Pedro Zaro, Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuko zuzendaria

Francisco Javier Baldanta ordezkatuko du
2022ko urtarrilaren 26a

Nafarroako Gobernuak, gaurko bilkuran, foru dekretu bat onetsi du Pedro Zaro Loperena Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuko Barne Zuzendaritza Nagusiko Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuko zuzendari berri izendatzeko.

Francisco Javier Baldanta Petrirena ordezkatuko du, berak eskatuta kargua utzi baitu. Foru Exekutiboak eskerrak eman dizkio ibilbidean zehar egindako lanarengatik eta izandako konpromisoarengatik.

Zaro Suhiltzaileen Zerbitzuan lanean ari da 1988az geroztik, eta haren izendapena otsailaren 3an sartuko da indarrean.

Segurtasuna indartzea eta Larrialdietan erantzutea

Era berean, Gobernu-bileraren ondorengo prentsaurrekoan izendapena iragarri eta gero, lehendakariorde eta Lehendakaritza, Berdintasun, Funtzio Publiko eta Barneko kontseilari Javier Remirezek Zerbitzuaren jarduera nabarmendu du; izan ere, 2021ean, guztira 11.562 esku-hartze egin zituen, horien %49,83 salbamendukoak. Modu horretan, Nafarroako Gobernuak zerbitzu horretarako beharrezko baliabideak jartzeko egindako apustua azpimarratu du.

Ildo horretan, plantilla behar bezala dimentsionatzeko egindako lana baloratu du Remirezek: “legegintzaldia amaitzean 127 lanpostu deitzeko konpromisoa hartu genuen, eta hori betetzeko ahalegin handia egiten ari gara”.

Gogoratu behar da iazko urtearen amaiera aldera onartutako 2021eko EPEak suhiltzaileentzako 90 plaza, ofizialentzako 5 plaza eta ofizialordeentzako 24 plaza biltzen dituela; hots, guztira 119 plaza Zerbitzua dimentsionatzeko. Bestetik, aurrekontuei dagokienez, Remirez lehendakariordeak azpimarratu du milioi bateko igoera egin dutela iaz deitutako 37 plaza berri sartzeko. 2020az geroztik, Zerbitzuaren aurrekontua %8,55 handitu da.

Azkenik, “segurtasuna indartzearen eta larrialdien aurrean erantzutearen aldeko apustu argia” nabarmendu du Javier Remirezek, Administrazio Guneko plazen %72 baino gehiago (zehazki, 214) arlo horretan langileak indartzera bideratu dela gogoraraztearekin batera. Halaber, Suhiltzaileen parke berri bat abian jartzeko lanak nahiz ibilgailuak berritzeko lanak aipatu ditu.