2024ko azaroaren 8a

Chivite Lehendakariak iragarri du Nafarroak berritu eta hobetu egingo duela emakumeen aurkako indarkeriaren arreta eta prebentzioa koordinatzen dituen Erakunde arteko Akordioa

Foru Exekutiboak, Gobernuko Delegazioak, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak, Fiskaltzak eta NUKFek bi hamarkadatik gorako lanaren ondorioz lortutako koordinazio-maila baloratu dute
III Acuerdo Interinstitucional para la Coordinación ante la Violencia contra las Mujeres en Navarra Irudi galeria

Nafarroak berritu eta hobetu egingo du emakumeen aurkako indarkeriaren arreta eta prebentzioa koordinatzen dituen Erakunde arteko Akordioa. Horrela iragarri du gaur Maria Chivite Navascues Nafarroako Lehendakariak, akordio horren segimendua egiteaz arduratzen den batzorde iraunkorraren bilera zuzendu ondoren. 

“Indarkeria matxistaren adierazpen guztiak desagerraraztea lehen mailako lehentasun politikoa da. Bi hamarkada baino gehiagoko lanaren ondoren, gaur erakunde guztiok konpromisoa hartu dugu berriro ere emakumeen aurkako indarkeriaren arreta eta prebentzioa koordinatzen duten Erakunde arteko Akordioa berritzeko eta hobetzeko”, nabarmendu du Chivite Lehendakariak.

Akordioa sinatu duten erakundeetako ordezkariek parte hartu dute Nafarroako Jauregian egindako bileran. Foru Exekutiboaren izenean, Lehendakariaz gain, Felix Taberna lehen lehendakariorde eta Berdintasun kontseilaria, Patricia Abad Nafarroako Berdintasunerako Institutuko (INAI/NABI) zuzendari gerentea eta Sara Julian erakunde horretako Berdintasunerako Gobernantzako zuzendariordea izan dira; Alicia Echeverria Gobernuak Nafarroan duen ordezkaria; Joaquin Galve Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren ordezkaria; Jaime Goyena fiskal nagusia Foru Erkidegoko Fiskaltzaren izenean; eta, azkenik, Xaier Alcuaz Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioaren (FMMC) ordezkaria. 

“Aurten, orain arteko epean, emakumeen 1.600 salaketa baino  gehiago erregistratu ditugu. Hemendik gure babesa eta erakunde guztiok helarazi behar dugun mezua doakie. Emakume horiek, hain familiak, sistemak arazo oso larri baten aurrean izan behar duen indar guztiarekin lagundu eta artatu behar dira, hautsi beharra dagoen egiturazko osagai batekin, gizartea ez baita bidezkoa izango berdintasuna benetakoa eta eraginkorra ez den bitartean” ohartarazi du Lehendakariak.

Gogoratu behar da Nafarroako Emakumeen aurkako Indarkeria koordinatzeko Erakunde arteko III. Akordioa 2017ako azaroan sinatu zela, emakumeen aurkako indarkeriari aurre egiteko inplikatuta dauden erakunde eta organismoen artean ahalik eta koordinazio eta lankidetza handiena lortzeko, eta, horrela, kalitatezko arreta bermatzeko osasunaren, hezkuntzaren, gizartearen, poliziaren, zuzenbidearen eta justiziaren arloetan. Akordioak jarraipena ematen dio 2002an sinatu eta 2010ean berritu zen lehen itun bati, eta horrek esan nahi du bi hamarkada baino gehiagoko lana egin duela, zeinetan ahaleginen eta baliabideen koordinazio-maila handia lortu den. 

Esku-hartzean lan egiteaz gain, lankidetza-plataforma honek kasuen detekzio goiztiarrean eta prebentzioan ere jartzen du arreta, ikerketan, hezkuntza-neurrien, prestakuntzaren eta sentsibilizazio-kanpainen bidez, emakumeen ahalduntzea sustatzeko eta berdintasunezko maskulinitateak sustatzeko. Helburua da aurrera egiten jarraitzea zeharkako genero-berdintasunerako neurriak ezartzen, politika publiko guztiak barne hartuz, eta bereziki, tokiko erakundeak eta organismo eta zerbitzuak inplikatzea, kaltetuak izan diren emakumeen errealitatearekin harreman estuagoa izan dezaten. 

Etengabeko trebakuntzan baliabideak, arreta eta profesionalak gehitzea
Gaurko bilkuran, Erakundeen arteko III. Akordio honen urteko azken txostena aurkeztu da, 2023koa. Txosten horretan, Foru, Toki eta Estatu Administrazioek Nafarroan bideratutako giza baliabideak eta baliabide materialak jasotzen dira, emakumeen aurkako indarkeria prebenitzeko eta indarkeria horren biktima izanik bizirik dauden emakumeak babesteko, bai eta garatutako sentsibilizazio-neurriei buruzko datuak eta detekzio-baliabideak, arreta integralak, babesak eta justiziak artatutako emakumeei buruzko informazio kuantitatiboa ere.

