2026ko urtarrilaren 16a

Alfaro lehendakariordea Nafarroako Alokairu Eskuragarriko lehen sustapena ikusten izan da Mutiloan

Sustapena alokairu eskuragarriko 54 etxebizitza ditu, eta parke publikoa indartzen du iraunkortasunaren, energia-eraginkortasunaren eta eraikuntzaren industrializazioaren arloko irizpideekin
Irudi galeria

Begoña Alfaro Nafarroako Gobernuko hirugarren lehendakariordea eta Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako kontseilaria etxebizitza publikoaren sustapen berria bisitatzen izan da gaur, Mutiloako Mugartea etorbideko 24. eta 25. zenbakietan. Sustapena EtxeON Navarra etxebizitza-programan sartuta dago, eta, horren bidez, alokairu eskuragarri, iraunkor eta kalitatezko etxebizitzen parke publikoa handitu nahi da. 

Eraikina 2.520 metro karratuko orube baten gainean egin da, eta Foru Exekutiboak alokairu eskuragarriarekin duen konpromisoa indartu du, orain arte etxebizitza publikorik eskuratu izan ez duten pertsonek eta familiek eskuratzeko aukera izan dezaten.

Bisitan, kontseilariak honela nabarmendu du: “EtxeON Navarra herritarren kezka nagusietako bati erantzuteko apustu estrategikoa da; hau da, etxebizitza duin bat eskuratzea, eta, horretarako, alokairu eskuragarria konbinatu du jada abian jartzen ari diren beste modalitate batzuekin batera”. Ildo horretan, “Mutiloakoa bezalako sustapenek erakusten dute parke publikoa handitu daitekeela, energia-eraginkortasunaren, berrikuntza eraikitzailearen eta erantzukizun  sozialaren irizpideekin”.

Abenduaren 5ean alokairu eskuragarriko etxebizitzaren modalitaterako eskatzaileen erroldan izena emateko epea ireki zenetik, Nafarroako Gobernuak guztira 443 eskaera jaso ditu. Modalitate berri hau SARA indizeko 2,5 eta 4,5 arteko urteko errentak dituzten pertsonei zuzenduta dago; 2025 ekitaldirako 10.919 eurokoa zen. Alegia, gutxi gorabehera, pertsona baten familia-unitate baten urteko errenta gordinak 28.000 eta 50.000 euro artekoa izan behar du; bi pertsonek osatutako familia-unitatearentzat 37.000 eta 67.000 euro artekoa; hiruk osatutakoarentzat, berriz, 40.000 eta 72.000 euro artekoa; eta lau kideko familia-unitatearentzat 42.000 eta 76.000 euro artekoa.

Gaur goizean bisitaturiko proposamen arkitektonikoa lehiaketa publiko bidez hautatu da, eta OFS Architects estudioari dagokio, “Concéntrico” leloarekin. Obraren exekuzioaren zuzendaritzaz eta segurtasunaren eta osasunaren koordinazioaz ATERPE Aparejadores, S.L.P. enpresa arduratu da; instalazioen proiektuen eta obra-zuzendaritzaren ingeniaritza-egilea, berriz, INARQ Ingenieros da.

Lanak 2024ko abenduan esleitu zitzaizkion Garbayo Chivite, S.L. Eraikuntza enpresari, eta Berreskuratze eta Erresilientzia Mekanismoaren (MRR) finantzaketa dute, Next Generation EU funtsen 6. Programaren bidez.

Nasuvinsari dagokionez, proiektuaren koordinazioa Idoia Zabalza eta Fermin Equiza arkitekto teknikoei egokitu zaie, sozietate publikoko Etxebizitza Departamentukoei.

Javier Buron Nasuvinsako zuzendari kudeatzaileak adierazi du “sustapen honek sozietate publikoan bultzatzen ari garen eredua islatzen duela: alokairu eskuragarriko etxebizitza, energia-eraginkortasuneko estandar altuekin, industrializazio-maila handiarekin eta zerbitzu publikorako orientazio argiarekin”.

Alokairu eskuragarriko 54 etxebizitza, A kalifikazio energetikoarekin

Sustapena aurrez aurreko bi eraikinek osatzen dute. Guztira, alokairu eskuragarrirako 54 etxebizitza daude eta 81 garaje-plaza eta 54 trasteleku. Eraikinak bi soto-solairu, beheko solairua, gainean beste lau solairu eta atikoa ditu.

Bizitegi-programan lau logelako etxebizitza bat, hiru logelako 32 etxebizitza, bi logelako 20 etxebizitza eta logela bateko etxebizitza bat sartzen dira, eta guztiek dute trastelekua eta aparkatzeko plaza.

Alokairu eskuragarriko prezioei dagokienez, gutxi gorabehera, honako hauek izango dira hilean: logela bateko etxebizitzek 425 euro, bi logelako etxebizitzek 550 euro, hiru logelakoek 675 euro eta lau logelakoek 910 euro, etxebizitza bakoitzaren azalera erabilgarriaren arabera aldatuz, erreferentziazko gehieneko prezioa 8,25 eurokoa izango baita metro karratu erabilgarri bakoitzeko. Zenbateko horiei, hala badagokio, garaje-plazari dagokion kostua gehitu beharko zaie (hilean gehienez 72,47 euro plaza bakoitzeko) eta trastelekuarena ere bai (gehienez 2,41 euro metro karratu erabilgarri bakoitzeko).

Eraikuntzaren ikuspegitik, eraikinean hormigoizko egitura konbinatu da sotoetan zur kontralaminatuzko panelekin (CLT) sestra gaineko solairuetan, industrializazio-maila handiaren alde eginez, sotoetako hormak nahiz CLT panelak elementu aurrefabrikatuak baitira.

Sustapenak A kalifikazio energetikoa lortu du; hau da, eraginkortasunaren eskalan zorrotzena. Fatxadak CLt sistema industrializatuen bidez gauzatu dira, kanpoaldetik isolamendu jarraituarekin, fatxada aireztatuarekin eta barneko estradosatuarekin, isolamendu eta guzti.

Berokuntza eta ur bero sanitarioa ekoizteko, aerotermiako sistema zentralizatua jarri da, plaka fotovoltaikoekin lagunduta. Etxebizitzek zoru bero-emailea dute. Gainera, aireztapen mekaniko kontrolatu dute, bero-berreskuragailuekin.

Etxebizitzak alokairu-erregimenean erabiltzeko erabat egokituta emango dira: kanpoko arotzeria PVCkoa, zubi termikoaren hausturarekin, portzelanazko eta zeramikazko zoladura, barruko arotzeria zur laminatuzkoa eta sukalde ekipatuak sukaldeko altzari, granitozko gainalde, ke-kanpaia, bitrozeramika eta harraska eta guzti.