Descárgate la app
115 ikastetxe eta hezkuntza berezietako zentrotako 3.800 parte-hartzaile baino gehiago izango dira Iraupen-eskiko Eskola Kanpainaren 42. edizioan
2025ko azaroaren 20a
115 ikastetxe eta hezkuntza berezietako zentrotako 3.800 parte-hartzaile baino gehiago izango dira Iraupen-eskiko Eskola Kanpainaren 42. edizioan
Iraupen Eskiko Eskola Kanpaina 2026ko urtarrilaren 12an hasiko da, eta martxoaren 27ra arte iraungo du, Izaban eta Otsagabian. Aurten 11 txanda izango ditu Izaban eta 11 txanda Otsagabian, eta horietan 3.878 parte-hartzaile espero dira (3.564 ikasle eta 314 irakasle), Nafarroa osoko 115 ikastetxe eta hezkuntza bereziko zentrotakoak.
Gainera, azken edizioetan ohikoa izan den moduan, Kanpainarekin bat egitea eskatzen duten ikastetxeentzako plaza-eskaintza baino eskaria handiagoa denez, aurreko ikasturtean plazarik lortu ez zuten ikastetxeak esleipen-zozketan lehenesteko lan egin da.
Aurreko edizioetan bezala, deskontuak izango dituzte familia ugarietako eta guraso bakarreko familietako ikasleek (%10 kategoria orokorrekoak badira eta %20 kategoria berezikoak badira), eta %10eko deskontua aplikatuko da familia-unitate bereko bi kidek edo gehiagok parte hartzen badute.
Era berean, azaroaren 10ean, 200 plaza zozketatu ziren egoera sozio-ekonomiko onean ez dauden ikasleek diru-laguntzarekin parte hartu ahal izateko. Ikasle horiek kuotaren %20 bakarrik ordainduko dute.
Eski-klaseak Larra-Belaguan eta Irati-Abodin
Kirol- eta hezkuntza-proiektu honetan parte hartzen duten ikasle gehienak Lehen Hezkuntzako 6. mailakoak eta Bigarren Hezkuntzako 1. eta 2. mailakoak dira. Erronkariko Haranean ostatu hartzen duten haurrek Larra-Belagua eski nordikoko zentroko pistetan eskiatzen dute, eta zentro hori NICDOk kudeatzen du. Zaraitzu Ibarrean osatu hartzen dutenek, berriz, Irati-Abodi eski nordikoko zentroko pistetan eskiatzen dute.
Kirola goizez egiten da bi txandatan. Helburu nagusia da ikasleek zein irakasle laguntzaileek iraupen-eskia edo eski nordikoa modu ludikoan hasi eta ikasi ahal izatea; hau da, neguan mendian egin daitekeen kirolik osasuntsu eta osoenetako bat. Horretarako, Nafarroako Pirinioetako bi haranek natura-gune paregabea eskaintzen dute.
Beste kultura- eta kirol-jarduera batzuk
Eskiatzeaz gain, arratsaldetan jarduera ludikoak eta kulturalak egiten dira; hala nola, antzerki-emanaldiak, herri kirolak, interpretatutako bidezidorrak edo bisitak Erronkari eta Otsagabiko Naturaren Interpretazio Zentroa eta Erronkariko Julian Gaiarre Museora.
Edizio honetan, LIFE UNCINATA proiektuarekin lotutako jarduera ezberdinak egingo dira. Proiektu hori Nafarroako Ingurumen Kudeaketak (Orekan) eta Nafarroako Gobernuak zuzentzen dute, eta helburua da Larrako Erreserba Naturalaren barruan babestuta dauden pinu beltzen diagnostiko ekologikoa egitea eta goi-mendiko pinudi horrekin loturiko espezie enblematiko batzuk aztertzea.
Halaber, Kanpainak ingurumena zaintzeko konpromisoa izaten jarraitzen du, eta, Esca Salazar RSko Mankomunitatearekin lankidetzan, Nafarroako Hondakinen Partzuergoak eta Iruñerriko Mankomunitateak ekimen bat sustatu dute laugarren urtez jarraian birziklapena eta kontsumo arduratsua sustatzeko. 2026ko Kanpaina honetan, ranking bat egiten jarraituko da parte-hartzaileek sortzen duten aztarna ekologikoaren arabera, baina, txanda osoak sortutako eraginak baloratu beharrean, ikastetxe bakoitzaren ingurumen-kudeaketak protagonismo handiagoa hartuko du. Beraz, haran bakoitzean ikastetxe irabazle bat egongo da, eta sariak, alde batetik, jarduera ludiko eta jolas-jarduera batean parte hartzen duten ikasleentzat izango dira, eta, bestetik, baliabideetan iraunkortasuna hobetzen lagunduko duten ekimenak dituzten ikastetxeentzat.
Azkenik, Sendavivak sarrera bat eskainiko dio parte-hartzaile bakoitzari, parkeaz familiarekin gozatu ahal izateko, dibertsioz, naturaz eta abenturaz beteriko egun batean.
Nafarroako Gobernuak finantzatua
Azken edizio honetan, XLII Kanpainarako 6.873 inskripzio jaso dira, eta kalkulatzen da 125 lanpostu sortu edo mantentzen lagunduko duela Erronkariko Haranean eta beste 35 Zaraitzu Ibarrean.
Iraupen-eskiko Eskola Kanpaina Nafarroak bultzatzen du Kultura, Kirola eta Aisialdia (NICDO) enpresa publikoak antolatu du, Larra-Belagua Eski Nordikoko Zentroa kudeatzen duenak, Izaba eta Otsagabiko Udalen lankidetzarekin eta Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuaren (NKJFI) eta Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren eta Lurralde Kohesiorako Departamentuaren finantzaketarekin. Bestalde, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak bi bailaretako Naturaren Interpretazio Zentroen jarduerak sustatzen ditu.
Ikasleak 2025eko eskiaren eskola-kanpainan, Larra-Belagua zentroko pistetan, Izaban