Descárgate la app
“Deskarbonizatu zure ikastetxea” lehiaketaren bigarren edizioa ireki dute
2026ko azaroaren 6a
“Deskarbonizatu zure ikastetxea” lehiaketaren bigarren edizioa ireki dute
Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuak, haren Trantsizio Energetikoaren Zerbitzuaren bidez eta Nasuvinsa Lansarearen lankidetzaren bidez, eskola-lehiaketa hau egin du. Lehiaketa horrek xede du ikasleek ezagun izatea trantsizio energetikoarekin eta klima-aldaketarekin lotutako gako-kontzeptuak. Aurreko edizioaren aldean, oraingoan Nafarroako ikastetxeetako Lehen Hezkuntzako hirugarren zikloko (5. eta 6. maila) ikasle guztiek parte har dezakete, nahiz eta proiektu bakarra aurkez daitekeen gelako.
Erronka onartzen duten ikasleek gehienez 3 minutuko iraupena duen bideo bat egin beharko dute, beren ikastetxean garatu duten edo garatzen ari diren deskarbonazioarekin lotutako praktika bat azaltzeko. Bideoan, besteak beste, honako hauekin lotutako ekintzak erakuts dezakete: energia aurreztea edo ur-kontsumoa aurreztea, karbono-aztarna txikiagoa duten materialak erabiltzea, kontsumo arduratsua eta berrerabiltzeko eta birziklatzeko proposamenak, joan-etorrietarako mugikortasun jasangarria edo ikastetxeko ingurumen-ingurunea hobetzea, eta ingurumen-hezkuntzako jarduerak.
Bideoa horizontalean grabatu eta mp4 formatuan entregatu beharko da, eta alderdi hauetakoren bat jaso beharko du: praktikaren helburua eta azalpena, praktikak ikastetxeko edota ikasleen eguneroko bizitzan duen aplikagarritasuna, eta Nafarroako Eskola Iraunkorren Sarearen aipamen bat.
Zer egin behar du ikastetxeak izena emateko?
Lehiaketan izena eman nahi duten ikastetxeek gaurtik abenduaren 2ra bitartean eman dezakete izena, lehiaketaren izapide-fitxaren bidez.
Izena eman ondoren, ikasleek lan bakarra aurkeztu beharko dute izena eman duten gela bakoitzeko, 2027ko martxoaren 18a baino lehen.
Jasotako proiektu guztiak Nafarroako Trantsizio Energetikoaren Atarian argitaratuko dira, baita egoki iritzitako Nafarroako Gobernuaren gainerako hedabideetan ere. Ondoren, argitaratutako proiektuak 15 egun naturaleko epean bozkatuko dira. Boto gehien jaso dituzten lau bideoak finalerako sailkatuko dira, eta parte-hartzaileek beren sorkuntzak jendaurrean erakutsi beharko dituzte. Final honetan emanen da jakitera bigarren edizio honetako irabazlea.
Saria gela osoarentzako bi eguneko irteera izanen da Nafarroako abentura-parke batera. Ikastetxetik autobus bidezko garraioa, gau bat igarotzea, mantenua eta abentura-parkeko jarduerak hartzen ditu barne.
Lehiaketan parte hartzeko oinarriak hemen kontsulta daitezke.