2025ko maiatzaren 29a

Rozalenek ‘Memoria duten Eskolak’ programan parte hartzen duten ikasleekin topaketa bat egin du Mendillorrin

Lehendakariorde Ollo Memoriaren Nafarroako Institutuak antolatutako ekitaldi batean izan da
Encuentro de alumnado de las Escuelas con Memoria con la cantante Rozalén y la vicepresidenta Ollo Irudi galeria

Encuentro de alumnado de las Escuelas con Memoria con la cantante Rozalén y la vicepresidenta Ollo

Rozalén abeslaria Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentuak inplementatutako "Memoria duten eskolak" programan parte hartzen duten hainbat ikastetxetako ikasleekin bildu da gaur eguerdian Iruñeko Mendillorri auzoan. Departamentu horretako kontseilari eta lehendakariorde den Ana Ollo ere ekitaldian izan da, Memoriaren Nafarroako Institutuko lantaldearekin batera. Bertan, Albaceteko konpositore eta interpretearen konpromiso etiko eta soziala partekatu ahal izan du.

Topaketa honetan, Rozalenek elkarrizketa bat izan du Alaitz (Barañain); Mendillorri, Iturrama eta Donapea (Iruña); Askatasuna (Burlata); eta Marqués de Villena (Martzilla) ikastetxeetako ehundik gora ikaslerekin. Horrez gain, Maite Mené Nafarroako Memoriaren Institutuko kolaboratzaile eta irakaslek eta Jose Miguel Gastón Nafarroako Memoriaren Institutuko zuzendariak ere parte hartu dute.

Ollo lehendakariordeak ongietorria eman die parte hartu duten ikasle eta irakasleei, eta Nafarroaren esker ona helarazi dio Rozaleni, "zure letrek eta musikak giza eskubideak, gutxiengoak eta komunitaterik behartsuenak defendatzeko duten inplikazio eta konpromiso sozialagatik".

"Ordezkari publiko gisa kezkatzen eta okupatzen gaituzten eta partekatzen ditudan hainbat gairi buruz duzun iritzia adierazteaz gain, herritarrei memoria, bizikidetza eta giza eskubideen errespetua bezalako esparruak helarazten dizkien departamentu bat zuzentzean – jarraitu du Ollo lehendakariordeak –, sentipen hori ahalik eta pertsona gehienengana iristeko moduan transmititzen ahalegintzen zara, inklusioaren eta elkarrizketaren alde eginez". 

Ollo lehendakariordeak, halaber, eskerrak eman dizkio abeslariari, beti euskararekiko erakutsi duen sentiberatasunagatik eta errespetuagatik, pertsona guztien kultur aniztasunaren balioa baita.

Memoria duten eskolak

"Memoria duten eskolak" programa Nafarroako Gobernuko Memoria eta Bizikidetzako Zuzendaritza Nagusiak bultzatzen du, Hezkuntza Departamentuarekin lankidetzan, eta honetan urtero 30 ikastetxe baino gehiagotako 10.000 ikasle inguruk parte hartzen dute.

Nafarroako Memoriaren Institutuak 2016an inplementatu zuen programa, eta 90.000 ikasle eta irakaslek baino gehiagok parte hartu dute, bai eta Nafarroako geografia osoko 60 ikastetxe publiko eta itunpeko baino gehiagok ere. Urtez urte, parte-hartzaileen kopurua handitzen du programak, eta ikasturte honetan, 2024-2025, 43 ikastetxetako 15.000 ikasle eta irakasle inguruk parte hartu dute.

