Descárgate la app
"Ondare berpiztua" erakusketa Nafarroako Liburutegian
"Ondare berpiztua" erakusketa Nafarroako Liburutegian
Irailaren 23tik azaroaren 30era, Nafarroako Liburutegiak "Ondare berpiztua" erakusketa eskainiko du eraikinaren bigarren solairuan.
Batez ere erakusketa didaktikoa da, Dokuzain enpresarekin batera diseinatua eta landua, azken hiru urteetan Nafarroako Liburutegirako egin dituzten zaharberritze-lanetan oinarrituta.
Beira-arasetan ikusgai dauden Nafarroako ondare bibliografikoko zazpi piezetako bakoitzean egindako lanak xehetasunez azaltzeaz gain, zortzi paneletan grafikoki ilustratzen ditu liburu eta dokumentu zaharrak zaharberritzeko egin ohi diren ekintzak.
Erakusketa osatzeko, beira-arasa bat dago, non prozesu horietan profesionalek erabiltzen dituzten tresnen eta materialaren lagin bat erakusten den, eta baita laborategira iritsi ohi diren egoeran dauden bost liburu ere: hezetasun-zantzuekin, intsektu bibliofagoek jota, onddoekin, karraskarien eraginez papera galduta eta abar.
Azkenik, 11 minutuko bideo bat, "Zaharberritze prozesuak liburu zahar batean/Liburu zahar baten 11 zaharberritze prozesu" izenekoa, espreski jarritako telebista-pantaila batean buklez erreproduzitzen da, soinurik gabe (erakusketa irakurketa postuen ondoan baitago), baina gaztelaniaz eta euskaraz azpititulatuta. Bideo honek Susana Leonek eta bere taldeak Iruñeko laborategian egindako lanen grabazioa jasotzen du, paneletan eta beira-arasetan agertzen den informazioa osatuz.
Erakusketa honen bidez, Nafarroako Liburutegiak kontserbatzaile-zaharberritzaile lanbidea ikusarazten eta balioesten lagundu nahi du, eta bisita-ordutegia liburutegiaren irekiera-ordutegiarekin bat dator: astelehenetik ostiralera goizeko 8:30etatik arratsaldeko 8:30etara. Eta, urritik aurrera, larunbatetan ere bai, goizeko 8:30etik 13:30tara.