2026ko maiatzaren 8a

Europako eta nazioarteko 442 proiektutan parte hartzeari esker Nafarroak 289 eskualderekin kolaboratu du, 2021-2025 bitartean

Ollo lehendakariordeak ikerketa aitzindaria aurkeztu du Nafarroako sektore sozioekonomikoaren aurrean, Foru Gobernuak EBren eta mugaz gaindiko lankidetzaren alde egin duen apustua egiaztatzeko
Irudi galeria

Europako eta nazioarteko 442 proiektutan parte hartzeari esker Nafarroak 289 eskualderekin lan egin du, 2021etik 2025era bitartean, eta 178 milioi euro lortu ditu. Horixe da Nafarroako Gobernuaren Europako Proiektuen Bulegoak egindako "Nafarroak Europako proiektuetan izan duen parte-hartzeari buruzko lehen azterketa”-ren ondorioetako bat. Nafarroako enpresei eta gizarte-sektoreari lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilari Ana Ollok txostena aurkeztu die gaur goizean, Europako finantzaketa lortzeko aukerak hobetzeko helburuarekin.

Sergio Pérez Kanpo Ekintzako zuzendari nagusia eta Silvia Ojer Europako Proiektuen Bulegoko zuzendaria Ollo lehendakariordearekin batera izan dira aurkezpenean. Olloren ustez, datu horiek, alde batetik, "Gobernu honek, Kanpo Ekintzako Zuzendaritza Nagusiaren bitartez, Europaren eta mugaz gaindiko lankidetzaren alde egindako apustu estrategikoa" islatzen dute; eta, bestetik, "Foru Komunitateko ehun sozioekonomiko eta instituzionalaren bizitasuna eta sentsibilitatea" egiaztatzen dute, urte hauetan parte hartzen jakin baitu (funts horiek deialdi irekietan lortzen dira, ez bide zuzenagoetatik, hala nola Next Generation, EGEF eta EGIF funtsak bezala), Europako beste eskualde batzuekin batera lehiatuz eta horiekin lankidetzan. Nafarroa, ildo horretan, balio erantsiagatik nabarmentzen da, besteak beste, I+G+bn, Erasmus programan, POCTEFA proiektuetan edo klima-aldaketari aurre egiteko ekintzetan.

Horrela, Ollok Europar Batasunaren 2021-2027 Urte Anitzeko Finantza Esparruaren europar proiektuetan parte hartzeari buruz Nafarroan lehen aldiz egindako ikerketaren ondorioak partekatu ditu, enpresa-ordezkaritza baten aurrean eta Europako 5. Astearen esparruan. "Mundura irekita dagoen Nafarroa, bere interesak defendatzen dituen eta ahots propioa duen Nafarroa, aldi berean eskualdeen arteko lankidetzan sinesten, apustu egiten eta lan egiten duena", adierazi du Ollok bere hitzaldian.

Bestalde, Sergio Pérez Kanpo Ekintzako zuzendari nagusiak Nafarroako Gobernuak "Europan Parte Hartzeko Nafarroako Ekosistema" sortzeko abian jarri dituen laguntza publikoko tresnak azaldu ditu: NUPekin lankidetzan Europako proiektuen kudeaketan espezializatzeko ikastaro bat, enpresetarako espezialistak kontratatzeko laguntzak, aholkularitza-enpresak kontratatzeko laguntzak, finantzaketa bilatzeko laguntza eta aholkularitza, Bruselarako misioak antolatzea, sare lan-topaketak edo networkinga Nafarroan. Era berean, Silvia Ojer Europako Proiektuen Bulegoko zuzendariak azterlanaren xehetasun teknikoak azaldu ditu.

Gogoain izan behar da Europako finantzaketa lortzeko hainbat modu daudela, bai Programa Operatiboen bidez (EGEF eta EGIF), bai Europako funtsek finantzatutako nazioko eta eskualdeko deialdien bidez (NEXT GENERATION), bai 2021-2027ko Urte Anitzeko Finantza Esparruaren norgehiagoka-deialdien bidez. Azken horiek eskualde desberdinetako erakundeen partzuergo baten arteko lehiaketa dira, eta normalean hiru estatu kide desberdinetakoak izan behar dute. Azken modalitate horretan, Kanpo Ekintzako Zuzendaritza Nagusiaren Europako Proiektuen Bulegoak laguntza ematen die Foru Komunitateko hainbat erakunderi eta Gobernuko departamentuei "baldintzarik onenetan lehiatzeko, Nafarroatik proposamen irabazleak aurkez ditzagun".

