2024ko ekainaren 4a

Ollo lehendakariordeak duela 75 urte Nafarroan hartu zituzten "haur austriarren” ordezkaritza bati harrera egin dio

Club-Encuentro elkarteko ordezkaritza batek, Austriak Espainian duen enbaxadorearekin batera, Nafarroako Jauregian egin den harreran parte hartu du
Ollo lehendakariordea, Club Encuentroren ordezkaritzari egindako harreran.
Ollo lehendakariordea, Club Encuentroren ordezkaritzari egindako harreran.   Deskargatu irudia Irudi galeria

Ana Ollo Hualde lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilariak harrera egin die, gaur goizean Nafarroako Jauregian, duela 75 urte, Bigarren Mundu Gerraren amaieran, Nafarroan hartu zituzten "haur austriarrei", Club-Encuentro elkartearen ordezkaritza bati, hain zuzen ere.

Austriak Espainian duen enbaxadore Enno Drofenik buru dela, Monika Kurzbauer, Herta Schmol, Grete Tucek, Ingrid eta Peter Hochholzer, Hildegard eta Wolfgang Leposa, Hubert Rogelböck eta Wolf-Dieter Wobetzkyk osatu dute Austriako ordezkaritza.

Ekitaldian, Ollo lehendakariordeak gogorarazi du 1940ko hamarkadan Nafarroa harrera lurraldea izan zela gerraren ondorioetatik eta Europa erdialdeko herrialdea astindu zuen pobrezia ekonomikotik ihes egiten zuten haur austriarrentzat, 500 haur baino gehiagorentzat, hain zuzen ere. "Bai une dramatiko haietan, bai gaur egun ere, Nafarroa harrera lurraldea da. Horrela izan zen beren bizitzako garai zail eta konplexua Nafarroako familien artean igarotzera etorri ziren haur guztientzat", adierazi du.

"Guerra osteko behar latzei aurre eginez, Nafarroako familiak plater bat gehiago jarri zuten mahaian eta haur haiek besoak zabalik eta familiako beste kide bat bailiran hartu zituzten, bigarren etxe bat emanez", jarraitu du Ollok.

Europako migrazio-krisiek gaur egun duten erronka ere azpimarratu nahi izan du lehendakariordeak: "Errefuxiatuen krisi horiek ezin dira alde batera utzi, duela 75 urte ere ez bezala. Haur batek ere ez du merezi izututa eta etxerik gabe bizitzea. Gerratik edo miseriatik ihes egiten duten haurrek gure laguntza eta konpromisoa behar dute ".

Amaitzeko, kontseilariak gonbidapena egin die bertaratutakoei "bizipen gogoangarri hau zuen familia eta lagunekin partekatzeko, Nafarroa beti gogora dezaten hartu zituen eta beti besoak zabalik hartuko dituen lurralde gisa".

Bestalde, Austriako enbaxadore Enno Drofenik azpimarratu du horrelako topaketek bi herrialdeen arteko adiskidetasuna eta harremanak estutzeko eta mantentzeko balio dutela, eta eskerrak eman dizkie Nafarroari eta bertako familiei duela 75 urte bere herrikideak hartzeagatik. 

Era berean, Alexander Van der Bellen Austriako presidentearen gutun bat eman dio Drofenikek Ollo lehendakariordeari, une historiko hartan "Nafarroak erakutsitako adiskidetasuna" benetan eskertzeko. 

Nafarroara iritsi zireneko 75. Urteurrena

Aurten 75. urteurrena betetzen da Bigarren Mundu Gerraren ondoren Espainia osoko familiek hartu zituzten "Austriako Haurren" lehen alditik. 1949an, Austriako Caritasek eta Espainiako Acción Católicak antolatu zuten lehen bidaia.

“Club-Encuentro” elkarteko kide Monika Kurzbauer-ek ere hitza hartu du, 500 adingabe baino gehiagoren lehen garraio hura azaltzeko. Horietako asko elikadurarik gabe bidaiatu zuten, eta 1949ko otsailaren 21ean iritsi ziren Nafarroara. 1949-1952 bitartean, 6 eta 10 urte bitarteko 3.500 adingabe baino gehiago hartu zituzten familia espainiarrak. Kurzbauerrek, halaber, eskerrak eman nahi izan ditu garai zail haietan Nafarroak egin zien harreragatik.

Harrerako denborak eragin sakona izan zuen haur horien etorkizuneko bizitzan, eta orain "Club-Encuentro" elkartearen parte dira. Espainiar familiei eskerrak ematea eta bigarren aberriarekin lotura izatea klubaren parte izan da hasieratik, eta bertatik gaztelania eta kultura bultzatzeko lanean ari dira, bi herrialdeen arteko harremanak sustatuz eta "Austriako Haurren" eta haien harrera-familien arteko harremanak sakonduz.