2024ko maiatzaren 10a

‘Navarrefa’ foroak POCTEFA programaren mugaz gaindiko proiektuen onuradun berriak bildu ditu Foru Komunitatean

Ana Ollo lehendakariordeak lankidetza nabarmendu du Nafarroako eragileekin sare-lana sortu nahi duen ekitaldian
Ollo kontseilaria eta Pello Pellejero Eskualdeen Arteko Lankidetzaren eta 
Kanpoko Herritarren Zerbitzuko zuzendaria, beren hitzaldian
camera_alt Ollo kontseilaria eta Pello Pellejero Eskualdeen Arteko Lankidetzaren eta Kanpoko Herritarren Zerbitzuko zuzendaria, beren hitzaldian  Deskargatu irudia collections Irudi galeria

Ana Ollo bigarren lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarko kontseilariak mugaz gaindiko lankidetzaren balioa nabarmendu du, Interreg VI-A Espainia-Frantzia-Andorra POCTEFA 2021-2027 Europako programaren lehen deialdiaren onuradun izan diren Nafarroako ia ehun eragileren aurrean. Ollo lehendakariordeak Kanpo Ekintzako Zuzendaritza Nagusiak antolatutako ‘Navarrefa’ foroaren irekieran parte hartu du. Foroaren helburua POCTEFAren informaziorako, kapitalizaziorako eta sare-lanerako Nafarroako gunea izatea da.

Ollo lehendakariordearen hitzetan, Nafarroako Gobernuaren “apustu europazaleak eta mugaz gaindiko espazioaren aldeko apustu horrek berresten digute Europa egunez egun, eremuz eremu, ideiaz ideia, proiektuz proiektu eraikitzearen garrantzia, apustu estrategiko eta programatikoa hain zuzen ere”. Horrela, Ollok eragile nafarrei haiek kudeatzen dituzten eta parte hartzen duten “POCTEFA proiektu horiek finantzaketa-funtsak eta jarduerak baino zerbait gehiago” direla adierazi du. Halaber, “Kanpo Ekintzako Planaren barruan dagoen mugaz gaindiko espazioaren ardatza indartzea helburu duen konpromiso instituzional eta politiko baten parte eta emaitza dira, eta Nafarroako Gobernuarentzat funtsezkoa da Nafarroako gizarte- eta lurralde-kohesioan”.

Aurtengo edizioan, ‘Navarrefa’ foroak POCTEFAren esparruan onartutako Europako edozein proiektuk kudeatu behar dituen lehen gaietako bi jorratu ditu: hainbat herrialdetako bazkideen arteko koordinazioa eta Europako Batzordeak ezartzen dituen komunikazio-betebeharrak. 

Ekitaldian izan dira Valeria Cenacchi, Europako Batzordeko Regio Zuzendaritza Nagusiko POCTEFAko arduraduna; Sergio Pérez, Kanpo Ekintzako zuzendari nagusia; Pello Pellejero, Eskualde arteko Lankidetzarako eta Kanpo Herritartasunerako Zerbitzuko zuzendaria; eta Marina Roncal, Mugaz Gaindiko Lankidetzarako Ataleko burua (guztiak Nafarroako Gobernukoak); Idoia Arauzo, Pirinioetako Lan Elkarteko (PLE) UD2 Garapen Unitateko arduraduna, POCTEFAko kudeaketa-agintaritza dena; Cristina Igoa, CTP/POCTEFAko komunikazio-arduraduna; Andrea Chocarro, AEHNko komunikazio-arduraduna, eta Victor Aierdi, Lursareko zuzendaria.

POCTEFA 2021-2027 programa INTERREG VI-A Espainia-Frantzia-Andorra programaren akronimoa da. Programa hori hiru herrialdeen arteko mugako lurraldearen garapen iraunkorra sustatzeko sortu zen. Zonalde honetako integrazio ekonomikoa eta soziala indartzeko laguntza finantzario komunitarioaren seigarren belaunaldia da. POCTEFAk Pirinioen bi aldeetako eragileek diseinatu eta kudeatutako mugaz gaindiko lankidetza-proiektuak finantzatzen ditu, mugako itsasertzeko eremuak ere barne.

Programa hau kudeatzeko agintaritza Pirinioetako Lan Elkartea da, eta haren gobernantzan parte hartzen du Nafarroako Gobernuak, Kanpo Ekintzako Zuzendaritza Nagusiaren bitartez. Nafarroaz gain, partzuergoa osatzen dute Euskadik, Aragoik eta Kataluniak, hegoaldean; Akitania Berriak eta Okzitaniak, iparraldean; eta Andorrako Estatuak.