2023ko apirilaren 24a

5. eta 6. mailako 45 haurrek ‘Gobernuserako Bidaia’ hasi dute, haurren eta gazteen parte-hartzea sustatzeko Gobernu Irekiak abiatutako ekimena

Egitasmo honen barruan, Iruñeko García Galdeano IPko Lehen Hezkuntzako ikasleek igerilekuan egun batez gozatzea adostu dute
collections Irudi galeria

Egun bat igaroko dugu Aranzadiko igerilekuan! oihukatzen zuten Iruñeko Txantrea auzoko García Galdeano Ikastetxe Publikoko Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako 45 neska-mutilek, pozik, guztien artean adostutako erabaki batetik abiatzen zen jarduera hori egiteagatik. Nafarroako Gobernuko Lehendakaritzako eta Gobernu Irekiko Zuzendaritza Nagusiaren ekimena da, haur eta gazteen parte-hartzea sustatzeko eta ikasleak erabakiak taldean hartzen irakasteko.

Ekimena Nafarroako Gobernuak argitaratutako 'Gobernuserako bidaia' komikiaren bidez sortu da. Komikia 8 eta 12 urte arteko haurrentzat da, eta, bertan, Gobernus planetarako misioan dauden hiru haurren abenturak kontatzen dira. Gobernu Irekia zer den jakiten dute, Gardentasunaren, Lankidetzaren (integritatea eta kontuak ematea) eta Parte-hartzearen printzipioetan oinarritua.

Modu horretan, ordu eta erdi pasatxoan, Txantreako Liburutegi Publikoko aretoetako bat eztabaidarako, elkarrizketarako eta ideiak taldean trukatzeko gune bihurtu zen. ‘Gobernus’ urrutiko planetatik Lurrera bidalitako planetarteko bi agentek, Sodiak eta Seleniak uneoro gidatuta, ikasleek Gobernu Irekiarekin loturiko kontzeptuak eta balioak ikasi zituzten: gardentasuna, informazioa, entzutea, lankidetza, parte-hartzea eta adostasuna.

Jardueraren proiektu pilotua Garcia Galdeano IPko ikasleekin burutu zen, eta Nafarroako beste ikastetxe batzuetan garatu ahal izatea aurreikusten da, gaztelaniaz, euskaraz eta ingelesez. Informazio gehiago jasotzeko eta antzerki-aurkezpena eskatzeko, Herritarrek Parte Hartzeko eta Boluntariotzako Atalarekin jar daiteke harremanetan participacionciudadana@navarra.es helbide elektronikora idatzita eta 848425444 telefono-zenbakira deituta.

“Haurrek erabakitzeko eta kontuan hartuak izateko eskubidea duzue”

Sodiak eta Seleniak mezu garrantzitsu bat emanez hasi zuten aurkezpena: “Haurrek erabakitzeko eta kontuan hartuak izateko eskubidea duzue”. Baina Garcia Galdeano IPko Lehen Hezkuntzako ikasleak jada ohituta daude gaiak eztabaidatzen eta erabakiak hartzen; beraz, erronkak ez zituen ustekabean harrapatu. Gainera, zereginaren zati bat eginda zuten; izan ere, eskolan aurrez prestatu zituzten zazpi proposamen, eta, egun horretan, eztabaidatu, bozkatu eta erabaki ahal izan zuten. Hona hemen zazpi proposamenak: sukaldaritza-tailerra egitea, kanpamentura joatea, zinemara joatea, igerilekura joatea, egun libre bat izatea, aire libreko jarduera gehiago egitea eta lasaitasunerako txoko bat sortzea.

Erabakia hartzeko prozesuaren barruan, lehenik eta behin rolak banatu zituzten. Horretarako, Sodiak eta Seleniak, entzule gazteak harritzeari utzi gabe eta beharrezko guztiarekin behar bezala ekipatuta, zazpi koloretako zintak zituzten ontziak prestatu zituzten. Haur bakoitzak, txandaka, zinta bat atera zuen, eta kolore bereko zintak zituztenenekin taldea osatu behar zuen. Era horretan, hainbat talde eratu ziren, eta bakoitzak ikastetxeko kolektibo bat ordezkatu zuen: garbiketakoak, irakasleak, ikasleak, zuzendaritza-taldea eta familiak, gainerako pertsonen lekuan jartzen ikasteko eta aukerak beste ikuspegi batzuetatik aztertzeko.

Sodiak eta Seleniak erabakiak hartzeko erremintaren faseak azaldu zizkieten: gehien gustatzen zaien proposamena taldean eztabaidatzea, taldean erabakitzea, biltzarra osatzea (talde guztiak bateratzea) eta azken erabakia hartu eta bozketa egitea.

Biltzarra prestatzeko, beharrezkoa da hitz egiten eta entzuten dakien eta akordioetara iristeko gaitasuna duen bozeramaile bat izatea. Horretarako, talde bakoitzak bozeramaile bat aukeratu zuen, eta bakoitzaren taldeak hautatutako osagarriekin eginkizun garrantzitsua betetzeko behar bezala prestatuta, beren taldeak gidatu zituzten bi proposamen gustukoenak hautatzeko eta, ondoren, azken batzarrean, entzuleen aurrean defendatzeko.

