Liburuaren Eguna dela eta, Nafarroako liburutegi publikoetan jarduerak

2025ko apirilaren 23a
camera_alt Deskargatu irudia collections Irudi galeria

Nafarroako liburutegi publikoek bat egiten dute apirilaren 23an ospatzen den Liburuaren Eguneko jaiarekin, eta publiko guztiei zuzendutako dozenaka jarduera antolatzen dituzte. Gainera, María Moliner liburuzain, lexikografo eta Diccionario de uso del español liburuaren egilea omentzen duen kartel bat argitaratu dute, gaztelaniaz eta euskaraz, bere jaiotzaren 125. urteurrenean.

"Liburuaren eta Egile Eskubidearen Munduko Eguna" 1995ean ezarri zuen Unescoren Konferentzia Orokorrak. Apirilaren 23an ospatzen da, Cervantes, Shakespeare, Vladimir Nabokov eta Josep Pla idazle ospetsuen jaiotza edo heriotza data baita.

Jardunaldi honen helburua irakurzaletasuna sustatzea, egileen figura ezagutzea eta herrialde bakoitzeko argitaletxeen industria indartzen saiatzea da.

Jarduerak eta kartela

Liburutegiek antolatutako proposamenen artean, Nafarroako egileekin topaketak, liburuen aurkezpenak, mahai-inguruak edo erakusketak daude. Euskarazko irakurketa-kanpainak, ipuin-maratoiak eta ahozko narrazio-saioak, giza liburutegiak, haurrentzako edo familientzako tailerrak eta herrian jaiotako umeei "lehen liburua" ematea ere sartzen dira. Beste jarduera batzuk liburuen azoka solidarioak eta scape room direlakoak dira. Jarduerak esteka honetan kontsulta daitezke.

Gainera, Liburuaren Eguna dela eta, urtero kartel bat argitaratzen da sare publikoko 100 liburutegien artean. Oraingo honetan, omenaldia egin nahi izan zaio María Moliner liburuzain, lexikografo eta Diccionario de uso del español liburuaren egileari.

Maria Moliner Misio Pedagogikoen sustatzailea ere izan zen, eta joan den mendeko 30eko hamarkadako Espainiako landa-eremuko herri askotara herri-liburutegien sare bat eraman zuten, Gerra Zibilak eten zuen proiektua. Kartelak, Welldone Estrategias De Comunicación SL estudioaren diseinuak, María Molinerren esaldia errepikatzen du, bere pentsamendua eta lana hobekien definitzen dituena: "Edozein liburu, edonon, edonorentzat". Kartela gaztelaniaz eta euskaraz inprimatu da.