2023ko irailaren 7a

Itzulia Nafarroara iritsiko da asteburu honetan

Larunbatean Larra-Belaguan amaituko den etapak eta, igandean, Iruñan hasi eta Lekunberrin amaituko den lasterketak, trafikoan eragina izango du bihartik aurrera

2023ko Espainiako Itzuliko bi etapa hartuko ditu Nafarroak asteburu honetan. Larunbatean Larra Belagua mendatea izango da Frantziako Sautveterre de Bearn herritik abiatuko den tropelaren helmuga, eta igandean Nafarroako hiriburutik abiatuko da Lekunberrin amaituko den 15. etapa. 

Itzuliaren zeharkaldiak trafiko etenaldiak eragingo ditu bihartik, ostirala, igandera arte. Ostiraleko, irailak 8, 15:00etan, Larra Belagua mendaterako sarbidea, 45. kilometrotik aurrera (Mata de Haya), mugatu egingo da. Mendatera oinez edota bizikletaz igo ahal izango da, lehenengo lasterkarien iritsiera baino 45 minutu lehenago arte, larunbatean, gutxi gorabehera 16:15etan alegia, 17:15etarako aurreikusitako etaparen amaierarekin.

Era berean, Nafarroako Gobernutik, gogorarazten da eremuan akanpatzea debekatuta dagoela, baina eremu bat gaituko da Belaguako lautadan, zeinetan aparkatzea nahiz gaua ematea baimenduko diren, bai furgonetekin eta bai autokarabanekin. Kokaleku horretan bertan, egun berean etortzen diren ibilgailuetarako beste parkin-eremu bat prestatuko da.

Bestalde, zaleei gogorarazten zaie une orotan errespetatu behar direla errepideko seinale eta arauak, batez ere ibilgailuak aparkatzerakoan (debekatuta dago gaitutako guneetatik kanpo aparkatzea), arreta berezia jarriz jaitsiera gunetan, kirolariak arriskuan ez jartzeko asmotan.

Horrez gainera, txirrindularien iritsieran, zaleek kontuan hartu beharko dute txakurrak lotuta eraman behar direla eta ezin izango dela zaborrik bota eremuan. Eta amaitzeko, debekatuta dago sua piztea, baita baimenik gabe dronak erabiltzea ere.

Ibilbidea eta trafiko etenaldiak

Nafarroako Gobernuak, Foru Poliziaren bitartez, dispositibo berezi bat prestatu omen du txirrindularitza probako iritsieraren harira; Guardia Zibilarekin koordinatzea zainduz, lasterkarien segurtasuna eta trafikoaren arintasuna bermatuko dira ibilbidean zehar.

Arau orokor bezala, eragindako errepideak, txirrindularien zeharkaldia baino ordubete lehenago itxiko dira. Larunbateko etapa Nafarroara NA-2011-tik (Larrau) sartuko da, NA-140 errepidean barrena jarraituz, Uztarroze eta Izaba zeharkatuz, Larra Belaguako gaineko helmugarako bidean.

15. etapa 11:30etan aterako da Iruñatik, Zitadelako esparruaren barrutik eta hiriburuko honako kaleak zeharkatuko ditu: Vuelta del Castillo, Pio XII Etorb., Navas de Tolosa, Sarasate Pasealekua, San Ignacio Etorbidea, Cortes de Navarra, Juan de Labrit, Vergel, Arga Ibaia, Gipuzkoa Etorb., Lau Haizetako Zubia eta Santa Lucia.

Lasterketaren hiriburuko irteera Iruñako ingurabidetik egingo da, PA-30, Orkoien noranzkoan eta zeharkatuko ditu honako errepideak: NA-700 (Aratzuri, Ororbia eta Ibero), NA-7110 (Etxauri, Elio, Etxarri eta Belaskoaingo Bainuetxea), NA-7040 (Artazu eta Gares), NA-1110 (Mañeru, Zirauki, Lorka, Villatuerta eta Lizarra), NA-120 (Abartzuza, Lizarragako Portua), NA-2410 (Etxarri Aranatz, Arbizu, Uharte Arakil, Ihabar, Zuhatzu eta Etxarren), NA-7500 (Madotz, Astitz eta Alli).

Txirrindulariak helmugara iritsiko dira Lekunberrin, 17:15ak inguruan, NA-7510, NA-1300 (Latasa), NA-7505 (Mugiro), NA-2410 (Irurtzun) eta NA-7500 (Madotz) bideak zeharkatu ondoren. Helmugaren muntaketari dagokionez, goizean zehar NA-1300 itxita egongo da Lekunberrin, muntaketa-lanek iraun bitartean.

Errepideko jarduketak

Lurralde Kohesiorako Departamentuko Herri-Lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusitik hogei bat jarduketa egin dira Itzuliak zeharkatuko dituen bideak egokitzeko. Guztira, 913.937,45 euro inbertitu dira Agoitz, Lizarra, Irurtzun eta Iruña barrutietan adskribatutako errepideetan.

Eginiko jarduketen artean, nabarmentzekoak dira galtzadaren garbiketa lanak, bazter-guneetako sastraka kentzeak, mozketak hala nola inausketak, garbiketak, bide-markak, seinaleztapen edo fresaketa lanak eta aglomeratuen birjarpena.