Zazpi bozeramailek beren aukera hautatzeko izan zituzten arrazoiak azaldu zituzten. Modu horretan, zuzendaritza-taldeak igerilekua eta zinema aukeratu zituen, ikasle guztiek arazorik gabe parte har dezaketelako; ikasleen taldeak kanpamentua eta zinema hautatu zituen, ikastetxetik kanpoko jarduerak behar dituztelako; irakasleen taldeak, berriz, igerilekua eta aire librean eguna pasatzea aukeratu zituen, dirurik ez gastatzeko eta hobeto igeri egiten ikasteko; garbiketa-taldeak igerilekua eta egun librea nahiago izan zituen, doakoa izateagatik; familien taldeak kanpalekua eta igerilekua aukeratu zituen, ondo pasatzeko eta aire librean egoteko; irakasleen taldeak kanpalekua eta igerilekua aukeratu zituen, dibertitzeko eta erabilgarriak direlako; eta ikasleen taldeak sukaldaritza eta denbora librea hautatu zituen, ikasteko eta ondo pasatzeko.

Behin aukera eta arrazoi guztiak azalduta, bozeramaileak beren taldearekin bildu ziren berriro, entzundako argudioak medio iritziz aldarazi ziren ikusteko. Beraz, bi aukera zeuden: proposamena berrestea edo aldatzea.

Azkenik, egun bat igerilekuan igarotzea erabaki zuten, eta, haren ondoren, oso gertu, kanpamentura joatea. Dokumentu batean jaso zuten, bozeramaileek eta ikasleen tutoreek sinatuta, eta adostutako jarduera hurrengo asteetako batean egiteko konpromisoa hartu zuten.

Gobernuserako bidaia, Gobernu Irekiaren planeta: komikia

Jardunaldiari amaiera emateko, haur bakoitzari Gobernuserako bidaia komikiaren ale bana eman zioten. Gobernu Irekiaren planeta. Pertsonen adinarekin bat datorren hizkuntza erabiliz, komikiaren helburua da gobernu ireki, garden eta parte-hartzailearekin loturiko kontzeptuak hurbiltzea. Gainera, denbora-pasen separata bat du, eta Belatz marrazkilariak (Mikel Santos) egin du, Lehendakaritza eta Gobernu Irekiaren zuzendaritza nagusiak aginduta.

6.000 unitate inprimatu dira gaztelaniaz zein euskaraz, eta Nafarroako ikastetxeetan eta haurrekin loturiko erakundeetan banatuko dira, Gobernu Irekiaren esanahiari eta kontzeptuari buruzko informazioa eman eta hausnartzeko aukera izan dezaten.

Antzerti-formako gidoia Urtxintxarekin (Aisialdi eta denbora libreko eskola) lankidetzan egin da, Sandra Aguerri (Sodia) eta Maialen Diaz (Selenia) aktoreen eskutik.

Haurren eta gazteen parte-hartzea, eskubide indibidual eta kolektiboa

Haurrek eta nerabeek parte hartzeko duten eskubidea Haurren Eskubideei buruzko Konbentzioan onartuta dago, Nazio Batuen Batzar Nagusiak 1989an onartutako Konbentzioan. Konbentzio horretan, aitortzen da haurrek beren ikuspuntuak adierazteko eta askatasunez eta borondatez iritzia emateko duten gaitasuna eta eragiten dieten gai guztietan entzunak izateko eta haien iritziak serio eta haien heldutasun-mailaren arabera hartzeko duten eskubidea.

Baina haurren parte-hartzea, eskubide indibiduala zein kolektiboa izateaz gain, demokrazia eraikitzeko prozesua hobetzeko estrategia bat da; izan ere, parte hartzeko eskubideaz baliatuta, haurrek rol aktiboa dute beren komunitatean, aldaketarako gizarte-eragiletzat hartzen dira, tolerantzian oinarritutako portaera demokratikoekin, ezberdintasunak barne, eta bertakoa sentitzearen, justiziaren eta herritartasun globalaren inguruan zentzu handia dute. Eskubide hori erakundeek sustatu, bermatu eta babestu behar dute.

Nafarroan, Nafarroako Parte-hartze Demokratikoari buruzko martxoaren 22ko 12/2019 Foru Legeak titulu oso bat eskaintzen dio haur eta nerabeen parte-hartzeari. Horrez gain, haurren parte-hartzea hezkuntza-arloan bultzatzea proposatzen da. Horretarako, ikastetxeetako irakasleak eta zuzendaritza-taldeak prestatu behar dira, eta ikastetxeei parte hartzeko eskubidea irakaskuntzaren ikuspegitik ez ezik, praktikatik bertatik ere sartu ahal izateko tresnak eman behar zaizkie.