Descárgate la app
Lau memoria toki berri aitortzeko aurrerapausoa eman da eta katalogazio horrekin hogeita hamar bat gunetara hurbil daiteke Nafarroa
2025ko ekainaren 19a
Lau memoria toki berri aitortzeko aurrerapausoa eman da eta katalogazio horrekin hogeita hamar bat gunetara hurbil daiteke Nafarroa
Gaur bildu den Memoria Historikoaren arloko Koordinazio Batzorde Teknikoak aldeko txostena egitea erabaki du foru sarean lau memoria toki berri sartzeko: Paternaingo trenbide-langileen hobien memoriala; Irurita-Artesiaga errepidea eta ‘Bidegabeko bidea’ / ‘El camino de la injusticia’ eskultura; Ibiriku Deierriko Vicente eta Maravillas Lambertoren monolitoak; eta Andosillako kasinoaren memoria-gunea. Azken lau horiekin, 28 toki lirateke Foru Legeak aitortutako kategoria hori dutenak Nafarroan. Horiei, laster, San Kristobal gotorlekua (Ezkaba) gehitu beharko litzaieke, Estatuarekin amaitzen ari den protokolo baten barnean.
Batzordeak, lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilari Ana Ollok zuzenduta, aurrera atera ditu akordio horiek, gaur Nafarroako Jauregian egindako bileran. Bertan, Nafarroako Memoria Historikoari buruzko hainbat gai ere landu dira. Besteak beste, 2025eko desobiratze planaren bilakaera, identifikazio-prozesuak edo hezkuntza- eta sentsibilizazio-jardueren programa.
Urteko lehen seihileko honetan, Memoriaren Nafarroako Institutuaren jardueren balantzearen adierazle nagusiak honako hauek dira: Nasertic-ek kudeatzen duen DNA Banku Publikoari dagokionez, 398 espediente daude irekita, 44 pertsona identifikatzea ahalbidetu dutenak. Gogoan izan behar da Memoria Demokratikoaren Lurralde Kontseiluaren duela gutxiko bileran, Nafarroak DNA Bankuaren zerbitzuak eskaini zaizkiela beste autonomia erkidego batzuei, Estatuaren bitartez. Desobiratzeei dagokionez, aurten errepresaliatutako bi pertsonaren gorpuzkiak aurkitu dituzte, bata Genevillan eta bestea Jaitzen. Prospekzioekin jarraitzen da.
Erakusketen esparruan, deigarriena ‘Mauthausenetik haratago. Frances Boix-en argazkiak’, Iruñerriko Mankomunitatearen egoitzan (Salestarren komentu zaharra). Bileran, "Irudiak memoriarekin" zikloak edizio honetan ia 1.500 pertsona bildu dituela azpimarratu da, kasu honetan bi egoitzarekin, bata Iruñean eta bestea Tuteran. Hezkuntzaren alorrean (Memoria duten Eskolak), apirilean, Sartagudako Memoriaren Parkean, belaunaldien arteko VII. Topaketa egin zen; maiatzean, ‘Askatasunaren botilak’ VII. martxa; eta uztailaren 15ean, Nafarroan, Erbesterako Ibilbidearen (Ruta al Exilio) beste edizio bat hasiko da.
Batzordearen aurreko bilkuratik, martxoan, Panteoi berria inauguratu da Iruñeko hilerrian (Gobernuaren eta Iruñeko Udalaren artean finantzatua). Bertan, aurreko panteoiaren hondakinak eta Aranzadi Zientzia Elkartean zaintzen ziren hondakinak lurperatu dira. Halaber, Buchenwald-eko kontzentrazio-esparruan (Weimar, Turingia), holokausto naziaren biktima nafarren omenezko bi plaka jarri dira; zehazki, apirilean Alemaniara joandako Foru Komunitateko hainbat ikastetxetako ikasleek egindako pagadi sinboliko baten ondoan.
‘Memoria Tokiak’ eta memoria guneen sarea
Orain arte, honako leku edo elementu hauek osatzen dute ‘Memoria tokien’ mapa (Memoria guneen sareak duen babes handiagoko kategoria): Sartagudako Memoriaren Parkea; Otsoportilloko leizea (Urbasa); Valcalderako korralea (Cadreita); Monreal/Eloko Teileriako hobia; Iberoko Hiru Gurutzeen gaina; Erreniegako hobiak; Etxauriko Memoriaren Parkea; Olabeko hobiak; GR-225 ibilbidea (San Kristobalgo ihesaren ibilbidea eta "Askatasunaren botilak" proiektua); Igal-Vidangoz NA-2130 errepidea; emakumearen errepresioaren omenezko eskultura, "Emakume biktimak eta erresistenteak", Azkoienen; Argaitzeko harrobia, Beran; German Rodriguezen omenezko hilarria eta "Gogoan" eskultura, Iruñean (1978ko sanferminak); Elizondoko ‘Babesaren mugak’ eskultura, Baztanen; Atxiloketa Zentroen Memoriala (Iruñea); Iruñeko kartzela zaharraren atea; Lodosako plazatxoa; Urozko Memoria Parkea, Lizoáin-Arriasgoitin; Larragako ‘Memoriaren alde’ eskultura; Loitiko Gainaren memoriala (‘Loiti, ixilpeko hilerria-Loiti, cementerio clandestino’); Iruñeko Gaztelugibeleko monolitoa; Legarreako leizea, Gaztelun; Montejurrako monolitoa, Aiegin; eta Oroibidea ataria, estatu mailako dokumentazio-gune handienetako bat, formatu digitaleko memoria tokia. Horiei aurretik aipatutako lau tokiak gehitu beharko litzaizkieke, Gobernu Akordioan onartzen diren unean.
Nafarroa aitzindaria da Memoria Tokien deklarazio ofizialari dagokionez, lege espezifiko baten bidez. Era berean, Estatuaren eskumenen barruan, aurreikusita dago San Kristobal gotorlekua Memoria Tokia izendatzea, eta, beraz, Administrazio honi dagokio urrats hori ematea –Memoria Demokratikoari buruzko Estatuko Legearen bidez–, Foru Komunitatearekin laster sinatzea aurreikusten den protokolo zabalago baten barruan.