2025ko irailaren 23a

“Plumero de la Pampa”ren aurka borrokatzeko estrategia transnazional batekin bat egin du Ingurumenak, eta sentsibilizazio-kanpaina abian jarri du

Aierdi kontseilariak horren berri eman du landare exotiko inbaditzaile hori errotik ateratzeko Baztanen egin den ekitaldi sinbolikoan
José Mª Aierdi Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren adierazpenak “Plumero de la Pampa” -ren abiatze sinbolikoan Irudi galeria

Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuak bat egin du Cortaderia selloanaren kontra borrokatzeko estrategia transnazional batekin; landare exotiko inbaditzaile hori “Plumero de la Pampa” bezala ezagutzen da gehiago. Gainera, sentsibilizazio-kanpaina bat abian jarri du Departamentuak. Era horretan, Ingurumen Zuzendaritza Nagusiak aurrera egin du espezie horren hedapenaren aurka borrokatzeko eta gure komunitatean espezie hori desagerrarazteak duen garrantziaz kontzientziatzeko konpromiso irmoan, oraindik ez baitago oso hedatuta. 

Horretarako, Ingurumen Zuzendaritza nagusia bi bidetan ari da lanean. Alde batetik, Cortaderia desagerrarazteko plan bat egiten ari dira Nafarroan, espeziearen kokalekuak eguneratuz eta aleak errotik kentzeko estrategia bat ezarriz. Eta bestetik, Nafarroak “Arku Atlantikoan Cortaderia selloanaren aurka borrokatzeko Estrategia Transnazionalarekin” bat egiteko dokumentua sinatu du, LIFE COOP CORTADERIA europar proiektuaren esparruan.

Hala eman du jakitera José Mari Aierdi kontseilariak, Baztanen landare hau errotik ateratzeko egin den ekitaldi sinboliko batean. Adierazi duenez, “Nafarroan oraindik garaiz gaude gure biodibertsitatearentzat hain kaltegarria den landare exotiko inbaditzaile honen hedapena geldiarazteko, eta horregatik, bi norabide lantzen ari gara, bai Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusiaren Plan tekniko batean, bai herritarrak eta tokiko erakundeak sentsibilizatzeko plan batean, espezie horren landaketak ez egiteko eta aleak foku esanguratsuak sortu baino lehen erauzteko beharraz jabetu daitezen”.

Oraingo honetan, eta joan den maiatzean Zizur Nagusian egindako ekitaldiaren ondoren, Baztan-Bidasoako eskualdea izan da fokua jartzeko aukeratutako lekua. Basozinak / Zona horretako Ingurumen Zaintzaileak aldez aurretik prospekzio lan bat egin ondoren, Erkizko harrobiko landareak kentzeko ekitaldi bat egin da, zeinetan Baztango Udalak eta Harri Lan S.L. enpresak ere parte hartu duten. Enpresa hori harrobiaren aprobetxamenduaren esleipenduna da, eta bere makinak eskura jarri ditu bertan dauden aleak erauzteko.

Sentsibilizazio-kanpaina

Horrez gainera, ingurumen-arazo horren sentsibilizazioan aurrera egiteko, Ingurumen Departamentuak kanpaina bat abiarazi du “Ez erori Panpako lumadunaren tranpan” lelopean; kanpaina hori SSSSetan, irrati-iragarkietan eta informazio-liburuxken bidez zabalduko da.

Aldi berean, departamentua modu koordinatuan ari da lanean Monika Aranda artistarekin, artea integratuz ingurumen-politiken neurri osagarri gisa. Nafarroako artista honen “Exotic” proiektuak, landare honetan zentratuta, geldialdi bat egingo du Bertizko Jauregian urriaren 4tik hilabete osoan zehar.

“Plumero de la Pampa” edo Cortaderia espezie inbaditzaile bat da, Hego Amerikatik datorrena. Bere itxura ikusgarriak arazo ekologiko larri bat ezkutatzen du naturalizatzera eta paisaiaren parte izatera iristen den eremuetan, bertako landaredia lekuz aldatuz, sute-arriskua areagotuz eta arnasketa arazoak sortuz. 2007az geroztik, Estatu osoko Espezie Exotiko Inbaditzaileen Katalogoaren barne dago, eta, beraz, debekatuta dago, oro har, espezie honen jabetza, garraioa, trafikoa eta merkantzia. 

Herri Lan eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiak, bestalde, hainbat urte daramatza espeziea inguruko errepideetan kontrolatzeko lanean, ezpondetan eta errepideen ertzetan agertzen diren aleak sistematikoki ezabatuz. Lan hori funtsezkoa da, azpiegitura horiek espeziearentzat hedatzeko bide bat baitira, Kantauri isurialdean zehar ikus daitekeen bezala.