2026ko azaroaren 10a

RuralNav 2026k Nafarroako landa inguruneko lurralde lankidetzari eta zaintza ekosistemei balioa emanez ospatu du bere azken jardunaldia

Nafarroako Gobernuak 1,5 milioi bideratu ditu 2024tik erronka demografikoari aurre egiteko, lurraldea biziberritzeko eta landa eremuetako biztanleria mantentzeko ekintzetarako
RuralNav 2026 celebra su jornada final  Irudi galeria

RuralNav 2026 celebra su jornada final 

Deierriko Ostatuak, Lizarraldean, RuralNav 2026 landa berrikuntzako programa aurkezteko jardunaldia hartu du gaur. Nafarroako Tokiko Ekintza Taldeek, Cederna Garalurrek, EDERek, TEDERek eta Erdialdeak garatu dute programa, eta Lurralde Kohesioko Departamentuak finantzatu du, Toki Administrazioko eta Despopulazioko Zuzendaritza Nagusiaren bidez. Programak hainbat ekintza garatzen ditu erronka demografikoari aurre egiteko, lurraldea biziberritzeko eta biztanleriari eusten laguntzeko, despopulazioaren aurka borrokatzeko Nafarroako Estrategiaren ildotik.

Jardunaldian, Jesus María Rodríguez Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiak azpimarratu du RuralNavek erakusten duela, lurraldeek ezagutza, gaitasunak eta baliabideak partekatzen dituztenean, posible dela Nafarroako landa-ingurunearen errealitatera egokitutako soluzio berritzaileak martxan jartzea. Gaineratu duenez, ekimenak lurraldeetan irauten duten tresnak, metodologiak, esperientzia pilotuak eta lankidetza-sareak sortzeko aukera ematen du, eta Nafarroako landa-eremuek erronka sozial eta demografikoen aurrean erantzuteko duten gaitasuna indartzen laguntzen du.

Bestalde, Marta Mendaza Deierriko alkateak ongietorria eman die bertaratutakoei, eta nabarmendu du “Deierrin Ruralnaven azken jardunaldia hartzea gure herriek pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko soluzio berritzaileak sortzean duten zeregina aitortzea ere badela”. Nafarroako herrietan bizi-kalitatea hobetzen laguntzen duten ekimenak bultzatzeko toki-erakundeen konpromisoari ere balioa eman dio.

Ondoren, Iñigo Nagorek TEDEReko kudeatzaileak, Nafarroako tokiko ekintzarako lau taldeen lankidetzaren efektu biderkatzailean fokua jarriz RuralNaven garatutako esperientziaren ibilbidea egin du. Nagorek bere hitzaldian azpimarratu duenez, “RuralNavek erakutsi du lurraldeen arteko lankidetzak emaitzak biderkatzen dituela. Esperientziak partekatzeak, ekimenak transferitzeak eta modu koordinatuan lan egiteak soluzio erreplikagarriak eraikitzeko eta etorkizunean aurrera egiten jarraitzeko oinarriak ezartzeko aukera ematen digu”.

Hiru urteko ibilbidea

 Edizio honekin, RuralNavek hirugarren urtea beteko du, eta 1,5 milioi euroko inbertsioa metatuko du 2024tik, tokiko ekintzarako talde bakoitzaren urteko 125.000 euroko ekarpenarekin. Programa Nafarroako tokiko ekintzarako lau taldeetan sartutako 263 udalerrien lurralde-eremuan garatzen da. Ekimenean hamar bat diagnostiko eta azterketa, hogeita hamar bat esperientzia pilotu eta hamar bat jardunaldi eta prestakuntza-ekintza bultzatu dira, eta horri esker lurralde osoan transferitzeko moduko ezagutza, tresnak eta esperientziak sortu dira.

Jardunaldiak programaren aurtengo emaitzak aurkezteko balio izan du, bai eta zaintzak indartzearekin, gizarte-kohesioarekin eta lurralde-lankidetzarekin lotutako esperientziak eta ikaskuntzak partekatzeko ere, despopulazioaren aurkako borrokaren eta landa-inguruneetan biztanleria finkatzearen funtsezko elementu gisa.

Topaketan, gainera, 2026an garatutako ekintzen laburpen-bideo bat proiektatu da eta programaren emaitza nagusiak aurkeztu dira. Aurten bultzatutako ekimenen artean, zaintzarako tokiko sareen esperientziak, zaintzaileei laguntzeko proiektuak eta Nafarroako landa-ingurunean biztanle berrien harrera eta bizikidetza bultzatzeko hainbat ekintza nabarmentzen dira.

Horrela, RuralNavek hirugarren urtea itxi du, eta beste behin ere agerian utzi du Nafarroako tokiko ekintzarako lau taldeen arteko lankidetzaren balioa landa-eremuko erronka sozial eta demografikoei erantzun berritzaileak emateko. Bide horretan, sareak indartu, partekatutako tresnak sortu eta lurraldean jarraitzeko bokazioa duten ekimenak sustatu ditu.