2026ko urtarrilaren 9a

Chivite Lehendakariak " legealdiari bultzada politiko berri bat " eman dio, Javier Remirez lehendakariordea eta Lehendakaritza eta Berdintasuneko kontseilaria izendatuta, eta Inmaculada Jurío Barneko, Funtzio Publikoko eta Justizia kontseilaria izendatuta

Remirezek eta Juriok karguaren zina egin dute gaur goizean, Nafarroako Jauregiko Tronu Aretoan egindako ekitaldian
Irudi galeria

Javier Remirez Apesteguíak eta Inmaculada Jurío Macayak lehendakariordea eta Lehendakaritza eta Berdintasuneko kontseilari karguez eta Barneko, Funtzio Publikoko eta Justizia kontseilari karguez jabetu dira gaur goizean, Nafarroako Jauregiko Tronu Aretoan egindako ekitaldian. 

Chivite Lehendakariak bere hitzaldian azpimarratu du garrantzitsua dela legegintzaldiaren azken zatiari “bultzada politiko eta kudeaketa berri bat ematea, Nafarroaren alde eta Nafarroarentzat egiten jarraituko dugun lanak indarra eta erritmoa izan ditzan. Gaur, talde honetara batuko dira gobernu- eta kudeaketa-arloan esperientzia egiaztatua eta lurralde honen aurrerapenarekin konpromiso ezaguna duten pertsonak”, esan du Lehendakariak.

Javier Remirez Apesteguiak lehen lehendakariordearen, bozeramailearen eta Lehendakaritza eta Berdintasuneko kontseilariaren karguak hartu ditu, Felix Taberna lehendakariorde eta kontseilari gisa eta Amparo Lopez Foru Gobernuko bozeramaile gisa ordezkatuz. Inmaculada Jurio Macayak, berriz, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilariaren kargua hartu du, Amparo Lopez ordezkatuta.

Karguaz jabetzeko ekitaldia 09:30ean hasi eta, eta bertan izan dira, besteak beste, honako hauek: Unai Hualde, Nafarroako Parlamentuko presidentea; Alicia Echeverria, Gobernuaren Nafarroako ordezkaria; Ollo eta Alfaro lehendakariordeak; eta Gobernuko kontseilariak. Beste agintari batzuen artean, bertan izan dira, halaber, Nafarroako Kontseiluko lehendakaria, Jose Luis Goñi; Kontuen Ganberako lehendakaria, Ignacio Cabeza; Nafarroako Arartekoa, Patxi Vera; NUPeko errektorea, Ramon Gonzalo; Nafarroako Unibertsitateko errektorea, Maria Iraburu; eta Iruñeko eta Tuterako UNEDeko ikastetxe elkartuetako ordezkariak, Teresa Imizcoz eta Luis Jesus Fernandez, hurrenez hurren; eta NUKFko lehendakaria, Xabier Alcuaz. 

Karguak izendatzeko foro-dekretua irakurri du Lehendakariak, eta, ondoren, Remirezek zein Juriok karguaren zina egin dute. Jarraian, Lehendakariak Nafarroako Gobernuko kide berri gisa egiaztatzen duen domina jarri die.

Alvaro Iborrak klarinetearekin eta Maitane Ezpeletak gitarra klasikoarekin Nafarroako Ereserkia interpretatu ondoren, Maria Chivitek hitzaldi labur bat eman du, eta honela azpimarratu du: “aurrean dugun testuinguru honetan, politika egokia aldarrikatu behar dugu, zerbitzu publiko gisa ulertuta, eta demokraziaren printzipioekin landuta. Munduan mehatxu gehiegi errealitate bihurtzen ari dira, eta ez gaude gertatzen ari denaren oinarritik urrun”.

Ildo horretan, izendapen berriak testuinguruan kokatu ditu; izan ere, “aurrerapenezko gobernuak zuzentzeko erantzukizuna dugunok, geure burua defendatzeko ardura ere badugu kudeaketa eta politikatik. Politikaren kontrako mezuak sartzen ari dira, eta ahalegin handiagoa egin behar dugu gauzen zergatiak azaltzeko, politika pedagogikoagoa eta hurbilagoa egite aldera. Ez da nahikoa printzipio eta balio batzuetatik kudeatzea. Ikuspegi politiko bat eta gauzak ulertzeko modu bat duten proiektuak gidatu behar dira. Gobernuan sartzen diren pertsonek oso ondo dakite zer dagoen jokoan, eta bizi dugun testuinguru bereziki konplexu honi heltzeko moduko profilak dituzte”.

Horrez gain, bi departamentu horiek zuzenduko dituzten erronka batzuk nabarmendu ditu Lehendakariak; hala nola, “gardentasun, berdintasun eta autogobernuko politikak bultzatzen jarraitzea, trafiko-eskumena ezartzea edo Funtzio Publikoaren estatutu berria”. Javier Remirezen kasuan, bozeramailetza gehitu behar zaio, “ezagutzen duzun zeregina eta desinformazio-garaian garrantzi berezia hartzen duena. Hori dela-eta, Departamentuak duen erronka espezifikoari gehituko zaion beste erronka bat izango da hori”, nabarmendu du Chivitek.

Azkenik, eskerrak eman dizkie Javier Remirez eta Inma Juriori, “urrats hau eman izanagatik” eta honela esan die: “talde handi bat duzue zuen esanetara, nigandik hasita; urrats hau emateko eskatu dizuedanez, lehena izango naiz bidea egunetik egunera egiteko laguntzen”.

Bestalde, lehen lehendakariorde berria eta Lehendakaritza eta Berdintasuneko kontseilaria eta Nafarroako Gobernuaren bozeramailea izango den Javier Remirezek adierazi du kargu berrietan egingo duen lana “demokraziaren, egonkortasun politikoaren eta aurrerapen politiken aldeko apustu garbia” izango dela.

Departamentuaren lanerako ildoen artean, aipatu du berdintasun-politikak jorratzen jarraituko duela “gobernu feminista” baten barruan, eta “indarkeria matxista bezalako gaitza desagerraraztea, biktimak babestea eta erakundeen arteko lankidetza erabateko lehentasun” izango direla. Gardentasunaren eta parte-hartzearen arloan, “ahaleginak bikoiztearen” alde egin du, “nazioarte eta estatu mailako testuinguruan demokrazia indartze aldera, eskuin muturreko indarren mehatxupean aurkitzen baita”.

Bestalde, Inmaculada Juriok adierazi du kargu berria hartzen duela “Gobernu-proiektu baten alde eta alderdi-proiektu baten alde lan egiteko indarrarekin, hori baita komunitate honentzat arrakasta handiena eta herritar guztientzat onura gehien ekartzen duena”. Departamentuko zuzendaritza nagusiek “lehendik hasita zuten lana” hartzen duela nabarmendu du, eta legegintzaldia amaitzeko geratzen den denboran aurrera egitea espero duela, Trafikoaren eskumena Nafarroari transferituz edo Funtzio Publikoko Langileen Estatutua landuz, besteak beste. “Departamentu honetan badira mugarri eta erronka garrantzitsu askoz gehiago. Denak dira garrantzitsuak”, azpimarratu du.