Descárgate la app
Hiru ikastetxetako ikasleek egindako ‘Bizikidetzaren aldeko murala’ bisitatu du Ana Ollo lehendakariordeak IES Barañainen
2025ko apirilaren 15a
Hiru ikastetxetako ikasleek egindako ‘Bizikidetzaren aldeko murala’ bisitatu du Ana Ollo lehendakariordeak IES Barañainen
Nafarroako Gobernuko lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilari Ana Ollok IES Barañainen egindako ‘Bizikidetzaren aldeko murala’ bisitatu du gaur goizean. Jarduera hau "Bakearen eta bizikidetzaren aldeko Eskolak" programaren testuinguruan kokatzen da, eta Memoria eta Bizikidetzako Zuzendaritza Nagusiaren Bizikidetza eta Giza Eskubideen Zerbitzuak bultzatu du, hiru ikastetxetako ikasleekin lankidetzan: Andrés Muñoz Garde Hezkuntza Bereziko Ikastetxe Publikoko Lanbide Heziketa Bereziko taldea, Alaitz BHIko DBHko 1. eta 4. mailako taldeak eta IES Barañaingo Batxilergoko 1. mailako bi talde. Sormen-prozesua Malmö ilustrazioa&diseinua estudioko lantaldeak zuzendu du, eta gaitasun desberdinak dituzten ikasleen artean lankidetza-proiektu hau lantzeko gune seguru eta konfiantzazkoa sortzeko gai izan da. Ikasleek ideiak eman dituzte "Aniztasun funtzionala" tailerraren bidez, eta Juan Angel Perotxena "Perotx", Maria Gaztelupe eta Pello Fagoagarekin batera diseinatu eta sortu duten murala margotu dute.
Muralaren proiektuari esker, dibertsitate funtzionala ikastetxe arrunt bateko bistako adreilura eraman ahal izan da, IES Barañainera, hain zuzen ere. Institutuko patioa emozionalki irisgarria izango da, Nafarroako edozein herritako errealitate bat ikusaraztea ahalbidetuko baitu, batzuetan ezjakintasunagatik ikusezin bihurtzen dena. "Ikasleek, jasotako jarraibideekin, landutako kontzeptuei buruzko ilustrazio sinpleak egin dituzte; ia ikonora, diseinu grafikora hurbiltzen diren ilustrazioak, mezu argia islatzeko. Irudiak gainjartzearen bidez konbinatu dira. Forma sinple eta atsegin horien bidez, koloreak aukeratzeaz gain, mundu irisgarriago eta inklusiboago baterantz aldaketak egiteko gonbidapen positiboa egiten da", nabarmendu du Ollo lehendakariordeak bere hitzaldian.
Irudia osatzeko, ikasleek berek, talde teknikoak eta irakasle-taldeak sortutako esaldi bat: “La diversidad florece en un mundo sin barreras-Aniztasuna oztopo gabeko mundu batean loratzen da”. Aldaketak behar dira eremu guztietan, norbanakoen ohituretatik hasi eta erakundeen erabakietaraino. Gizarte gisa ere, kolektiboki lan egiteko betebeharra dugu, eta horretan oinarritu da horma-irudia burutzeko prozesua.
Gaur goizeko inaugurazioan Barañaingo alkate Maria Lecumberri eta hiru ikastetxeetako ikasle eta irakasleak ere izan dira. Halaber, Ollo lehendakariordeak sormen-prozesuaren eta azken emaitzaren balioa nabarmendu nahi izan du. Zorionak eman dizkie ikasle guztiei eta Juan Ángel Perotxena, Maria Gaztelupe eta Pello Fagoagari egindako lanagatik: "Muralaren izenburuak dioen bezala, oztoporik gabeko mundua aukerak sortzen dituen mundua da, pertsona gisa distiratzeko aukera. IES Barañaingo patioa joan den astean baino distiratsuagoa da, eta Andrés Muñoz Garde eta Alaitzeko ikasleek berezkotzat sentituko dute. Zorionak denoi egindako lanagatik".
Bestalde, Juan Angel Perotxena "Perotx" artistak errealitate desberdinetako ikasleekin lan egitearen garrantzia azpimarratu du: "Aukera bikaina izan da Andrés Muñoz Garde ikastetxearen errealitatea ezagutzeko. Opari bat da (artelana) espazio publikora eraman ahal izatea eta errealitate ezezagun bat naturalizatzea".
‘Bakearen eta bizikidetzaren aldeko eskolak’ programak horrelako ekimenak bultzatzen jarraituko du, gogoeta, elkarrizketa, eztabaida eta sorkuntza uztartuz. Dagoeneko lau mural egin dira azken lau urteetan Zangozakoarekin, 2022an; Beran, 2023an; eta Cintruenigon iaz (2024an). Aurreko hiru hauei Barañaingoa batzen zaie. Nafarroako herri horietako ikastetxeetako ikasleek eta irakasle taldeek balorazio oso positiboa egin dute horma-irudia lantzeari dagokionez.