Descárgate la app
Chivite Lehendakariak eskuratzeko moduko etxebizitzak bultzatu nahi ditu, eta urtea amaitu baino lehen merkatu tentsionatuko eremuak izendatzeko prozesua abian jarriko dela adierazi du
2024ko urriaren 25a
Chivite Lehendakariak eskuratzeko moduko etxebizitzak bultzatu nahi ditu, eta urtea amaitu baino lehen merkatu tentsionatuko eremuak izendatzeko prozesua abian jarriko dela adierazi du
Maria Chivite Navascues Nafarroako Lehendakariak adierazi du Nafarroako Gobernuaren helburuetako bat dela etxebizitza eskuragarria sustatzea, eta horretan lanean ari dela. Era berean, adierazi du Foru Exekutiboak “urtea amaitu baino lehen” abian jarriko duela merkatu tentsionatuko eremuak izendatzeko prozesua; izan ere, joan den asteazkenean, Nafarroako Gobernua ados agertu zen Nafarroan Etxebizitza izateko Eskubideari buruzko Foru Legea aldatzeko Foru Lege proposamena aintzat hartzearekin.
Hala adierazi du Chivitek Isabel Rodriguez Etxebizitza eta Hiri Agenda ministerioarekin gaur egin duen bileran. Bertan aurreratu duenez, legearen erreformak bidea irekiko du tentsionatutzat jotako bizitegi-eremuetan alokairuaren eta salerosketaren prezioak mugatu ahal izateko.
Bileran parte hartu dute, halaber, Begoña Alfaro hirugarren lehendakariorde eta Etxebizitza, Gazteria eta Migrazio Politiketako kontseilariak, Elga Molina Etxebizitzako zuzendari nagusiak, Javier Burón Nasuvinsako zuzendari kudeatzaileak eta Alicia Echeverria Espainiako Gobernuaren ordezkariak. Bileran zehar, Lehendakariak adierazi du “lehentasuna emango zaiola herritarrek etxebizitza eskuratzeko aukerari”, batez ere gazteen kasuan eta etxebizitza eskuratzeko zailtasun handiagoak dituzten egoeren kasuan. Hala, helburu horretan administrazio publikoekin eta sektore pribatuarekin elkarlanean aritu behar dela azpimarratu du, eta “eskala guztietan” egin behar dela, bai tokian tokikoan, bai eskualdekoan eta bai naziokoan. “Administrazio guztien baliabideak izaten jarraitzea eskatu behar dugu, bide honetan indar handiagoz bultza dezagun, eta, batez ere, etxebizitzarako eskubideak herritar guztiak bildu ditzan”, gaineratu du.
Lehendakariak aukera baliatu du Foru Komunitateak arlo horretan garatu dituen ekintzak azaltzeko. Horien guztien artean, duela gutxi Iruñako Udalarekin protokolo bat sinatu izana nabarmendu du, alokairu eskuragarrirako 280 etxebizitza eraikitzeko. Horietatik % 65, gainera, gazteentzat izango dira. Ildo horretan, Nafarroaren kasuan, “alokairu eskuragarriaren aldeko apustua argia da”, eta “Nasuvinsa egiten ari den sustapen gehienak ildo horretatik doaz”, gaineratu du”.
Lehendakariak azpimarratu du, halaber, Nafarroako Gobernuak interesa duela “Etxebizitza-parke publikoa blindatzeko”, eta Gobernuak gai horri heldu ziola joan den 2022. urtean, Foru Legearen bidez. Etxabizitza eskuratzea sustatzeko beste neurri batzuk ere errepasatu ditu, esaterako gazteentzako alokairurako laguntzak edo etxebizitza-poltsa, eta horien edukiera handitzen jarraitzen duela nabarmendu du.
Chivitek azpimarratu duenez, neurri horiei esker, sustapenetan babes ofizialeko etxebizitzen erreserba handiena duen eskualdea da Nafarroa (% 50, 10.000 biztanletik gorako udalerrien kasuan). Era berean, nabarmendu du Nafarroa dela sustatzaile pribatuek etxebizitza eskuragarria egin dezaten laguntza gehien ematen dituen Espainiako erkidegoa, obraren kostuaren % 35era irits daitezkeen laguntzekin.
Rodríguez ministroak, bestalde, Foru Erkidegoa zoriondu nahi izan du bere etxebizitza politikengatik, eta “elkarlanaren eta erantzukidetasun leialaren” garrantzia azpimarratu du, etxebizitza eskuratzeko eskubidea bermatzeko helburuarekin. Zehazki, Nafarroa zoriondu du MRR funtsen “kudeaketan izandako arrakastagatik”, 2023ko abenduaren 31n etxebizitzara bideratutako funts guztiak exekutatzeagatik.
