Descárgate la app
Nafarroak %50eko deskontua egingo du datorren urtean autobus bidezko garraio publikoaren bonuen prezioan
2022ko abenduaren 27a
Nafarroak %50eko deskontua egingo du datorren urtean autobus bidezko garraio publikoaren bonuen prezioan
Nafarroak % 50eko deskontua egingo du datorren urtean autobus bidezko garraio publikoaren bonuen prezioan. Kalkuluen arabera, deskontua hiriarteko garraio-zerbitzuko 200.000 bidaiatan baino gehiagotan aplikatu ahal izango da.
Horrela baieztatu du gaur Bernardo Ciriza Lurralde Kohesiorako kontseilariak. Garraio eta Mugikortasun Iraunkorreko titularrak nabarmendu du neurri honen bidez “autobus bidezko garraio publikoa erabiltzea bultzatu nahi dela, iraunkorragoa delako, erregai fosilekiko mendekotasuna murriztea eta herritarren poltsikoa arintzen laguntzea prezioak goraka doaz-eta”.
Neurria astearte honetan onartu dute Ministroen Kontseiluan, eta, horri esker, erabiltzaileei murrizketa hori aplikatu ahal izango zaie herritarrek inolako kudeaketarik egin beharrik gabe. Estatu Gobernuak bere gain hartuko du deskontuaren %30a eta Foru Exekutiboak gainerako %20a.
Murrizketa bonuen eta bidaia anitzeko tituluen prezioan aplikatuko da; hau da, bidaia bat baino gehiago egiteko balio duten txarteletan. Joan-etorriko txartelak ez dira sartzen. Modu horretan, garraio publikoa maiz erabili ohi duten erabiltzaileei lagundu nahi zaie, garraiobide kolektiboak erabiltzea sustatuz.
Nafarroan, bidaiarientzako errepide bidezko garraio publiko erregularraren 7 zerbitzu daude, eta, egun, garraio-bonuak edo bidaia anitzeko tituluak dituzte: Iruña-Vitoria / Gasteiz zerbitzua; Iruña-Ubarmin Klinika zerbitzua; Iruña eta Hondarribia zerbitzua, Oronoz-Elizondo eta Irun-Donostia hijuelekin; Iruña-Zaragoza zerbitzua; Iruña-Donostia zerbitzua; Iruña eta Garraioaren Hiria lotzen dituena. Halaber, deskontudun tituluen artean sartzen da Lizarraldea Bus Zerbitzuaren diru-txartela, Iruña eta Logrono eta hijuelen linearen barruan.
Garraio publiko kolektiboa bultzatzea
Garraio publiko kolektiboaren prezioa %50 behin eta berriz errepikatzen duten erabiltzaileei jaistea Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda Ministerioak bultzaturiko asmo handiko plan baten barruan sartzen da, garraio publikoaren erabilera sustatu eta herritarrei laguntze aldera.
Neurri hori hartu da garraio publiko kolektiboaren zeregina sustatzeko, energiaren eta erregaien prezio altuen egungo egoerari aurre egitearren, bereziki herritarren eguneroko mugikortasunari eragiten baitio, ibilgailu partikularra baino garraiobide seguruago, fidagarriago, erosoago, merkeago eta iraunkorrago batera aldatzea sustatuz.
Garraio publiko kolektiboa funtsezko garraiobidea da, fidagarria, zuzenagoa termino sozialetan, inklusiboagoa, eta inpaktu positibo handia du ekonomian eta industrian. Gainera, oinarrizko pieza da klima-arloko helburuak lortzeko, emisioak murrizteko eta gizarte gisa ezarritako ezbehar-tasa hobetzeko.
Modu horretan, Energia Dibertsifikatzeko eta Aurrezteko Institutuaren (IDEA) kalkuluen arabera, ibilgailu pribatutik garraio publiko kolektibora aldatutako bidaia bakoitzeko, batez beste, %60 eta %74 artean aurrezten dira CO2 emisioak, autobusa erabiltzen den kasuan, eta %73 eta %80 artean, joan-etorria metroz edo trenez egiten bada.
Bestalde, ezbehar-tasari dagokionean, estatistiken arabera, errepide bidezko joan-etorrietan, autobusa garraiobide seguruena da. Horrela, hiriarteko errepideetako heriotza-tasa 3 eta 4 aldiz txikiagoa da autobusetan turismoetan baino, trenbideko garraioak arlo horretan duen potentziala alde batera utzi gabe.
Era berean, garraio kolektiboaren erabilera lehenesteak aukera ematen du trafikoak eragindako pilaketa murrizteko, espazio publikoa modu eraginkorragoan erabiltzeko eta hirietan airearen kalitatea hobetzeko.
65.000 bidaia baino gehiagok jasoko dute hobaria azken lauhilekoan
2022ko iraila eta abendua artean, uste da 65.000 bidaia baino gehiagok jasoko dutela autobus bidezko hiriarteko garraioaren bonuetan aplikatzen den %30eko deskontua. Era berean, denboraldi horretan, bonuen salmenta %175 gehitu da.
Gogoratu behar da bonuetan eta bidaia anitzeko tituluetan %30eko hobaria bultzatu zuela Gobernu Zentralak irailaren 1etik abenduaren 31ra bitarteko denboraldian. Datorren urtetik aurrera, deskontua %50ekoa izango da Estatuaren eta neurri horrekin bat egiten duten autonomia-erkidegoen inplikazioari esker.