2024ko azaroaren 14a

Chivite Lehendakariak konponbideak sortzen dituen “politika erabilgarria” aldarrikatu du “gure demokrazia arriskuan jartzen duen desinformazioaren aurrean”

“Politika publikoek palanka eraldatzaile bat izan behar dutela” nabarmendu du Legegintzaldi honetako Foru Komunitatearen egoerari buruzko lehen eztabaidaren hasieran
María Chivite, Nafarroako Lehendakaria, Komunitatearen eztabaidaren une 
batean.
María Chivite, Nafarroako Lehendakaria, Komunitatearen eztabaidaren une batean.   Deskargatu irudia Irudi galeria

Nafarroako Lehendakari Maria Chivitek “bizikidetzaren aldeko konponbideak bilatzeko lanean ari den politika erabilgarria”, aldarrikatu du “hazten ari den polarazazioari, eta desinformazioak elikatuta gure demokrazia mehatxatzen duen bideari aurre egiteko”.  

Hala adierazi du legegintzaldi honetako Foru Komunitatearen egoerari buruzko politika orokorreko lehen eztabaidaren hasieran. Eztabaida ostegun honetan hasi da Nafarroako Parlamentuan, eta bihar, ostirala, jarraituko du. Bere hitzaldian, Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariak egungo egoera ekonomikoa, gizarte-arloko politika publikoen garapena eta Foru Exekutiboaren gobernantza-eredua errepasatu ditu. 

Chivite Lehendakariak adierazi duenez, Exekutibo hau “gobernu egonkorra da, funtzionatzen du eta aurrera egiten du; eta herritarrengan konfiantza sortzen du”. Gutxiengoan egon arren, “gehiengo sozialeko politika publikoak” egiten dituela ere nabarmendu du. Chivitek, gainera, Gobernuaren lan egiteko modua deskribatu du, “parte-hartzean eta entzutean” oinarrituta, “gobernantza ireki eta gardenaren” alde lan egiten duelako. Bere ustez, “kudeaketa honen bidez, gizarte osoaren eskutik, Nafarroako ekosistema eraginkor bat eraiki da, talentua, berrikuntza eta enpresa-konpromisoa batzen dituena, eta berdintasuna, herritarren eskubideak eta bizikidetza zeharkako ardatz gisa ere lantzen dituena”. 

Lehendakariak bere hitzaldian gogorarazi nahi izan du DANAk Espainian duen eragina, eta egoera horrek “berriro ere politika publikoen elkartasuna eta humanizazioa piztu dituela, balio horiek definitzen gaituztelako ere, Nafarroa Markaren pean, Espainiako bizi-kalitate handiena duen erkidegoa izaten laguntzen dutelako”, nabarmendu du. “Nafarroak –jarraitu du- funtzionatzeko modu berezia du, gauzak egiteko modu propioa, aniztasuna, konfiantza, lankidetza, determinazioa, sendotasuna eta errotzea bezalako atributuekin”. 

Ekonomia-eremua

Lehendakariak azpimarratu nahi izan du ekonomia eta berdintasuna “txanpon beraren bi aldeak” direla, eta alde horretatik azpimarratu du “garapen ekonomikoak gizarte-, genero- eta lurralde-desberdintasunei aurre egiten lagundu behar duela”. 

Oro har, Chivite Lehendakariak gogorarazi du Nafarroa dela “Espainiako zorpetze baxuena” eta “fiskalitate zorrotza” duen erkidegoa, 6.400 milioitik gora inbertsio sozialera bideratzen dituena: osasuna, hezkuntza, etxebizitza, eskubide sozialak eta enplegua. Gainera, Europako funtsen iritsiera nabarmendu du, 149 proiekturi esleitutako 620 milioi eurorekin.

Industriaren egoerari dagokionez, Maria Chivitek azpimarratu du Nafarroak eredu digital eta iraunkor batean aurrera egiten jarraitzen duela. Etorkizun hurbilean Industriari buruzko Foru Lege berria bezalako proiektuak kokatzen dira, “bere posizioa sendotzeko eta proiektu berriak erakartzeko” balio duena, ziurtatu duenez. 

Trantsizio ekologikoa eta enplegua

Arlo honetan, Lehendakariak nabarmendu du halaber garrantzitsua dela trantsizio energetikoaren prozesuarekin jarraitzea eta ibilgailu elektrikoa bultzatzea, ibilgailu horiek erosteko pizgarrien edo kargatzeko puntuen bidez. “Nafarroan matrikulatutako ibilgailuen % 17 elektrikoak dira, eta 2026an hiru ibilgailutik 1 elektrikoa izatea nahi dugu” azaldu du. 

