Descárgate la app
Ollo kontseilariak Berako ikasleek sortutako bizikidetzaren aldeko murala bisitatu du
2023ko maiatzaren 10a
Ollo kontseilariak Berako ikasleek sortutako bizikidetzaren aldeko murala bisitatu du
Herritarrekiko Harremanetako kontseilari Ana Ollok Beran sortutako bizikidetzaren aldeko murala bisitatu du, ‘Ikuspegi bat arte fisikoetatik’ Memoria, Bizikidetza eta Giza Eskubideei buruzko VII. Jardunaldien testuinguruan. Jardunaldi hori Nafarroako Gobernuko Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiak bultzatu du, Berako Udalarekin lankidetzan.
Leire Urbeltz artistak zuzendutako prozesuan udalerriko ondorengo lau ikastetxeetako ikasleek hartu dute parte: Bihotz Santuaren Ikastetxea, Ricardo Baroja Eskola, Toki Ona BHI eta Labiaga Ikastola. Ikasleek, tailerren bitartez ideien ekarpena eginez eta artistak diseinatu eta sortu duen muralean bertan margotuz parte hartu dute.
Muralak bi mundu ezberdinen arteko ezinezko harremanak bistaratu ditu. Alde batetik, gerra bunkerrak elkartu ditu eta, beste batetik, irainaren berreskurapena bazterketaren narratiba desmuntatzeko mekanismo modura proposatzen duen arrazakeriaren aurkako “queer” teoria dakar.
Irudi hori osatzeko Jon Abril idazlearen esaldi bat dator: “Desberdinen arteko solasak maitasunaren gotorleku”. Esaldia, ikasleek landu dituzten ideia guztiak kontuan hartu ondoren sortu da.
Herritarrekiko Harremanetako kontseilari Ana Ollok sormen prozesuaren balioa nahiz amaiera emaitzarena nabarmendu ditu. Lau ikastetxeetako ikasle guztiak zoriondu ditu, bere inplikazioagatik nahiz parte hartzeagatik; baita Leire Urbeltz artista ere, egin duen lanagatik, “Oso garrantzitsua da esertzea, gizartearen alderdi ezberdinak aztertzea, horri buruz hausnartzea eta guztion artean sormen proiektu oso bat eztabaidatu eta garatzea”.
Bestalde, Aitor Elexpuru Berako alkateak balorazio “oso positiboa” egin du Leireren zuzendaritzapean ikasleak eginiko lanari buruz. Eta bere esanetan, “artelan eder baten sorrerak, bakea eta giza eskubideak bizikidetzaren ardatz nagusitzat hartzen dituenak, bere garrantzia dauka. Eta are gehiago Bera mugako herri bat izatean zeinek historian zehar gerra eta gatazka ugari jasan izan dituen; horren laginak dira mugan dauzkagun gotorleku militarrak, zein orain memoria historikoaren gordailu bihurtu diren, mural eder honen sorrerarako inspirazio bezala hartuta. Arteak eta kulturak pertsona hobeak izaten laguntzen digute eta gure nahia litzateke Beran aniztasuna eta kolore ezberdinak aberastasun seinaleak izaten jarraitzea. Urrats bat gehiago eman dugu aurrera bakearen eta bizikidetzaren alde”.
Garatutako prozesu osoa baloratzeko baliagarria izan den topaketan, lau ikastetxeetako ikasleez gainera, halaber partaide izan da Leire Urbeltz artista, zeinek azpimarratu duen, “oso polita izan dela Berakoa bezalako testuinguru batean lanean aritzea”, eta erantsi du “erronka bat dela hainbesteko partaidetzarekin lanean aritzea, ikasketa bat alegia, fazeta honetako nire lanaren garapenari begira”.
Hemendik aurrera, Berak, hausnarketarako, eztabaidarako eta sortzen jarraitzeko bidea ematen duen mural koloretsu batekin kontatzen du.