2026ko abuztuaren 14a

Nafarroan bizitegi-merkatuko gune tentsionatu izendatutako 21 udalerrietako alokairuen prezioak % 5,3 jaitsi dira, aurreko urteko bigarren hiruhilekoarekin alderatuta

Formalizatutako kontratu berri bakoitzeko batezbesteko prezioa 796,2 eurokoa da
Deskargatu irudia Irudi galeria

Nafarroak sendotu egin du alokairuen prezioei euspena Bizitegi-merkatuko gune tentsionatu izendatutako 21 udalerrietan. Alokairuen alorrean foru-komunitateko erregistro publiko bakarra den NEEKE-Nafarroako Etxebizitza Errentamenduko Kontratuen Erregistroan jasotako datuek erakusten dutenez, udalerri horietan formalizatutako kontratu bakoitzeko batez besteko prezioa 796,2 eurokoa izan zen urteko bigarren hiruhilekoan. Beraz, erran daiteke, 2025ko aldi berarekin alderatuta, % 5,3ko beherakada egon dela, aldi horretan formalizatutako kontratu berri bakoitzeko batez besteko prezioa 840, 9 eurokoa izan baitzen. 

Zona de Mercado Tensionado erakundeak urteko bigarren hiruhilekoari buruz landutako txostenetik eratortzen dira datu horiek, eta haren txostena eskueran dago jada Nafarroako Etxebizitza Behatokiaren webgunean. Txostenak adierazten du, halaber, merkatu tensionatuko eremutik kanpoko herrietan, alokairuaren batez besteko prezioa 594,9 euroraino iritsi dela eta, bide batez, % 4,7ko gorakada kausitzen dela 2025eko hiruhileko berarekin alderatuta. Orokorrean, Nafarroan formalizatutako kontratuen batez besteko prezioa % 5,4 merkatu zen urte batetik bertzera, eta 779,3 eurokoa da.

Hirugarren lehendakariordea eta Etxebizitza, Gazteria eta Migrazio Politiketako kontseilaria den Begoña Alfaroren ustez, azken urtebeteko datu horiek “berresten dute Merkatu tentsionatuko eremuen deklarazioa guztiz beharrezkoa zela, eta alokairuetan urtetik urtera jazotzen ari zen prezioen gorakada galgatzeaz harago, prezio horiek merkatzea ere lortu dugula”. Foru-gobernuko Etxebizitza arduradunaren iritzian, “merkatua egonkortzen ari da; etxejabeen zein maizterren segurtasun juridikoa irmotzen ari da, eta murrizten ari da kontratuak txandakatzea; hori positiboa da guztiontzat, kontratuen txandakatzea zenbat eta handiagoa izan orduan eta etekin handiagoak lortzen dituzten interes ekonomiko pribatuentzat izan ezik”.

Urteko bigarren hiruhilekoan formalizatu diren kontratu berrien bolumenari dagokionez, 1.001 izan dira guztira, hau da, iazko hiruhileko berean baino % 29,5 gutxiago. Oroitarazi behar da 2025eko bigarren hiruhilekoan izan zela seriean formalizatu diren kontratuen kopuru handiena, hain zuzen ere  azken hiruhilekoa izan baitzen alokairuen prezioen muga indarrean jarri aurretik alokairuen prezio librerako.

2026ko apiriletik ekainera bitartean erregistratutako kontratuetatik, gehienak (922) Etxebizitza-merkatu tensionatuko eremu izendatuta dauden 21 udalerrietako batean egin dira. Motei dagokienez, % 86 inguru ohiko etxebizitzari dagozkio, eta % 14 urte-sasoiko alokairuari; iazko aldi berean izandakoen oso antzekoak dira proportzio horiek. 
Oroitarazi behar da Nafarroako Gobernuak joan den urteko maiatzean 21 udalerri izendatu zituela ofizialki Merkatu tensionatuko eremu, eta etxebizitzarako irispidea errazteko neurri hori martxan jarri zuen bigarren autonomia-erkidegoa izan zela. Guztizko biztanleriaren ia % 70 hartzen dute udalerri horiek, eta honako hauek dira: Iruñea, Tutera, Eguesibar, Burlata, Barañain, Zizur Nagusia, Lizarra, Aranguren, Berriozar, Tafalla, Antsoain, Atarrabia, Corella, Elortzibar, Cintruénigo, Baztan, Altsasu, Uharte, Berriobeiti, San Adrian eta Azkoien.

Seihilekoaren datuak

NEEKEn jasotako datuen arabera, 788,4 euroko batez besteko prezioarekin amaitu zuen Nafarroak urteko lehen seihilekoa Merkatu tentsionatutako eremu izendatuta dauden udalerrietan; hau da, % 4,4ko beherakadarekin 2025eko lehen seihilekoarekin alderatuta, epe horretan batez besteko prezioa 824,3 euroraino iritsi baitzen orduan. 

Merkatu tensionatuko eremutik kanpo dauden herrietan batez besteko prezioa 599,2 euroraino iritsi da, eta % 2,8ko gorakada izan du 2025eko seihileko berarekin alderatuta. Oro har, batez besteko errentamendua % 4,5 jaitsi da urte batetik bestera, eta 770 eurokoa izan da aurtengo lehen seihilekoan.