2024ko abuztuaren 6a

Bulego mugikor berri bat ibiliko da Nafarroan, Administrazioaren zerbitzuak landa eremura hurbiltzeko

Taberna lehendakariordeak nabarmendu duenez, bulego ibiltari honen irekierak herritarrekiko arreta- eta harreman-eredu berri bati erantzuten dio, hurbiltasunean, proaktibitatean, entzute aktiboan, irisgarritasunean eta inklusioan oinarrituta.
Una nueva oficina móvil de atención ciudadana recorrerá Navarra Irudi galeria

Una nueva oficina móvil de atención ciudadana recorrerá Navarra

Lehendakaritza eta Berdintasun Departamentuak, NASERTIC enpresa publikoaren bitartez, 2025. urtearen hasieran bulego mugikor berri bat jarriko du martxan Nafarroan zehar, administrazioaren zerbitzuak landa-ingurunera hurbiltzeko.

Horrela jakinarazi du Felix Taberna lehen lehendakariordeak eta Lehendakaritza eta Berdintasuneko kontseilariak, prentsaurreko batean. Harekin batera izan da, baita ere, Lehendakaritza, Gobernu Ireki eta Nafarroako Parlamentuarekiko Harremanetako zuzendari nagusia den Joseba Asiain.
Bulego mugikor berria atoi egokitu batean kokatuko da, irigarritasunean, inklusioan eta ingurumen-iraunkortasunean oinarrituta.

Taberna lehendakariordeak nabarmendu du bulego hori Gobernu Irekiaren I. Planaren baitan irekiko dela, eta, era horretan, “Nafarroako Gobernuak herritarrak artatzeko eta haiekin harremanetan jartzeko eredu berriarekiko duen konpromisoari erantzuten diola, gertutasuna, proaktibitatea, entzute aktiboa, irisgarritasuna eta inklusioa bezalako balioak kontuan hartuta”.

Gune ibiltari berri horretan, Administrazioarekin egin daitezkeen zerbitzu eta izapideei buruzko informazioa eskainiko da. Erregistro-erakunde gisa erabili ahal izango da, dokumentu pribatuen kopiak legeztatuko ditu eta dokumentu publikoak konpultsatuko ditu, Administrazioarekin izapideak egiteko beharrezkoak badira. Halaber, kexak, iradokizunak eta hobetu daitezkeen arloak jaso eta bideratuko ditu. Era berean, pertsonen nortasun digitala kudeatu ahal izango da, administrazio publikoen izapideak Internet bidez egin ahal izateko; modu horretan, landa-ingurunean ziurtagiri digitala edo  Cl@ve sistema lortzeko kudeaketak erraztuko ditu. 

Arretak aurretiko hitzorduarekin eta aurretiko hitzordurik gabe
Gogoratu behar da Nafarroako Gobernuak Herritarren Arretarako eta Erregistrorako dituen bulegoetan, aurretiko hitzordurik gabeko aurrez aurreko arretaren modalitatea berreskuratu zutela azaroan, ordura arte derrigorrezkoa zena. Modu horretan, aurrez aurreko arreta eskaintzen duten orain lehen orduan, aurretiko hitzordurik gabe, 09:30ak arte, eta gainerako ordutegian (09:30 – 14:30) hitzordua erreserba daiteke, Tuterako bulegoan izan ezik, 17:45 arte egoten da-eta zabalik. Hala ere, tartean hutsuneak izanez gero, ordua hartu gabe joaten diren pertsonak artatzen dira.

Zerbitzuaren hobekuntza hori Nafarroako Gobernuak, 2023ko lehen seihilekoan, Erregistro eta Herritarren Arretarako bulegoetan 2.400 pertsona baino gehiagori egindako inkestaren bidez gertatu da; izan ere, herritarrek bertan nola artatuak izatea nahi zuten jakin nahi zen (aurretiko hitzorduarekin, aurretiko hitzordurik gabe, sistema mistoarekin,…).

%56 aurretiko hitzorduarekin jarraitzearen alde agertu zen, eta hiru pertsonatatik batek (%32) aurretiko hitzordurik gabe artatzea hautatu zuen. Gainera, ehuneko bera erregistratu zen Parte hartu, Nafarroa! Atariaren bidez herritar guztiei egindako inkesta irekian.
Eredu misto berri horri esker, Administrazioa herritar guztien beharretara egokitu daiteke, erabilerraztasuna hobe dezake kolektibo kalteberen autonomia errazteagatik, talde horiek kolpatzen ditu-eta gehien eten digitalak, eta herritar guztientzako harreman inklusiboagoa ekar dezake. Azken finean, ematen den zerbitzu publikoa hobetzen jarraitzea da helburua.

