2024ko abenduaren 16a

Nafarroako zazpi proiektu finantzatuko ditu Euroeskualdeak I. Berrikuntza deialdian

Gaur goizean Iruñean egin den Euroeskualdeko Batzorde Executiboan, besteak beste, bertako sagarrarekin egindako sagardoari buruzko Babestutako Jatorri Deitura (BJD) proiektua finantzatuko da, Europako mugaz gaindiko lehenengoa
Ezkerretik eskuinera, Leyre Azcona, Euroeskualdeko lurralde-lankidetzako 
arduraduna; Iñaki Martínez de Vírgala, Nafarroako Gobernuko Eskualdeen 
arteko Lankidetzaren eta Kanpoko Herritartarren Zerbitzuko zuzendaria; 
Arola Urdangarin, Euroeskualdeko zuzendaria; Mathieu Bergé, Euroeskualdeko 
Nouvelle Aquitaineko kontseilari delegatua; Ollo lehendakariordea; Mikel 
Antón, Eusko Jaurlaritzako Europako Gaietarako zuzendaria; eta Ohiana 
Porcheron, Euroeskualdeko proiektuen kudeaketan laguntzailea
Ezkerretik eskuinera, Leyre Azcona, Euroeskualdeko lurralde-lankidetzako arduraduna; Iñaki Martínez de Vírgala, Nafarroako Gobernuko Eskualdeen arteko Lankidetzaren eta Kanpoko Herritartarren Zerbitzuko zuzendaria; Arola Urdangarin, Euroeskualdeko zuzendaria; Mathieu Bergé, Euroeskualdeko Nouvelle Aquitaineko kontseilari delegatua; Ollo lehendakariordea; Mikel Antón, Eusko Jaurlaritzako Europako Gaietarako zuzendaria; eta Ohiana Porcheron, Euroeskualdeko proiektuen kudeaketan laguntzailea  Deskargatu irudia Irudi galeria

Nafarroako Gobernuko lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilari Ana Ollo buru dela, Euroeskualdeko Batzorde Exekutiboa izan da gaur goizean Iruñean, eta bertan onartu da «Euroeskualdeko berrikuntza» 2024 Proiektuen Deialdia. Akitania-Berriaren, Euskadiren eta Nafarroaren arteko mugaz gaindiko 7 lankidetza-proiektu finantzatuko dira, 400.040 eurorekin. Osasunaren, fabrikazio aurreratuaren, nekazaritzako elikagaien industriaren, energia berriztagarrien eta sormen- eta kultura-industrien arloetan hiru aldeko partzuergoek aurkeztutako 22 hautagaitzaren artean aukeratu dira proiektuak.

Gainera, Euroeskualdeak bultzatzen dituen hainbat ekintza eta programaz hitz egin da gai-zerrendan, hala nola Nafarroako Merkataritza Ganberak parte hartzen duen "Euroeskualdeko merkataritza" lankidetza estrategikoaz edo Bioosasun Jardunaldiez. Gainera, mugaz gaindiko informazio-jardunaldien ondorioak azaldu dira, mugaz gaindiko langileek dituzten arazo nagusien diagnostikoa izateko.

Proiektuak

Fabrikazio aurreratuaren, aeronautikoaren eta mugikortasun elektrikoaren arloan, Nafarroako Unibertsitate Publikoa buru duen MMAM proiektuak fabrikazio gehigarria teknika tradizionalekin integratu nahi du, arinagoak, zehatzagoak eta iraunkorragoak diren erreminta-etxe pertsonalizatuak garatzeko. AM multimaterialaren teknologia aurreratuen bidez, diseinuak optimizatzen dira eta hozte-sistema berritzaileak txertatzen dira, erreminten errendimendu dinamikoa eta iraunkortasuna hobetzeko. Ekimen honek iraunkortasuna ere sustatzen du, hondakinak eta ekoizpen-denborak murriztuz. Haren ikuspegiak aplikazio-ahalmen handia du funtsezko sektoreetan, hala nola automobilgintzan eta aeronautikan.

Osasun arloan, KARDIO3D hautatu dute, Nafarroako Unibertsitatearen gidaritzapean. Proiektuaren helburua GMPrekin (Fabrikazio Jardunbide Egokiak) bateragarria den hiru dimentsioko giza ehun kardiakoa garatzea da, miokardioko infartuari aurre egiteko irtenbide berritzaile bat eskaintzeko. 3D bioinprimaketa eta birprogramazio zelularra bezalako teknologia aurreratuak erabiliz, bihotzekoaren ondoren bihotzaren birsortzeko gaitasun mugatua konpentsatuko duen produktu terapeutiko aitzindari bat sortzearen bideragarritasuna ebaluatuko da.