Txostenean, inplikatutako erakunde eta organismoek biktimei eta bizirik atera direnei laguntza hobea emateko egindako ahalegina balioesten da, etengabeko trebakuntzan dauden baliabide, arreta eta profesional gehiagoren bidez.

Aztertutako aldia bat dator sexu-askatasunaren berme integralari buruzko irailaren 6ko 10/2022 Lege Organikoaren betearazpenari lotutako ekintzen hedapen-etapa batekin, ‘Bai da bai’ izenarekin ezagutzen dena. Lege honek emakumearen aurkako indarkeria-tipologia zabala jorratzen du, esaterako feminizidio sexuala, nahitaezko ezkontzak, sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena, informazioaren eta komunikazioaren teknologiek emandako indarkeria edo emakumeen genitalen mutilazioa. Txostenaren arabera, Nafarroak ahalegin handia egin du errealitate horiei heltzeko, protokolo, hitzarmen eta koordinazio-neurri berriekin, arreta berezia jarriz toki-, polizia-, gizarte- eta osasun-eremuan eta hezkuntza-eremuan. 

Aldiaren mugarri gisa, Sexu Indarkerietarako Arrate Integraleko Zentro (CAIVS) berria sortu izana nabarmentzen da. Zentro horrek esku-hartze integraleko irizpideak betetzen ditu eguneko 24 orduetan, asteko zazpi egunetan eta urteko 365 egunetan, indarkeriatik bizirik atera diren emakumeentzako arreta psikologiko, juridiko, sozial eta hezitzailearekin, haien ingurunearekin eta profesionalentzako aholkularitzarekin.

2023ko Ekintza Planak 194 neurri aurreikusten zituen, eta horietatik 172 gauzatu ziren guztira, bederatzi eremutan banatuta: ikerketa, prebentzioa eta sentsibilizazioa, indarkeriaren detekzioa, arreta eta berreskurapena, poliziaren jarduera eta babes eraginkorra, justizia, kaltearen ordaina, profesionalen prestakuntza eta erakundeen arteko koordinazioa. Horrela, 2023ko egikaritze-aldian amaitutako ekintzak % 74,23 izan ziren, eta 2024an aurrera egiten jarraitu dutenak, berriz, % 14,43 (programatutakoen artean 28). Ekitaldi honetan egikaritutako aurrekontua 3,6 milioi eurokoa izan zen.  

Ekintza berritzaileenen artean, honako hauek nabarmentzen dira: Nafarroako emakumeen, nerabeen eta neskatoen behartutako ezkontzen aurrean Koordinatzeko eta Jarduteko I. Protokoloaren prestaketa, edo indarkeria matxistaren ondorioz eraildako emakumeen seme-alabentzako dirulaguntzen araubidez ezarriko duen Foru Dekretua, zeinen garapena 2025ean amaitzea aurreikusten den.

Hainbat hitzarmen ere sinatu ziren: emakumeen mutilazioa prebenitzekoa Munduko Medikuak elkartearekin; salerosketaren biktima izan diren emakumeei harrera egitekoa eta prostituzio-testuinguruetan Itxaropen Gune – Lugar de Esperanza elkartearekin; bizirik atera diren emakumeekin eraldaketa-prozesu pertsonalak bultzatzekoa Acción Contra la Trata (ACT) elkartearekin; eta tokiko eremuan berdintasun-programak sustatzekoa NUKFrekin.

Segurtasun-eremuan, genero-indarkeriako kasuetan erasotzaileak biktimengana hurbiltzea saihesteko jarraipen tematikoko sistema sexu-indarkeriako kasuetara zabaldu den, agintza judizialak aldez aurretik hala erabaki ondoren. 2023ko abenduaren 31n, 1.645 kasu aktibo zeuden erregistratuta Jarraipen Integraleko Sisteman genero-indarkeriaren kasuetan (VioGén). Horietatik, 635 hauteman gabeko arriskutzat jotzen dira, 699 arrisku txikikotzat, 282 arrisku ertainekotzat, 28 arrisku handikotzat eta 1 muturreko arriskutzat. 

Sentsibilizazioari dagokionez,  aipagarriak dira Ziberindarkeriei buruzko III. Jardunaldien antolaketa, 2023ko A25eko kanpaina instituzionala, sexu eta afektibitate harremanak ezartzeko berariazko baimenean oinarritua, edo emakumeen aurkako berdintasunari eta indarkeriari buruzko prestakuntza-ekintzak, hainbat eremutako profesionalentzat, esaterako polizia-kidegoentzat, sektore soziosanitarioentzat eta irakasleentzat, arreta berezia jarriz teknologia berrien bidezko indarkeriari buruzko prestakuntzan. 

