Descárgate la app
Chivite Lehendakariak eskerrak eman dizkie Administrazioko langileei gizarte bidezkoago eta oparoago baten alde egindako lanagatik
2025ko martxoaren 18a
Chivite Lehendakariak eskerrak eman dizkie Administrazioko langileei gizarte bidezkoago eta oparoago baten alde egindako lanagatik
La Presidenta Chivite agradece al personal de la Administración su trabajo para una sociedad más justa, equitativa y próspera
Maria Chivite Navascués Nafarroako Lehendakariak 2024an erretiratutako edo hildako Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko 714 langileak omentzeko ekitaldian parte hartu du gaur goizean. Ekitaldian, Chivite Lehendakariak "herritarrentzako zuen zerbitzu publikoan Administrazioa gorpuzten eta Nafarroako Gobernuaren aurpegia izaten egindako lana” eskertu du.
Omendutako pertsonek oroimenezko diploma bat jaso dute Chivite Lehendakariaren, Amparo López Barneko Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilariaren eta Rashid Mohamed Vázquez Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren eskutik, zeinek Foru Administrazioaren eta Nafarroako herritar guztien esker ona adierazi dieten “zuen ibilbide profesionalak gizarte bidezkoago, berdinzaleago eta oparoago baten bermea dakarrelako”.
Chivite Lehendakariak bere mintzaldian nabarmendu duenez, “zuek guztiok gure hezkuntza- eta osasun-sistema pertsonifikatu duzue; telefono-linea baten beste aldeko ahotsa izan zarete; trafiko-istripu baten biktimei lagundu dieten eskuak, edo epaitegi batera joateko une delikatuan gurekin egon zaretenak izan zarete”. Horregatik guztiagatik, Maria Chivitek zerbitzu publikoari eskainitako ibilbidea aitortu du: “bizi-kalitate hori egituratzen eta ahalbidetzen dutenak dira, Nafarroa den bezalakoa da eta duen potentziala du, herrialdeko zerbitzu publiko onenak izan ditugulako eta izaten jarraitzen dugulako”.
Azkenik, Chivite Lehendakariak iragarri duenez “ziklo aldaketa baten aurrean gaude. Administrazio zaharraren moduak alde batera utzi behar ditugu behingoz, eta tresna arin bihurtu, XXI. mendearen erdialdeko Nafarroako gizartearen beharrei erantzungo diena. Etxe honetako aldaketak motelak eta konplexuak dira, baina ezin diegu uko egin”.
Langile omenduak
Baluarte Kongresu Jauregiko erakusketa aretoan egindako ekitaldian bostehun pertsona inguruk parte hartu dute, erretiratuen, senideen eta hurbilekoen artean. Omendutako 714 pertsonetatik (491 emakume eta 223 gizon) 22 iaz hildako enplegatuak dira, eta haien senide zein hurbilekoei esker oneko eta maitasunezko mezua helarazi zaie.
Sektoreen arabera, 272k Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan egin dute lana, 234k Hezkuntzan, 184k Nukleo Administrazioan eta 24k Justizian.
Ekitaldia girotu dute Íñigo Porto Viguriak, armonikarekin; Marcelo Antonio Escrich Bayónek, kontrabaxuarekin eta Íñigo Segura Urrak, gitarrarekin, ‘Isn´t she lovely’ pieza interpretatuz.