2024ko urtarrilaren 1etik maiatzaren 31ra, guztira 50.647 pertsona hurbildu dira aurrez aurre erregistrorako eta herritarrak artatzeko 23 bulegotara. Horietatik 22.321 hitzorduarekin artatu ziren eta 28.326 hitzordurik gabe. Soilik 50 lagun ez ziren artatu unean bertan, 09:30etik 14:30era bitarteko tartean aurretiko hitzordurik gabe joateagatik, baina hurrengo egunerako ordua hartuta alde egin zuten.

Ordu-tarteen arabera, 10.581 pertsona aurretiko hitzordurik gabe artatu ziren horretarako ofizialki jarritako ordutegian; hau da, 9.30 arte. Gainera, 09:30  – 14:30 artean, guztira 22.321 lagun artatu zituzten aurretiko hitzorduarekin eta beste 17.745 lagun aurretiko hitzordurik gabe, horretarako langileak izateagatik.

Aurretiko hitzordua duen eta aurretiko hitzordurik ez duen arreta konbinatzen duen sistema misto berri hori ezarri zenetik, herritarrek ez dute inolako kexarik aurkeztu. Aurreko urteetan, berriz, bi erreklamazio ezarri ziren 2021ean, hiru kexa 2022an eta guztira hiru erreklamazio 2023an.
Hurrengo hobekuntza-arlo gisa, Foru Exekutiboak hitzordu-sistema, informazioa eta hitzordua duten eta hitzordurik ez duten pertsonen fluxua hobetzea aurreikusten du, gogobetetze-datuak eta -inkestak izatearekin batera, besteak beste.

Herritarren Arretarako eta Erregistrorako 25 bulego eta Ogasunerako 5 bulego
Gogoratu behar da Nafarroako Gobernuak Herritarren Arretarako bi bulego dituela Iruñean (Orreaga etorbidea, 11) nahiz Tuteran (Foruen plaza 5-6).

Gainera, Erregistrorako 23 bulego daude guztira, Nafarroako geografiako puntu ezberdinetan banatuta. 

Iruñean:

  1. Kultura (Nabarreria  kalea, 39)
  2. Lurralde Kohesioa (San Inazio etorbidea, 3)
  3. Hezkuntza (Santo Domingo aldapa, z/g)
  4. Etxebizitza (Alondegia kalea, 1, 1. solairua).
  5. Osasuna. NOZ-Osasunbidea (Tutera kalea, 20)
  6. Eskubide Sozialak (Gonzalez Tablas kalea, 7)
  7. Landa Garapena eta Ingurumena (Gonzalez Tablas, 9)
  8. NOPLOI Osasun Publikoa  (Leire kalea, 15)
  9. Kontsumoa eta Arbitrajea (Amaia kalea, 2ª behea)
  10. Landa-errentamendua (Gonzalez Tablas kalea, 9)
  11. Nekazaritzako makineria (Gonzalez Tablas kalea, 9)
  12. Nafarroako Gazteriaren Institutua (Yanguas y Miranda kalea, 27 behea)
  13. Nafarroako Ospitale Unibertsitarioa (Irunlarrea kalea 3, Pabiloi urdina)
  14. Justizia (Iratxeko Monasterioa, 22)
  15. NOPLOI Lan Osasuna (Landaben Poligonoa, E eta F kalea)

Tuteran:

  1. Landa Garapena eta Ingurumena (Aranaz y Vides kalea, 11)
  2. Sofia Erregina Ospitalea (Tarazona errepidea, z/g)

Lizarran:

  1. Landa Garapena eta Ingurumena (Sta. Barbara kalea, 2)

Tafallan: 

  1. Landa Garapena eta Ingurumena (Behe Nafarroa etorbidea, 14)

Landa Garapen eta Ingurumeneko beste lau bulego daude Elizondon (Santiago kalea, 55), Irurtzunen (Trinitatea kalea, 24), San Adrianen (Santa Gemma kalea, 89) eta Zangozan (Irunberri etorbidea, 13).

Bestalde, zergadunari laguntza emateko bost bulego daude Nafarroan: bat Iruñean (Ezkirotz, 16), beste bat Tuteran (Nafarroako Foru Ogasunaren lurralde-bulegoa, Antso VII. Gotorlekua, 8an), beste bat Lizarran (Koroatze plaza, 2), beste bat Tafallan (Cuatropea kalea, 2) eta beste bat Donezteben (Merkatari kalea, 6).

Herritarren Arretarako eta Erregistro bulegoek Nafarroako Gobernuarekin egin daitezkeen izapide eta zerbitzuei buruzko informazioa eskaintzen dute. Erregistro-erakunde gisa jarduten dute, eta, gainera, horitako askok dokumentu pribatuen kopiak legeztatu eta dokumentu publikoak konpultsatzen dituzte, Nafarroako Gobernuarekin izapideak egiteko beharrezkoak badira.

Era berean, gehienek pertsonen nortasun digitala kudeatzen dute, Internet bidez Herri Administrazioen izapideak egin ahal izan ditzaten. Azkenik, kexak eta iradokizunak jaso eta bideratu ere egiten dituzte.