun) eta merkataritza eta ostalaritza (144 zordun) dira. Bi sektoreen artean, 155 milioi euroko zorra dute; hots, kopuru osoaren %50.

Zordun-motari eta haren helbideari dagokionean, %77 pertsona juridikoak dira, eta %92 Nafarroan bizi dira.

Zordunen zerrenda argitaratuta, Nafarroako Foru Ogasunak Zergen Foru Lege Orokorraren 105 bis artikuluan xedatutakoa betetzen du; hau da, zerrendan 120.000 eurotik gorako zorra duten pertsonak eta enpresak sartzea eskatzen du, horiek irmoak badira eta etenda edo geroratuta ez badaude.

Zerrenda argitaratu aurretik, bertako guztiei bertan sartzeko proposamenaren berri eman zaie.