Descárgate la app
Osasun Departamentuak "Osasun Karpeta Pertsonala: zaintzen zaituen konexioa" kanpaina aurkeztu du, Nafarroako herritarren artean aplikazioaren erabilera sustatzeko
2026ko otsailaren 16a
Osasun Departamentuak "Osasun Karpeta Pertsonala: zaintzen zaituen konexioa" kanpaina aurkeztu du, Nafarroako herritarren artean aplikazioaren erabilera sustatzeko
Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko gerente Jon Guajardok eta Herritarrei eta Pazienteei Arreta emateko zerbitzuburu Asier Pascualek Osasun Departamentuaren kanpaina instituzionala aurkeztu dute gaur goizean: "Osasun Karpeta Pertsonala: zaintzen zaituen konexio bat". Kanpaina honen helburua da Osasun Karpeta Pertsonalaren (CPS) erabilera orokortua bultzatzea, osasun-arreta digitalizatzeko funtsezko tresna gisa, eta aplikazio horrekiko konfiantza handitzea, tresna digitalekin hain ezagunak ez diren taldeen artean arreta jarriz.
Ekimena Osasunbide-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren eraldaketa digitalerako estrategian kokatzen da, eta Europako Next Generation funtsen finantzaketa du, Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren barruan eta Arreta Digital Pertsonalizatuaren Planarekin lotuta; funts horien bitartez, sistema publikoak indartu, erabilerraztasuna hobetu eta osasun hurbilago, digitalago eta erabakigarriago bat lortzeko bidean aurrera egin nahi da.
Osasunbideako kudeatzaileak azaldu duen moduan, “Osasun Karpeta Pertsonala benetako aurrerapena da gardentasunaren, pazientearen autonomiaren, asistentzia-jarraitutasunaren eta antolaketa-eraginkortasunaren aldetik”. Azken finean, osasun-arloko informazioa benetan axola dutenen eskuetan jartzeko modu bat da; hots, pertsonen esku”.
Guajardok baita ere azpimarratu du “ez dela teknologia hutsa. Hain zuzen ere, herritarren eta haien osasun-sistemaren arteko harreman-eredu berri bat da: arinagoa, informatuagoa, parte-hartzaileagoa eta pertsonengan oinarritua: Beraz, funtsezkoa da biztanleek hori ezagutzea, konfiantza izatea eta nola erabili jakitea”.
Funtzionalitate gehiago, kanpaina eta prestakuntza
Osasunbideako Herritarren eta Pazienteen Arretako zerbitzu-burua den Asier Pascualek gogorarazi du zenbait funtzionaltasun sartu direla Osasun Karpeta Pertsonalean azken hilabeteetan; hala nola, irudi diagnostikoak deskargatzea, hitzorduak ezabatzeko aukera, datu administratiboak automatikoki kudeatzea edo dokumentazioa eta irudiak profesionalei bidali ahal izatea. Halaber, sartzeko zorian dauden batzuk aipatu ditu; esate baterako, txertaketa osoaren kartilla, Lehen Arretako hitzorduak automatikoki gogoraraztea edo miaketa-txostenak. Pascualek esan du hobekuntza horiek guztiak Nafarroako Gobernuko Eraldaketa eta Digitalizaziorako Zuzendaritza Nagusiarekin batera lantzen direla.
“Zaintzen zaituen konexio bat / Una conexión que te cuida” lelopean aurkeztutako kanpainari dagokionez, bihartik aurrera zabalduko da hainbat kanalen bidez: komunikabideak, sare sozialak, kanpoko euskarriak eta osasun-espazioak. Pascualek adierazi duen bezala, “kanpainak hizkuntza argia, hurbilekoa eta ulertzeko modukoa izatea izan da helburua”.
“Hiru kartel, irrati-iragarkiak, bideoa eta sareetarako piezak ditu, gaztelaniarako eta euskararako dagozkien egokitzapenekin. Horrela, Karpetari zentzua eta ikusgarritasuna eman nahi diogu, paziente eta gure profesional guztientzako Osasun Karpeta Pertsonalak eskaintzen duen batasun-irudiarekin”, azaldu du Asier Pascualek.
Osasun Karpeta Pertsonalaren aplikazioa terminal mugikorretan deskarga daiteke, Android sistema eragilea nahiz iOS erabiltzen dutenetan. Orobat, web gunearen bidez sar daiteke, ziurtagiri digitala, Clave-a, CIPNA eta pasahitz bat erabilita; azken hori telematikoki eska daiteke edo Lehen Arretako Osasun Zentroetan. OKPri buruzko informazio guztia osasun-atarian aurkitzen da.
Gaur egun, OKPren 250.000 erabiltzaile aktibo inguru daude. 40.000 ziurtagiri digitalarekin edo gakoarekin sartzen dira, 210.000 CIPNArekin eta pasahitzarekin. Osasun Departamentuak erregistratutako datuen arabera, hilero ia 700.000 sarrera egiten dira, eta soilik 2025ean 8’3 milioi sarrera egin ziren.
Kanpaina egiteaz eta funtzionaltasunak pixkanaka gehitzeaz gain, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzua Osasun Karpeta Pertsonala komunikatzeko eta ezagutzera emateko beste modu batzuk lantzen ari da, batez ere pertsona gehiagok ohiko moduan erabil dezaten. Modu horretan, Lehen Arretako Osasun Komunitarioko Estrategiaren barruan, Karpeta erabiltzeko prestakuntzak egiten ari dira, Osasun Zentroek herritarrei aldi berean tailerrak eskain diezazkieten. Era berean, Osasunbideako profesionalei bereziki zuzendutako prestakuntza-saioak egiten ari dira.