2021-2025 aldiko azterlan aitzindaria

Lehen aldiz egin da Nafarroan horrelako azterketa bat, eta Foru Komunitateko parte-hartzaileen tipologia osoa hartu da kontuan, bai eta Nafarroako Gobernuko departamentuak eta sozietate publikoak ere. Halaber, Europako Batzordearen eta bere Agentzia Exekutiboen, enpresen, teknologia- eta ikerketa-zentroen, elkarteen, unibertsitateen, tokiko erakundeen eta tokiko ekintza-taldeen datu publikoen iturriei buruzko informazioa bildu da, besteak beste.

Datu nagusiak honako hauek dira: Europako 442 proiektu erregistratu dira guztira, Nafarroako 185 entitatek 178 milioi euroko finantzaketa lortu dute, eta 38 herrialdetako 289 eskualderekin lankidetzan aritu dira.

Azterlana 2021 eta 2025 urteen arteko aldira mugatuta dago, eta horretarako hainbat iturri ofizialetako datuak kontsultatu dira. Gaur egun, Europako 52 programa daude, 2,018 bilioi euroko zuzkidurarekin, uneko prezioetan (merkatuko prezioetan, azterketaren unean, inflazioa barne), eta oraindik bi urte geratzen dira (2026 eta 2027) 2021-2027ko Urte Anitzeko Finantza Esparrua amaitu arte. Beraz, Nafarroak Europan duen parte-hartzeari buruzko behin betiko irudia ezin izango da 2028ra arte lortu, hau da, EBren hurrengo Finantza Esparruaren hasierara arte.
Itzulera ekonomiko osoaren % 91,1 sei programa nagusitan biltzen da: I+G+b programa (H2020, lehenik, eta Horizone Europe, ondoren); ERASMUS programa; Espainia-Frantzia-Andorra mugaz gaindiko lankidetzarako POCTEFA programa; ingurumenerako eta klima-aldaketarako LIFE programa; Espainia-Frantzia-Portugal-Andorra Interreg SUDOE lankidetza; eta CEF (Europa Konektatzeko Mekanismoa).

Aktore-aniztasuna, enpresak eta zentro teknologikoak 

Europako 442 proiektuetatik 678 parte hartze ondorioztatu dira (proiektu berak Nafarroako parte-hartzaile bat baino gehiago izan baititzake). Parte-hartzeei dagokienez, enpresak dira nagusi, 174rekin, ondoren unibertsitateak (119), Nafarroako Gobernua (116), teknologia- eta ikerketa-zentroak (109), sozietate publikoek 54 aldiz hartzen dute parte, eta toki entitateek eta toki ekintza-taldeek 45 aldiz. Gainerakoa (61) beste erakunde batzuei dagokie, hala nola Nafarroako Merkataritza, Industria eta Zerbitzuen Ganberari, klusterrei, elkarteei eta abarri.

Nahiz eta Nafarroako Gobernuak partaidetza kopuruan gainditzen dituen zentro teknologikoak, azken horiek finantzaketaren ia hirukoitza bereganatzen dute eragin handiko programetan eta % 100eko finantzaketan duten pisuari esker, hala nola Horizon Europe (Ikerketa, Garapen eta Berrikuntza proiektuak finantzatzen dituen programa).

Faktore geografikoari dagokionez, Nafarroako lankidetza gehienak Akitania Berriarekin eta Midi-Pyrenees-ekin (Frantzian) eta Lonbardiarekin (Italian) gertatzen dira. Faktore desitxuratzailea eta efektu zentralizatzailea dela-eta, alde batera uzten dira estatuen hiriburua diren eskualdeak, I+G+Bko zentro nazional gehienak edo elkarte nazional edo estatalak (Paris, Ille de France Frantzian; Erroma, Lazio Italian; edo Brusela, Bruselako eskualdea Belgikan).

Estatu mailan, Nafarroak Madril, Katalunia edo Euskal Autonomia Erkidegoekin aurkeztu ditu proiektu komun eta lankidetza gehien, baita Aragoi, Andaluzia eta Valentziako Erkidegoarekin ere.

Europako 5. Astea Nafarroan

Azterlana eta ondorioak Nafarroako Europako 5. Astearen esparruan aurkeztu dira, Nafarroako Gobernuko Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentuak antolatutako jarduera-programa batekin, herritarren eta Foru Komunitateko erakundeen artean sentimendu europazalea sustatzeko helburuarekin.
5. kanpaina honetako ekitaldi guztiak eta aurkeztutako azterlana Kanpo Ekintzako Zuzendaritza Nagusiaren webgunean kontsulta daitezke:  https://europedirectnavarra.eu/semanadeeuropa/eu/