Descárgate la app
Txileko diktadurako torturaren aurkako borrokaren erreferente Rita Peña Cárdenasi harrera egin dio Ana Ollo lehendakariordeak
2024ko azaroaren 21a
Txileko diktadurako torturaren aurkako borrokaren erreferente Rita Peña Cárdenasi harrera egin dio Ana Ollo lehendakariordeak
Txileko diktaduran torturaren aurkako borrokaren erreferente den Rita Peña Cárdenasi harrera egin dio gaur goizean Nafar Gobernuko lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilari Ana Ollok. Ekintzaile txiletarrak parte hartuko du bihar, Iruñeko Planetarioan, Nafarroako Torturatuen Sarearen III. Nazioarteko Konferentzian: "Giza Eskubideen Batzordeak: esperientziak, oztopoak eta erronkak"; Nafarroako Torturatuen Sareak giza eskubideak egiaztatzeko eta defendatzeko batzordeen zereginari buruz antolatutako topaketa. Rita Peña Cárdenas 1982an torturatu zuten, Txileko diktaduran (1973-1990), eta 2003tik aurrera Espetxe Politiko eta Torturari buruzko Batzorde Nazionalean parte hartu zuen, «Valech Batzordea» izenez ezagunagoa. Sergio Valech gotzainaren izena hartu zuen batzordeak hori.
Peña Cárdenasen bizipen pertsonala ezagutarazteaz gain, jardunaldi honen helburua da Kataluniako eta Euskadiko Giza Eskubideen Batzordeetako esperientzia ezagutzea, aintzatespen instituzionalean eta justizia trantsizionalean adituak direnen eskutik.
Ollo lehendakariordeak Nafarroako Gobernua testuinguru biktimologikoetako biktimekin egiten ari den lanaren berri eman dio ekintzaile txiletar honi. Besteak beste, motibazio politikoagatik Foru Gobernua ofizialki aitortzen hasi den torturaren biktimak, urteetan ahaztuta egon ondoren.
Martin Zabalza Memoria eta Bizikidetzako zuzendari nagusiak, eta Metxe Gonzalezek eta Ainara Gorostiagak parte hartu dute bileran, Nafarroako Torturatuen Sarearen ordezkari gisa, Ollo lehendakariordeaz eta Rita Peñaz gain. Rita Peñak elkarte honek "Giza Eskubideen Batzordeak: konkistak, oztopoak eta erronkak" izenburupean Planetarioan antolatu duen jardunaldian parte hartuko du bihar. Hizlari izango dira, halaber, Iratxe Urizar abokatua (Giza Eskubideen Euskal Behatokia), Gemma Ubasart (Kataluniako Generalitateko Justizia, Eskubide eta Memoria sailburu ohia) eta Jon Mirena Landa, Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen zuzendari ohia eta Euskadiko biktimen errekonozimendurako Balorazio Batzordeko kidea.
Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako departamentuak ere bere Batzordea du, Eskuin muturreko taldeek edo funtzionario publikoek eragindako motibazio politikoko ekintzen biktimei errekonozimendua eta erreparazioa emateko 16/2019 Foru Legearen garapenaren emaitza; ekintza-ildo horren barruan dago Nafarroako Torturatuen Sarearekiko lankidetza-hitzarmena, biktima horiei laguntza eta aholkularitza teknikoa emateko.
Nafarroako Gobernuak biktima guztiak aitortzearen aldeko apustu integrala egin du
Gogoratu behar da Nafarroako Gobernuak, "ikuspegi integral batetik, parekatzerik eta diluziorik gabe", aurrera egiten jarraitzen duela biktima guztien aitortzan eta erreparazioan, beren testuinguru biktimologiko propioak kontuan hartuta eta bakean oinarritutako gizartea eraikitzeko bizikidetzaren eta memoria demokratikoaren aldeko apustu global eta koherentearen barruan.
Ildo horretan, Foru Gobernuak jada aplikatzen zituen bai Terrorismoaren Biktimei Laguntzeko 9/2010 Foru Legea, bai 33/2013 Foru Legea, 1936ko kolpe militarraren ondorioz eraildako eta errepresioaren biktima izan ziren Nafarroako herritarrei errekonozimendua eta erreparazio morala ematekoa. Prozesu horiekin bat egin du, XI. legegintzaldi honen hasieran, 16/2019 Foru Legeak, "Eskuin muturreko taldeek edo funtzionario publikoek eragindako motibazio politikoko indarkeriaren biktimei errekonozimendua eta erreparazioa" izenekoak, dagokion batzordearekin. Organo hori honako hauek osatzen dute: Memoria eta Bizikidetzako zuzendari nagusiak, Memoriaren Nafarroako Institutuko zuzendariak, bi auzitegi-perituk eta indarkeria jasan duten pertsonekin, biktimekin, esperientzia duen psikologo batek, Auzitegi Medikuntzako Nafarroako Institutuak izendatuak. Gainera, Nafarroako Parlamentuak proposatuta, esparru akademiko eta sozialeko lau adituk ere osatzen dute Batzordea.