2023ko beste mugarri bat Berdintasun Ministerioak Gobernuaren Nafarroako Ordezkaritzaren bitartez sustatutako “Puntu Bioleta” ekimena da, emakumeen aurkako indarkeria kasu baten aurrean nola jokatu behar den modu masiboan azaltzeko. Gainera, jaietan eraso sexisten aurkako kanpainei jarraipena eman zitzaien.

Hezkuntzaren esparruan, Laguntza hezkuntza sozioemozionaleko programari eta SKOLAE hezkidetza-programari atxikitako ikastetxeen sarea hedatzen jarraitu zen. Ikastetxe horiek berdintasunean bizitzen ikasteko eta emakumeen aurkako indarkeria prebenitzeko eta saihesteko funtsezko ikaskuntzetan eragiten dute.

Indarkeriaren biktima diren emakumeei etxebizitza babestua eskuratzen laguntzeko egindako ahalegina nabarmendu behar da, alderdi hori funtsezkotzat jotzen baita bizitza berri bati ekin  ahal izateko. Hala, 2023an, 427 eskaera egin ziren emakumeen aurkako indarkeriaren biktima gisa akreditatzeko, etxebizitza babestua erreserbatu ahal izateko. Zehazki, 330 akreditazio berri eta 97 berritze eskatu ziren. 427 egiaztapenetatik 396 eman ziren. Gainerakoa, eskatzaileek atzera egiteagatik edo baldintzak ez betetzeagatik ukatu ziren. 

Datu kuantitatiboak

​​​​​​​Nafarroako Emakumeen aurkako Indarkeriaren aurrean koordinatzeko Erakunde arteko III. Akordioak Foru Komunitatean errealitate horri aurre egiten inplikatuta dauden eragile guztien ahaleginak batzen ditu, besteak beste, Nafarroako Gobernuko departamentuenak (bereziki, Lehendakaritza eta Berdintasuna, Etxebizitza, Gazteria eta Migrazio Politikak, Hezkuntzak, Osasuna, Barnealdea, Funtzio Publikoa eta Justizia eta Gizarte Eskubideak, Gizarte Ekonomia eta Enplegua, eta Foru Exekutiboko erakunde eta unitateenak, esaterako INAI/NABI, Nafarroako Estatistika Institutua, Justiziako Gizarte Zerbitzua, Foru Polizia eta Babes Zibila), NUKFrenak, toki entitateenak, Iruñeko Udalarenak, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiarenak, Fiskaltzarenak, Medikuntza Legaleko Nafarroako Institutuarenak eta Medikuntza Legaleko Institutuarenak. 

2023ko txostenaren arabera, Emakumeen aurkako Indarkeriaren Biktimei Arreta Integrala emateko Taldeek (EAVIak) 1.213 emakumeri eman zieten laguntza. 450 lagunek aholkularitza jaso zuten eta 763k tratamendua. 

Harrera-baliabideen erabilerari dagokionez (larrialdietako zentro bat, harrera-etxe bat eta txostena egiteko unean erabilgarri zeuden 5 egoitza-pisuak), 2023an 115 emakume eta 116 adingabe (63 neskato eta 53 mutiko) artatuak izan ziren, 231 pertsona desberdin guztira. 
Bestalde, indarkeria-egoeran dauden eta Nafar Lansare Nafarroako Enplegu Zerbitzuan enplegu-eskatzaile gisa izena emanda dauden emakumeen 725 enplegu-eskaerari erantzun zitzaien.

Foruzaingoak, Iruñako Foruzaingoak, Guardia Zibilak eta Polizia Nazionalak 2.091 salaketa erregistratu zituzten, % 52,6 indarkeria psikologiko eta fisikoagatik, % 6,26 agindu judizialak urratzeagatik, % 14,11 indarkeria psikologikoagatik eta % 17 sexu-indarkeriagatik. Kasu gehienetan bikotekide ohi batek (% 37,2) edo bikotekide batek (% 36,5) erabili zuen indarkeria; kasuen % 12,2an, berriz, ez zegoen harremanik, eta % 7,5ean familia-harremana zegoen. 

Emakumeei Laguntza Juridikoa emateko Zerbitzuak (NSA) 2.092 emakume artatu zituen guztira. Epaitegi eta auzitegiek 370 babes-agindu eman zituzten. Bestalde, Justiziako Gizarte Zerbitzuak 582 espediente ireki zituen emakumearen aurkako indarkeriarekin lotuta: 355 genero indarkeriagatik, 78 helduen sexu-indarkeriagatik, 75 adingabeen sexu-indarkeriagatik, 25 etxeko indarkeriagatik, 68 bigarren mailako biktimengatik eta sexu-esplotaziodun salerosketa-kasu 1. Halaber, premiazko 319 esku-hartze erregistratu zituen, eta programa terapeutikoak eskaini zituen 601 biktimentzat eta 285 erasotzailerentzat.