Memoriari dagokionez, zeharkako hezkuntza-proiektu bat da, hezkuntza-mundua memoriaren politika publikoekin elkartzeko topagunea izan nahi duena, bereziki memoria-tokiekin, desobiratzeekin eta giza eskubideen urraketa-prozesuei buruzko ikerketarekin. Ildo horretan, belaunaldi gazteenei hurbildu nahi dizkie historiografiak errepresio frankistari buruz egindako ekarpen garrantzitsuenak. Era berean, pentsamendu kritikoa eta giza eskubideekiko errespetuan oinarritutako hezkuntzarekiko konpromisoa oinarri hartuta, prozesu historiko haiek hamarkadetan zehar proiektatu duten eta horien ondorioak gaurdaino iritsi diren itzal luzea hurbiltzea ikasleei.

Hala, Memoriaren Nafarroako Institutuak hainbat jarduera antolatzen ditu ikastetxeentzat memoriaren inguruan, bere hezkuntza-proiektuen esparruan. Hauek dira garrantzitsuenak: desobiratzeetara bisitak, "Askatasunaren botilak" martxa GR-225aren inguruan, eta belaunaldien arteko topaketak Sartagudako Memoriaren Parkean. Era berean, ikastetxeetatik sortutako ekimenak babesten dira, eta askotariko erakusketak, hitzaldiak, ikus-entzunezko proiekzioak, antzerki-programazioak, memoria-lekuetara bisitak eta abar eskaintzen zaizkie. Horien artean dago Rozalenek gaur ehun ikasle baino gehiagorekin izan duen topaketa.

‘Memoria duten Eskolak’ programaren lehentasunezko ardatzen artean daude irakasleen prestakuntza, ikasleentzako hezkuntza-jarduerak eta -tailerrak eskaintzea eta Memoriaren, Bakearen eta Bizikidetzaren aldeko Eskolen Sarea sortzea. Horri esker, hainbat jarduera egin ahal izan dira Nafarroan, Estatuko beste erkidego batzuetan eta Frantzian edo Alemanian. Gainera, nabarmentzekoa da Nafarroan beste autonomia-erkidego batzuetako eta Frantzia, Portugal, Austria, Alemania eta Letoniako dozena bat ikastetxetako ikasle eta irakasleek parte hartu dutela jarduera horietan.

Bestalde, Memoriaren eta Bizikidetzako Zuzendaritza Nagusiaren Bizikidetza eta Giza Eskubideen Zerbitzuak bakearen, bizikidetzaren eta giza eskubideen aldeko gaiekin osatzen du Memoriaren programazioa. Ikastetxeei hainbat prestakuntza- eta hezkuntza-tresna eskaintzen dizkie, ikasleei, irakasleei eta familiei aukera ematen dietenak, prebentzio- eta hezkuntza-ikuspegitik, eguneroko bizikidetzan dauden errealitate gatazkatsuei heltzeko. Azken zortzi urteetan 83.000 ikasle, familia eta irakaslek parte hartu dute, eta Nafarroako geografia osoko 170 ikastetxe publiko eta itundu baino gehiagok. Aurten, 2024-2025 ikasturtean, 124 ikastetxetako 27.250 ikasle, familia eta irakaslek parte hartu dute.

Esperientzia-jardueren eta tailerren bidez, ezagutza, gaikuntza eta ikaskuntza proposatzen dira, gizarte- eta hezkuntza-metodologien bidez, giza eskubideetan eta bakean oinarritutako hezkuntza, terrorismoaren biktimekiko elkartasuna, indarkeria desagerraraztea, gatazkak modu baketsuan konpontzea, aniztasunak eta bizikidetzak ematen duten aberastasuna indartzeko eta osatzeko.

Memoria eta Bizikidetzako Zuzendaritza Nagusiak azpimarratu eta balioetsi egiten du Nafarroako ikastetxeek memoriaren, bizikidetzaren eta giza eskubideen gaiekin duten inplikazioa, eta lan hori ikastetxeen egunerokoan txertatzen jarraitzeko deia egiten du, horrela belaunaldi berriek memoriaren eta bakearen kulturarekin duten konpromisoa, giza eskubideekiko errespetua, indarkeriaren deslegitimazioa eta askotariko gizarte baten aldeko apustua bultzatuz.