Nekazaritzako elikagaien industriari dagokionez, lau proiektu aukeratu dira. RetPIM2 proiektuak AOP Pimientd d "Espelette sindikatua du taldeburu, eta NAEN Euroeskualdeko piper-ekoizleen arteko mugaz gaindiko lankidetza indartzea du helburu. RetPIM proiektuan hasi zen, funtsezko erronkei helduz, hala nola laboreen osasuna, trazabilitatea eta merkatuko bereizketa. Gainera, kalitatezko markek babestutako produktuen lehiakortasuna hobetzea, kontsumitzaileak sentsibilizatzea eta sektorean iraunkortasuna sustatzea bilatuko da.

Gipuzkoako Sagardogileen Elkartea buru duen MALUS BAT proiektuaren helburua Euroeskualdean sagar autoktonoarekin egindako sagardoarentzat mugaz gaindiko Jatorri Deitura Babestua (BJD) ezartzea eta sendotzea da. Euskal Sagardoa, Euskal Sagardoa Gazi-gozoa eta Euskal Sagardo Aparduna babestutako hiru produktuak kudeatuz sagardoa ekoizten eta egiten duten sektoreak indartzea du helburu. Proiektuak barne hartzen ditu kudeaketa-organoak sortzea, datozen bost urteetarako plan estrategiko bat garatzea eta mugaz gaindiko lantaldeak sendotzea.

ERLE-TEK proiektuak, ERBEL buru duela, tokiko erle beltza babestu eta indartu nahi du, aukeraketa genetikoko eta doitasun handiko monitorizazioko teknika aurreratuak integratuz. Sentsoreen eta bideozaintzaren bidez, denbora errealean monitorizatuko dira zantarren ekoizpena eta erlauntzen osasuna, erleen kalitate genetikoa optimizatuz. Ikuspegi honen helburua gaixotasunekiko eta klima-aldaketarekiko erresistentzia hobetzea da, funtsezko laboreen polinizazio eraginkorra ziurtatuz eta erlezaintzan galerak murriztuz, Euroeskualdean erlezaintzaren epe luzerako iraunkortasuna bermatuz.
Azkenik, INTIA buru duen ABENA proiektuaren helburu nagusia Betizu behia babestea da, Euroeskualdean mugaz gaindiko sare bat sortuz. Ekimen honen helburua ezagutza eta esperientzien trukea sustatzea da, bertako arraza hori bere ingurune naturalean kontserbatzeko, lurralde-kudeaketarako eta jasangarritasunerako diagnostiko bat eta plan estrategiko bat egiteko. Lankidetza-ikuspegiaren bidez, proiektuak Betizu babesten lagundu nahi du, bai eta nekazaritza-ekologiako trantsizioan berrikuntza bultzatu ere.

Energia berriztagarrien arloari dagokionez, BIOHEAT izan da hautatutako ekimena, Nafarroako Unibertsitate Publikoak gidatutako proiektua. Proiektuaren ardatza energia termikoa biltegiratzeko material aurreratuak garatzea da, fase-aldaketa duten materialak (PCM) elektrospinning erabiliz zuntz polimeriko nano/mikrometrikoetan kapsularatuz. Horretarako, jatorri biologikoko baliabide berriztagarriak erabiliko dira, hala nola euli-larben argizaria, behi-seboa eta kalamu-olioa, baita ganaduaren krotaletatik datozen hondakin plastikoak ere. Ikuspegi horren bidez, hondakinak murrizten, energia berriztagarriak erabiltzen eta kudeaketa termikoan soluzio berritzaileak sortzen lagundu nahi da. Soluzio horiek hainbat industriatan aplika daitezke, hala nola ehungintzan, osasungintzan eta autopropultsioan.

«Euroeskualdeko berrikuntza» proiektuen deialdiari buruz

Akitania-Euskadi Nafarroa Euroeskualde Berriak, Euroeskualdearen Berrikuntzarako mugaz gaindiko proiektuen deialdiaren bidez, hiru lurraldeetan komunak diren espezializazio adimenduneko sektore estrategiko eta emergenteetan proiektuak eta eragileak babesten ditu. Euroeskualdeko ekonomia lehiakorra eta digitala garatzen laguntzea da helburua, hiru lurraldeetako osagarritasunen eta sinergien aprobetxamenduan oinarritutako lankidetza-proiektuak abian jarriz.

2015ean sortu zenetik, "Euroeskualdeko Berrikuntza" proiektuen deialdiak 45 ekimeni lagundu die, guztira 2,5 milioi euroko zenbatekoarekin.

Sektore estrategikoak hauek dira: fabrikazio aurreratua, aeronautikoa eta mugikortasun elektrikoa; biozientziak, osasuna eta silver economy; nekazaritzako elikagaien industria eta elikadura osasungarria; energia berriztagarriak; habitat jasangarria, basoa eta zura; eta sormen- eta kultura-industriak eta ikus-entzunezkoen industria.