Hala, Nafarroako adibidea nabarmenduz, etxebizitzaren arloan eskumenak dituzten gainerako Autonomia Erkidegoei ere mezu bat bidali die: “Posible da etxebizitza publikoa betiko izateko bermea mantentzea, beti”.
Halaber, Espainiako Gobernuaren eta Nafarroako Gobernuaren etxebizitza arloko politikak “birgaitze olatu” baten barruan kokatzen direla gaineratu du ministroak, eta “birgaitzeko funtsak ematen jarraitzeko beharra” nabarmendu du. Ildo horretan, gai hori Estatuko Aurrekontu Orokorretan jasoko dela aurreratu du.
Rodríguezek bere hitzaldiaren amaieran adierazi duenez, “milmiloi askoko ahalegin hori guztia ezin da bihar gutxi batzuen eskuetan amaitu”, eta ahaleginak batu behar dira politika horien onurek hurrengo belaunaldiari ere eragingo diotela ziurtatzeko.
Alfaro lehendakariordeak, Zona Tentsionatuen Adierazpenari dagokionez, adierazi du horrekin batera etxebizitzen prezioen tentsioa murrizteko neurriak hartuko direla. Hala, helburu lortze aldera “formula magikorik” ez dagoela azpimarratu du, baizik eta “arazoaren alde guztietara zuzenean doazen neurri ezberdin eta osagarrien sorta bat” ezarri behar dela.
Etxebizitzen alokairu soziala Erripagainan
Chivite Lehendakariaren, Rodriguez ministroaren eta Alfaro lehendakariordearen arteko bilera Iruñako Erripagaina auzora bisita egin ondoren izan da. Bertan, babestutako alokairu sozialerako etxebizitzen bi sustapen ezagutu ahal izan dituzte, 46 eta 47 etxebizitzakoak, hurrenez hurren. Bi sustapen horiek Navarra Social Housing planaren lehen fasearen parte dira, eta Erkidegoan etxebizitza irisgarriak eta jasangarriak eskaintzea dute helburu.
Lehenengo proiektua (Erripagaina 46) auzoko lursail batean dago, Madril kaletik sarbidea duena, eta beheko solairu batean eta bost solairu altutan banatutako etxebizitza-eraikin bat da. Goiko solairuetako bakoitzak zortzi etxebizitza barne hartzen dituzte, eta beheko solairuak, berriz, sei. Horrez gainera, lurzatiak sotoko bi solairu, 46 aparkaleku eta trasteleku kopuru bera ditu (plaza bat eta trasteleku bat etxebizitza bakoitzeko).
Etxebizitzek lau logela dituzte, kanpoko espazio baten inguruan diseinatuak. Eraikinak kontsumo ia nuluko etxebizitzen printzipioari eta Passivhaus estandarrari jarraitzen die, eta biomasa erabiltzen du energia-iturri gisa. 66 panel fotovoltaiko ere baditu estalkian.
Erripagaina 46 proiektuaren sustapena MRM Arquitectos enpresak eta Arkitekturako Oinarrizko Tailerrak egin dute. Obrak UTE Acciona-Servinabar enpresa-elkarteari esleitu zitzaizkion.
Bigarren proiektua (Erripagaina 47), bestalde, 47 etxebizitza ditu, 47 trastelekurekin eta 55 garajerekin. Etxebizitza guztiek orientazio bikoitza dute, eta irizpide bioklimatiko optimoak jarraitzen dituzte, egongelak eta sukaldeak hegoaldeko orientazioetan kokatuz. Gainera, guztiek zoru erradiatzailea dute.
Aurreko kasuan bezala, Passivhaus estandarra jarraitzen da, eta eraikinak 66 panel fotovoltaiko ditu erabilgarri. Gainera, eraikuntzak NASUVINSA plataforma du, etxebizitzak tenperatura, CO2 eta hezetasuna neurtzen dituen trisonda batekin monitorizatzea ahalbidetzen duena.
Erripagaina 47 proiektua Arkitekto Elkartuek diseinatu dute, eta obrak Construcciones Garnica y Cortés S.L. enpresari esleitu zaizkio.
Bi proiektuek A kualifikazio energetikoa dute, eta Europako Next Generation funtsekin finantzatuak izan dira. Bi eraikinen aurrekontua, guztira, 15 milioi eurotik gorakoa da.
Gaur bisitatutako proiektuez gain, aipatutako Navarra Social Housing planak 520 etxebizitza eraikitzea aurreikusten du, eta horietatik 300 baino gehiagok dagoeneko maizterrak dituzte.