Descárgate la app
Euskara ikasteko pertsona helduen matrikulazioen gorakada nabarmendu du Ollo lehendakariordeak
2025ko urriaren 6a
Euskara ikasteko pertsona helduen matrikulazioen gorakada nabarmendu du Ollo lehendakariordeak
Nafarroako Gobernuko lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilari Ana Ollok azken urteotan euskara ikasteko nafar gizarteko petsona helduen matrikulazioen igoera nabarmendu du, Nafarroako helduak euskalduntzeko 2025-2026 ikasturte akademikoari hasiera emateko ekitaldian, gaur eguerdian Iruñean egin dena. Bertan, lehendakariordearekin batera egon dira Javier Arakama Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuko zuzendari kudeatzailea eta Eskarne Lopetegi Zalakain, euskal filologian lizentziaduna, HABEren Metodologia eta Edukiak arloko burua eta INGURA euskara on line ikas-plataformaren arduraduna. Azken honek INGURA plataforma aurkezteko eta ikasturte honetarako dituen helburuak azaltzeko hitzaldia eman du.
Bere solasaldian, Ollo lehendakariordeak nabarmendu dituen ideiak ondokoak izan dira. Lehenik eta behin, “hasi berri den ikasturte honetan, behin-behineko datuek % 15ko igoera erakusten dute euskara ikasi nahi duten pertsona helduen matrikulazioetan. Gorakada hori, batik bat, A1 ikasmailan ikusi da, hau da, euskara ikasten hasi diren ikasleen artean, % 23 igo baita. Datu pozgarriak dira, Nafarroako Gobernuaren helburuari eta ahaleginari erantzuten dietenak”.
Bestetik, “helduaroan euskara ikasteko dirulaguntza eskatzen duten herritarrak, iaz, 2024-2025 ikasturtean, 1.447 izan ziren; inoiz baino eskatzaile gehiago. Hasi berri den ikasturtean ere, bide horretatik jarraituko dugula dirudi; izan ere, urte hasieratik eta uda amaitu arteko ikastaroak barne hartzen dituen modalitatean, dagoeneko % 30eko igoera sumatu dugu”, adierazi du Ollok.
Azkenik, Ollok zehaztu duenez, Nafarroako Gobernuak hizkuntza politika publikoan egiten ari den ahalegin horrek emaitza onak, “herritarrentzako onura eta laguntza handiagoa ekartzen segituko duela espero du. Hori da helburua”, Foru Gobernuko Hizkuntza politiken arduradunaren esanetan.
Nafarroako helduei euskara irakasteko sektoreko eragile guztien lana aintzatetsi nahi izan dute Gobernuko arduradunek, bai ikastegi publikoetan edo gizarte ekimeneko euskaltegietan euskara irakasten duten irakasleen lana eta euskara ikasten duten milaka ikasleen gogoa eta ahalegina.
Laguntzak eta doakotasunera egindako urratsak
Denen arteko ahalegin eta lankidetza horri esker, joan den ikasturtean 5.500 inguru izan ziren Nafarroako euskaltegi eta ikastegietan euskara ikasteko matrikula egin zuten herritarrak. Bide horretan jarraitzeko eta pertsona helduek euskaraz ikasteko doakotasunera iritsi daitezen, Euskarabideak euskaltegietarako dirulaguntzak ere baditu eta hasi berri den ikasturte honetarako 2.700.000 euroko aurrekontua dago exekutatzeko.
Aintzat hartu behar da ere Euskarabideak, aurten, 2024an baino 200.000 euro gehiago bideratu dituela helduek euskara ikasteko dirulaguntzetara. Hala, 2025ean 560.000 euro osotara eta joan den urtean, 359.000 euro.
INGURA, euskara sarean ikasteko plataforma
INGURA euskara Internet bidez ikasteko plataforma digital publiko berria da, EUSGUNEAK proiektuan txertaturik, Euroeskualdeko erakunde publikoak garatzen ari direna. INGURAren bidez, euskara ikastea pertsona guztien eskura jarri nahi da. Egun A1 eta A2 mailetako ikastaroak egiteko aukera dago. Horrez gain, euskaltegietan izena emanda, ikastaroak tutoretzapean egiteko aukera izango da. A1 mailaren egiaztatzea ere du helburu, euskara ikasten hasi direnei zuzendurik batik bat.
Hain zuzen ere, INGURA izan da aurtengo ekitaldiko ikastaro akademikoaren ardatza. Eskarne Lopetegik, euskara on line ikas-plataforma honen arduradunak, baliabide berri honi buruzko saioa eskaini du. Ikas-ingurune honen bitartez edonork edozein gailutatik, noiznahi eta nonahi, euskara eroso eta malgu ikasteko aukera izango duela adierazi du Lopetegik.
INGURAko ikastaroak Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Curriculumaren ildo metodologikoei jarraikiz, ikasleak euskaraz komunikatzea lortzeko, ulermen, elkarreragin eta bitartekotza jarduerak eta estrategiak landuko ditu. Horretarako, bakarka egiteko jarduera autozuzenduak nahiz tutorizatuak izango ditu eta baita talde-jarduera gidatuak ere.
Euskara ikasteko plataforma honek egitura oso argia duen metodoa ere bada. Trebetasun guztiak lantzeko jarduera-mota ugari eskaintzen dizkie ikasle-erabiltzaileei, amaieran jarduera tutorizatuak dituena eta egoera-bideo eta gramatika azalpen-bideo bana ikasunitate bakoitzeko. Bestalde, kultur atal bat azaltzen du ikasunitate bakoitzeko. Errepaso-unitate bat proposatzen du lau unitatez behin eta motibazioan eragiteko jakinarazpenak ere luzatzen dizkie ikasleei.
Eleanitza ere bada INGURA, argibideak eta azpitituluak lau hizkuntzatan eskaintzen baititu: Euskaraz, Gaztelaniaz, Frantsezez eta Ingelesez. Eta ikus-entzunezko edukiei dagokionez, 100 bideo baino gehiago ditu plataformak maila ezberdinetarako, hala nola egoera-bideoak zein gramatika azaltzeko bideo-ikasgaiak
Ikasleek hasieratik has daitezke euskaraz hitz egiten, beren ahotsa grabatu eta konparatu, eta elkarrizketetan parte arte hartu. Ekoizpen horiek ere gorde daitezke. Horrela, jarduera komunikatiboak bakarkakoak nahiz taldean izan daitezke eta berehalako feedbacka jaso, ikasle bakoitzak burututako aurrerapenak jarraitzea ahalbidetuz. Elkarrekin Ikastea ere posible da, bai taldean, bai ikaskideekin batera, baita irakaslea lagun izanik.
Zehazki, Eusko Jaurlaritza, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren eta HABEren bidez; Iparraldeko Euskararen Erakunde Publikoa; eta Nafarroako Gobernua, Euskarabidearen bitartez, dira EUSGUNEAK proiektua landu duten erakunde publikoak.
Proiektu honek % 65eko finantzaketa jasoko du Europar Batasunetik, Interreg programaren POCTEFA-AFOMEF deialdiaren bidez. POCTEFA deialdiek Espainia, Frantzia eta Andorra lurraldeetako muga aldeko integrazio ekonomiko eta soziala indartzea dute xede.