Descárgate la app
Nafarroan 10 behi hil dira sukar hemorragiko epizootikoaren ondorioz eta 129 kasu zenbatu dira sintomekin
2023ko urriaren 25a
Nafarroan 10 behi hil dira sukar hemorragiko epizootikoaren ondorioz eta 129 kasu zenbatu dira sintomekin
Nafarroan orain arte 10 behi hil dira sukar hemorragiko epizootikoaren ondorioz, eta 129 kasu atzeman dira sintomatologiarekin, heriotza-indize baxuarekin. Foru Komunitatea da bere ingurune geografikoko eskualdeen artean gaixotasun horren eragin txikiena duen erkidegoetako bat, baina Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentua zuzeneko harremana izaten ari da sektorearekin, birus horren ondorioak arintzeko behar diren tratamenduak lehenbailehen prebenitzeko eta egiteko, hala nola ganaduaren sendaketak edo desinsektazioak.
Sukar hau ez da kutsagarria, aldiz, moskito jakin baten eraginez barreiatu izaten omen da; ez du erasan izaten, inolako kasutan, behi-aziendaren haragi edota esne produktuen kontsumoa.
Bestalde, Estatuko beste eskualde batzuetan ez bezala, Nafarroan ez da atzeman sintoma bakar bat ere ardi-aziendan edota ahuntz-aziendan, ezta oreinak nahiz orkatzak bezalako beste hausnarkarietan ere.
Gaixotasun honen hedapena, moskito populazioen dinamikarekin baldintzatuta dago eta huraxe da transmititzen duen bektorea; aldi berean, meteorologiaren tenperatura altuak izaten ditu bere alde. Horregatik, datozen asteetako baldintza klimatikoek – zeinetan beroa baretzen joatea aurreikusten den- kasu kopuruaren jaitsiera baldintzatuko dute.
Nabarmentzekoa da sukar hemorragikoa oraingoz txertorik ez duen gaixotasun bat dela, baina detekzio eta tratamendu sintomatiko goiztiar batek sendaketa azaleratu egingo du. Hain zuzen, animali gehienak tratamenduekin sendatu dira, abeltzainen aldetik zaintza etengabea behar izanik.
Horregatik, Nafarroako Gobernuaren Abeltzaintza zerbitzua segimendu iraunkor batean murgilduta dago, albaitaritzako sektorearekin hala nola langileekin komunikazio zuzena izanik, kasuen gorakada ekiditearren tratamenduak lehenbailehen aplika daitezen. Aldi berean, olatu epidemiologiko larriago baten kasuan egokitzat jotzen diren neurri guztiak hartuko dira.
Gaixotasun hemorragiko epizootikoa (GHE) gaixotasun biriko infekzioso ez kutsagarria da, etxeko hausnarkariak eta basatiak kaltetzen dituzten moskitoek transmititzen dutena. Behi-aziendari klinika moderatu eta auto-mugatzailea eragin diezazkioke bi astetarako. Ardi-aziendak infekzioa jasan lezake, baina gaixotasun klinikoak ez dio askorik eragiten eta ahuntz-aziendak ez du infekzio hori barneratzeko joaerarik.
Espainian gaixotasuna lehen aldiz 2022ko azaroan atzemango zen, Cadizen eta Sevillan kokatutako bi ustiapenetan. Urte bete geroago, penintsulako probintzia orotan agertu da, Nafarroan barne.
Aurtengo irailaren 19an lehen fokua atzeman zen Nafarroan, Iruñerrian; orduz geroztik 70 foku gehiago erregistratu dira. Horietako batzuetan gaixotasuna laborategian ziurtatu da eta gainerakoak atzemandako sintomatologiagatik diagnostikatu dira.