Descárgate la app
Nafarroako zerealen kanpaina inoiz baino emankorrena izan da, INTIAren arabera
2024ko abuztuaren 1a
Nafarroako zerealen kanpaina inoiz baino emankorrena izan da, INTIAren arabera
El consejero Aierdi presenta los datos de la campaña del cereal
INTIA sozietate publikoak emandako datuen arabera, Nafarroako zereal sektoreak kanpaina bikaina itxi du, eta uztarik onena izan da emankortasunari dagokionez. Lurralde osoan gariari dagokionez erregistratutako batez besteko produktibitatea 5.546 kg/ha-koa izan da, azken hamarkadan izandako 4.664 kg/ha-ko batez bestekoaren aldean, eta garagarrean 4.897 kg/ha-koa izan da, azken 10 urteetan izandako batez besteko 3.857 kg/ha-koaren aldean.
Gainera, INTIAren datu horien arabera, Nafarroan inoiz egin den bigarren kanpaina lortu da, guztira 930.000 tona ale baino gehiago bildu dira, iaz baino % 41 gehiago.
Jose Mari Aierdi Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak eta Natalia Bellostas INTIAko zuzendarik emaitza horien berri eman dute Erriberrin egindako estentsiboetako saiakuntzen emaitzak aurkezteko jardunaldian. Ekitaldian ehun bat lagun baino gehiago izan dira, gehienak Nafarroako nekazaritza kooperatibetakoak.
Jose Mª Aierdiren hitzetan, “aurtengo kanpaina bikainak egindako lanari bultzada bat eman dio, eta lasaitasuna ekarri du sektorearentzat, araudien aldaketen ondoriozko ziurgabetasun egoera batean eta prezioek nola jokatuko duten zain”. Bestalde, kontseilariak adierazi duenez, “ekoizpen datu horiek lortzea ez da kasualitatea; Nafarroan gauzak ondo egiten ari dira urteetako ekoizpen egitura finkatua dagoelako, kooperatiben eta sektorearen lanagatik eta baita INTIAren babes eta ikerkuntza lanagatik ere”.
Gogoan izan behar da uzta bikain honen aurretik, joera negatiboa erregistratu zela azken urteetan; izan ere, aurreko kanpainan, adibidez, 3.000 kg/ha baino gutxiago bildu ziren, eta bildutako aleak, guztira, 663.000 tona izan ziren.
Nafarroako sozietate publiko honek urtero biltzen ditu kooperatibek emandako emaitzak, eta, aurten, Foru Komunitateko zereal-azaleraren % 90 baino gehiagoren informazioa jaso da. Esan bezala, estatistika honen arabera, duela 33 urte erregistroak egin zirenetik egindako kanpainarik onena da.
Etekinak zonaldeka
Nafarroako ia eremu guztiek oso emaitza onak lortu dituzte, eta nabarmentzekoak dira erdialdeko zonaldean lortutako etekin bikainak. Izan ere, han aise gainditu dira aurretik lortutako produktibitaterik onenak, eta lehorreko zerealen batez besteko errendimendua 5.500 kg/ha-tik gorakoa izan da.
Kanpaina honetan, Nafarroako ipar-ekialdea izan da gehien zigortutako eremua, Irunberriko edo Zangozako kooperatibak barne hartuta, “non kanpaina hasierako baldintza txarrek, ereite txar eta berantiarrak eragin zituzten prezipitazioekin, ez zuten suspertzerik lortu urteko gainontzeko eguraldi onarekin”, adierazi du Jesus Goñi INTIAko Nekazaritza Esperimentazioko koordinatzaileak.
Landutako azalera
NPBren eko-eskemak martxan jartzeagatik 2023ko kanpainan lekadunen partzelen hazkunde nabarmena izan bazen, batez ere ilarrarena, aurten igoera hori sendotzen jarraitu da. Gainera, azken kanpaina honen ezaugarria izan da azken mendean Nafarroan ereindako labore alternatiboen azalera handiena izan dela.
Gariaren azalera handiena da oraindik ere, ia 80.000 hektarea erein baitira garia lantzeko, eta atzetik garagarra landatzeko azalera dago, ia 70.000 hektarekin. Zerealen laborantzaren azalera osoa (garia, garagarra, oloa, koltza, ekilorea, ilarra, baba eta beza) ia egonkorra izan da Foru Erkidegoan, 190.000 hektarearekin, azken datuen arabera.
Barietateei dagokienez, 'Filon' da oraindik gehien ereindako garia, labore horren azaleraren % 60 hartzen baitu; aldiz, 'Saratoga'k 'Meseta' baztertu du gehien ereindako garagar-mota gisa, % 32 baitu.
Landare-osasunari dagokionez, oro har, azpimarratu behar da urte osasuntsua izan dela, eta gaixotasun gutxi izan direla neguko garagarrean; izan ere, zikloaren amaieran adardunek erasoak egin dituzte. Aldiz, udaberriko garagarrak, ohi bezala, sentsibilitate handiagoa erakutsi du helmintosporium eta rynchosporium bezalako gaixotasunekiko. Garian, roya arrearen agerpen goiztiarra nabarmendu du, eta kanpaina honetan laborantzarako patologia nagusia izan da. Aurreko kanpainekin alderatuta, zabro edo landare-zorriak bezalako ohiko izurriteen presentzia txikia da.
Saiakuntzen emaitzak
INTIAk kooperatiben eta Nafarroako zereal-sektorearen ordezkariak biltzen dituen jardunaldi honetan, urtean zehar Nafarroako eremu agroklimatikoetan garatutako esperimentazio-saiakuntzen emaitzak aurkeztu dira.
Landa Garapeneko eta Ingurumeneko departamentuarekin egindako hitzarmen baten bidez, eta LIFE NAdapta proiektuaren barruan, labore ezberdinen 300 barietate baino gehiago aztertzen dira: garia, garagarra, oloa, koltza eta lekadunak.
“Urtero, aldakiak probatzen ditugu baldintza klimatiko desberdinen aurrean, eta, beraz, hiru kanpainaren buruan, barietate bakoitza egoera desberdinen eraginpean egon da, eta horrek aukera ematen digu ikusteko zer moldagarritasun klimatiko duen” gehitu du Jesús Goñik, INTIAko Nekazaritza Esperimentazioko koordinatzaileak.