2024ko urriaren 10a

Nafarroak 3,35 milioi euro bideratuko ditu unibertsitate-beketara, eta 2024-2025 ikasturterako errenta-atalaseak handitu ditu

Horrez gain, lanbide arautuetarako gaitzen duten bi masterren NUPeko kredituaren prezio ofiziala % 16 murrizten da  
Deskargatu irudia Irudi galeria

Nafarroako Gobernuak, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuaren bitartez, 3,35 milioi euro bideratuko ditu 2024-2025 ikasturtean unibertsitateko ikasketak egiteko beken deialdi orokorrera; iaz baino 50.000 euro gehiago izango dira, eta errenta atalase guztiak igoko ditu. Laguntza horiek modu telematikoan eskatu ahal izango dira azaroaren 11ra arte, Nafarroako Aldizkari Ofizialak gaur argitaratu duenez.

Bekek matrikula-, egoitza-, garraio- eta ikasketa-espedienteen gastuak ordainduko dituzte, eta behar ekonomiko larriak izaten dituzten familiei aparteko laguntzak emango dizkiete. Gainera, 1. errenta-atalasean dauden Graduko lehen mailako ikasleei digitalizazioa bultzatzen jarraituko zaie, 200 eurorekin.

Hain zuzen ere, berrikuntza gisa, 2024-2025 ikasturte honetan % 5 igo dira errenta-atalaseak, Hezkuntza, Lanbide Heziketa eta Kirol Ministerioak egindako aldaketekin bat etorriz.

Beka hauen barruan sartzen dira unibertsitateko Gradu eta Masterreko titulu ofizialak lortzeko ikasketak, baita unibertsitatera sartzeko prestakuntza-ikastaroak ere, alegia 25 edo 45 urtetik gorakoentzat eta Urrutiko Hezkuntzarako Unibertsitate Nazionalak (UHUN) emandakoak.

Nafarroako Gobernuaren unibertsitate-beka hauek Ministerioak deitutakoak osatzen dituzte, eta, beraz, zenbatekoa zehazteko, Ministerioari aurkeztutako eskaerak onartu edo ukatuko dira, betiere beharrezko baldintzak betetzen badituzte.

Hain zuzen ere, Nafarroako Gobernuaren unibertsitateko beka bat jasotzeko baldintza horien artean dago Hezkuntza eta Lanbide Heziketako Ministerioari 2024-2025 ikasturterako dagokion laguntza eskatu izana, betiere eskatutako baldintzak betetzen badira.

Beka hauetarako aurrekontua 100.000 euro gehiagoraino hedatu ahal izango dira, eskabide-kopuruak hala eskatzen badu.

Azaroaren 11ra arteko eskaera-epea eta sare sozialetan zabaltzeko kanpaina

Eskabideak aurkezteko epemuga azaroaren 11an beteko da. Horiek navarra.es. webgunearen atarian eskuragarri dagoen formularioaren bitartez bete behar dira. Izapideak egiteko, beharrezkoa da eskatzaileak aldez aurretik cl@ve sistemaren bidez edo erabiltzailearen ziurtagiriaren bidez (ziurtagiri  digitala eta NAN elektronikoa) identifikatzea.

Emandako eta ukatutako beken behin-behineko ebazpena Nafarroa.es atarian edo bekak kudeatzeko aplikazioan argitaratuko da, eta adostasunik egongo ez balitz, espediente hori berrikusteko eskatuko litzateke.

Gainera, ‘Tu beca, en un clic’/ Zure beka, klik batean webgunearen bidez, eskatzaileek laguntzei buruzko informazio garrantzitsu guztia eskuratu ahal izango dute, baita  ohiko galderei emandako erantzunak eta horiek eskuratzeko bete beharreko baldintzak eta dokumentazioa ere.

Era berean, Nafarroako Gobernuak laster sare sozialetan (Instagram eta Facebook) hedapen-kanpaina bat jarriko du abian, haren ikusgarritasuna indartzeko eta ikasleei, haien onuradun nagusiei, deialdi hau gehiago hurbiltzeko.

Bi master gaitzaileren kredituen prezioa % 16 jaitsi da

Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuak finkatutako NUPeko kredituaren prezio ofizialari dagokionez, 15,10 eurotan mantentzen da esperimentaltasun txikiko graduetan eta 21,38 eurotan esperimentaltasun handieneko graduetan.

Lanbide arautuetan gaitzen duten masterretan, zehazki Abokatutzan eta Prokuran sartzeko masterretan eta Bigarren Hezkuntzako irakasleen masterretan, kreditu bakoitzeko prezioa % 16 jaitsi da, eta lehen matrikulan 21,38 eurotik 17,95 eurora igaro da.

Era berean, eutsi egiten zaie guraso bakarreko familientzako tasen murrizketa gehigarriei eta erabateko salbuespenari nazioarteko babesa, aldi baterako babesa edo aberrigabeko babesa eskatzen edota jasotzen duten ikasleentzat, % 33ko edo desgaitasuna egiaztatzen duten pertsonentzat, terrorismoaren biktimentzat eta genero-indarkeriaren biktimentzat bezala.