María Chivitek nekazaritzaren sektorerako hartutako neurriak ere aipatu ditu, belaunaldi-errelebori ezaren eta despopulazioaren arazoei aurre egiten baitie. 

Enpleguari dagokionez, Lehendakariak “datu historikoetan” kokatzen du, 313.000 landun baino gehiagoren eta “inoizko kopuru handienarekin”. Aurreratu du, gainera, Elkarrizketa Sozialerako Kontseiluko eragileekin batera lanean ari direla Enplegu Plan berria egiteko, Plan horrek lan-ezbeharrak “gure lan-inguruneko arazo nagusietako bat bezala” jorratuko ditu.

Ekonomiari buruzko hitzaldia amaitzeko, Chivite Lehendakariak garapen bidean dauden azpiegitura estrategikoak aipatu ditu, eta, esan duenez, “gobernu honek bultzada eman die”. Hala, aurten bakarrik, irailera arte, “prestazio handiko trena dela eta, ia 50 milioi euro gauzatu dira”. Gainera, Nafarroako Ubidearen bigarren faseak ingurumen-inpaktuaren adierazpena lortu berri du, eta Maria Chiviteren esanetan, izapide hori “luzea eta konplexua da, baina hurrengo urratsak egiteko aukera ematen digu”. 

Erronkak Osasunean, Hezkuntzan eta Etxebizitzan

Gizarte-politikari dagokionez, bereziki azpimarratu du lehentasuna dela osasun-sistema publikoaren indarra berreskuratzea eta aurre egin beharreko erronkei erantzutea, itxaropen zerrendak murrizteko epe labur, ertain eta luzerako neurriak garatuz. Sektore honetan, beste erronka batzuk ere baditugu: osasunaren sustapenean eta prebentzioan lan egiten jarraitzea, eta etorkizuneko Osasunari buruzko Foru Legea garatzea.  

Hezkuntzan, Lehendakariak Foru Komunitateko datu onak baloratu ditu; izan ere, eskola-uzte tasa txikiena duen eskualdea da, Haur Hezkuntzako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaren ondoko eskolatze-tasa onena duena, Lanbide Heziketan % 100eko enplegagarritasuna duen erkidego bakarra da eta LH Dualaren ezarpenean liderra den eskualdea. Beste lorpen batzuk ere aipatu ditu, esaterako haur-hezkuntzako zikloa unibertsalizatzea eta 0-3 urte bitarteko plaza publiko berriak sortzea. Horren harira, 2025ean 1.400 plaza berri baino gehiago izango direla aurreratu du. Eta, unibertsitate arloan, iragarri du NUPek inoizko finantzaketarik handiena izango duela datorren urtean, 90 milioi baino gehiagokoa. 

Gizarte-politika eta errenta bermatua

Lehendakariak gizarte-politikarekin zerikusia duten beste alderdi batzuk ere nabarmendu ditu: etxebizitza (Nafarroan erregistratutako alokairuko etxebizitzen % 48k laguntza publikoren bat dutela nabarmendu du), immigrazioa (datozen egunetan Arrazakeriaren eta Xenofobiaren aurkako Nafarroako Kontseilua eratu da), adinekoak (Lizarra adinekoen egoitza publiko berria abian jarri da, eta telelaguntzako inbertsioa hazi egin da) eta mendekotasuna (desgaitasuna duten pertsonentzako espazio berriak sortu dira, Arrosadiakoa, esaterako).  

Chivitek Foru Gobernuak bermatutako errenta hobetzen duen helburua ere azpimarratu nahi izan du, “eraginkorragoa izan dadin, enplegagarritasuna eta, beraz, laneratzea hobetzeko ekintzak areagotzeko”. 

Balioen defentsa

Bere hitzaldiaren amaieran, Chivite Lehendakariak AEBko hauteskundeen emaitzak eta Europako Batzordearen osaera “kontserbadoreagoa” aipatu ditu. Esan duenez, “ohartarazi egiten gaituzte, baina berretsi egiten gaituzte demokraziaren, eskubideen eta 2030 Agendaren esparruan egindako aurrerapenen aldeko gure bide politikoan”. 

Ildo horretan, “olatu ultrakontserbadorea arrisku demokratiko bat da, eta desinformazioak eta buloek lagunduta, gure sistema ezegonkortu dezake. Baina Nafarroako Gobernuak demokraziaren balioak, herritarren eskubideak eta erakundeen indarra eta zilegitasuna defendatzen jarraituko du”. 

Azkenik, lehendakariak azpimarratu du Nafarroak “berrikuntzarekin eta iraunkortasunarekin konprometitutako gobernu feminista eta europeista, anitza eta sendoa” duela, “Nafarroarekin eta Nafarroarentzat aurrera egiten duena”.