2024ko uztailaren 24a

EITBren irrati eta telebista zerbitzuak Foru Komunitatean zabaltzeko hitzarmena berritu dute Nafarroak eta EAEk

2016tik ikus-entzunezko zerbitzu hori emateko duten lankidetza eguneratu dute, hurbiltasuneko edukiak indartzeko konpromisoarekin
Irudi galeria

Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak laster berrituko dute EITB euskal irrati-telebista publikoaren zerbitzuak Foru Komunitatean emateko duten lankidetza-hitzarmena. Gaurko bilkuran, Foru Gobernuak hitzarmen berriaren baldintzak onartu ditu. Hitzarmen horrek Euskal Autonomia Erkidegoarekin (EAE) 2016az geroztik duen harremana eguneratzen du, telebista-zerbitzuak LTD eta kable bidez eta irrati-emisio digital bidez ematen direla bermatzeko.

Nafarroako Gobernuko lehen lehendakariorde eta Lehendakaritza eta Berdintasun kontseilari Felix Tabernak eta Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako kontseilari Ibone Bengoetxeak denbora gutxi barru izenpetuko dute dokumentua.

Hitzarmenak 2026an ezarritako lankidetza-esparrua “indartzea” planteatzen du, bai Nafarroako EITBren hedapenaren irismen teknikoari dagokionez, eta bai “Nafarroako herritarrentzat hurbiltasuneko eta gaurkotasun politiko, ekonomiko, sozial eta kulturaleko edukiak” handitzeari dagokionez, betiere une orotan Foru Erkidegoa EAEtik “bereizitako errealitate” gisa errespetatuz.

Eusko Jaurlaritzak konpromisoa hartzen du EITBk bere programazioen zati bat gertuko edukietarako gorde dezan Nafarroan egiten dituen emanaldietan, Foru Komunitateko errealitate instituzional eta soziala islatzeko hala nola kanpoan proiektatzeko. Eduki horietan Nafarroako Foru Komunitateko sentsibilitate politiko eta ideologiko desberdinak sartu eta errespetatu beharko ditu, iritzi publiko anitza eratzen lagunduz.

Haurrentzako euskarazko edukien gehikuntza

Alderdi sinatzaileek konpromisoa hartu dute, halaber, Nafarroan EITBren emisioa zabaltzeko eta hobetzeko beharrezkoak diren neurriak hartzeko, bereziki haurrentzako euskarazko edukien zabalkundea bultzatuz. Gainera, Nafarroak ikus-entzunezko komunikazio-zerbitzu publiko bat izango balu, bi exekutiboek konpromisoa hartzen dute beren programak elkarrekikotasunean oinarrituta EAEn zabaltzeko beharrezkoak diren kudeaketak egiteko.

Hitzarmenak bi urteko iraupena izango du hasieran, eta urtero luzatu ahal izango da isilbidez, gehienez ere beste bi urtez. Alderdi sinatzaileentzat ez du berariaz inolako eduki ekonomikorik jasotzen. Ikus-entzunezko Komunikazioari buruzko uztailaren 7ko 13/2022 Lege Orokorraren 73.1.d artikuluan ezarritako tasak ordaindu behar dituena Euskal Irrati Telebista (EITB) erakunde publikoa izango da, Nafarroako Foru Komunitatean gaitzen diren emisioetarako.

Batzorde paritario bat urtean behin bilduko da modu arruntean, eta aparteko bilera egingo du hitzarmenaren jarraipena egiteko egokitzat jotzen denean. Emisio horiek gauzatzeko alderdi teknikoak koordinatzen jarraituko dute Nasertic enpresa publikoak (Zerbitzu eta Teknologiako Nafarroa) eta EITB erakunde publikoak.

2016an ezarritako hitzarmen bidezko harremanak, orain eguneratzen denak, erantzuna ematen die Nafarroako Parlamentuan behin eta berriz erregistratu diren eskaerei eta udal ugariren eskaerei, zeinen bitartez Foru Gobernuari eskatzen baitzitzaion ETB LTD bidez ikustea errazteko. 

EAErekiko lankidetza-protokolo orokorra

Nafarroako Foru Komunitateak eta Euskal Autonomia Erkidegoak Lankidetza Protokolo Orokor bat izenpetu zuten Iruñan 2021eko abenduaren 10ean, eta horren ondorioz, 2016ko maiatzaren 10ean Gasteizen izenpetutako beste protokolo bat eguneratu zen, 2009ko uztailaren 3an sinatutako aurreko protokolo baten oinordekoa hain zuzen.

Protokolo honen bidez, gobernu biek konpromisoa hartzen dute lankidetzan aritzeko ekonomiaren, gizartearen, kulturaren eta administrazioaren arloetan, baita azpiegituren eta teknologiaren arloetan ere. Ikus-entzunezko komunikazio arloan, EITBren zerbitzuak Foru Komunitatean zabaltzeko beharrezkoak diren kudeaketak egiteko akordioari eusten diote.

Konpromiso hau, 2016ko uztailaren 15ean izenpetutako lehen lankidetza-hitzarmen batean islatu zen, eta hori da orain berritzen dena. Dokumentuak Nafarroan EITBren zerbitzuen emisioa gaitzeko neurriak hartzea arautzen du, Ikus-entzunezko Komunikazioari buruzko martxoaren 31ko 7/2010 Lege Orokorraren 40.4 artikuluan xedatutakoaren eraginpean. Hitzarmen horrek lau urteko iraupen bat zuen hasieran. 2020ko uztailaren 9an hitzarmenaren luzapena onartu zen, aldi bererako, hitzarmenean bertan aurreikusitako baldintzetan eta beraz, ekitaldi honetako uztailean amaitu zen indarraldia.

Hitzarmena Espainiako Konstituzioan aurreikusitako erkidegoen arteko lankidetza- eta kooperazio-harremanen aurreikuspenaren barruan sartzen da. Aurreikuspen hori Nafarroako Foru Eraentzat Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 70.2 artikuluan eta Euskal Herriaren Autonomia Estatutuaren 22.2 artikuluan ere jasota dago.

EITBk Nafarroan eskaintzen dituen zerbitzuak justifikatutzat jotzen dira EAErekiko duen “kidetasun historiko, kultural, linguistiko, turistiko eta soziokulturalagatik” eta “lankidetza-tradizio luzeagatik”. Horren ondorioz, bi erkidegoek elkarrekin parte hartu dute kultura- eta hizkuntza-arloko erakundeak sortzen eta garatzen, baita hainbat arlotan sektoreko akordioak sinatzen ere.