2026ko urtarrilaren 8a

Javier Remirez izango da Nafarroako Gobernuko lehen lehendakariordea eta Lehendakaritza eta Berdintasuneko kontseilaria eta bozeramailea, eta Inma Jurio, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilaria

Chivite Lehendakariak birmoldatze hori “legegintzaldiaren azken zatiari bultzada politiko eta kudeaketa berri batekin aurre egiteko” helburuan kokatu du
Irudi galeria

Maria Chivite Nafarroako Lehendakariak Foru Gobernuan zein bi pertsona sartuko diren jakinarazi du, Gobernua birmoldatzeko erabakiaren ondoren, “egonkortasuna zaindu eta legegintzaldi honetako azken zatiari bultzada politiko eta kudeaketa berri batekin aurre egite aldera”. 

Alde batetik, Javier Remirez Apesteguia izango da, 2019-2023 legegintzaldiko lehendakariorde eta kontseilari ohia eta orain arte Nafarroako senataria dena PSN-PSOE alderdian. Lehen lehendakariordetzaren buru izango da, Lehendakaritza eta Berdintasun Departamentuko kontseilaria eta Gobernuaren bozeramailea. Bestetik,  Inmaculada Jurio Macaya, PSN-PSOEko foru parlamentaria, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilari berria izango da.

Gobernuko titular berriek bihar, ostirala, hartuko dute kargua, Nafarroako Jauregiko Tronu aretoan egingo den ekitaldian, Nafarroako Lehendakaria buru dela.

Hitzaldian, Lehendakariak eskerrak eman dizkie aurreko arduradunei. Era horretan, Felix Taberna lehendakariorde ohiari dagokionean, “instituzionaltasunarekiko errespetua eta herri honetako kargu nagusien artean ikasteko moduak izan behar liratekeenak” nabarmendu ditu. Bestalde, Amparo Lopez Antelo kontseilari ohiari dagokionez, “bi erronka garrantzitsutan” izandako “arrakasta” aipatu du; hala nola, trafikoko eskumenak bere gain hartzea eta funtzionarioen estatutu berria, nahiz “larrialdien aurrean erakutsitako dedikazioa eta profesionaltasuna”.

Legegintzaldiaren amaiera ziurgabetasun-testuinguruan

Lehendakariak esan du aldaketak egin direla legegintzaldiaren amaieran Gobernuari “bultzada politiko berri bat eman beharra dagoelako”. Erabaki hori hartzera eraman ditu, baita ere, “mundu-mailako ziurgabetasun handiak”, politika gero eta beharrezkoagoa baita “gizarte osoa hobetzeko tresna gisa, eta ez pribilegiatuen elite bat, gainerakoen kontura”.

Lehendakariak azpimarratu duenez, “polarizazioaren eta desinformazioaren testuinguru honetan, erakundeen gainean nahita bultzatutako izen txarrak eztabaida politikoa desitxuratu ez ezik, desafekzioa ere elikatzen du. Inoiz baino gehiago behar ditugu politika egokia eta aurrean jarri nahi duten emakume eta gizonak”.

Ildo horretan, gobernu-ituna “betetzen ari direla” ziurtatu du eta Nafarroako Gobernuak “legegintzaldi hau bukaeraraino eramateko” lanean jarraitzeko konpromisoa duela.

Aldaketak NLn eta Babes Sozial eta Garapenerako Lankidetzako Zuzendaritza Nagusian

Maria Chivitek, halaber, aldaketak iragarri ditu hiru zuzendaritza nagusitan. Miriam Marton Perez, orain arte Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko (NL-NEZ) zuzendari kudeatzailea izan dena, Babes Sozial eta Garapenerako Lankidetzako Zuzendaritza Nagusian izango da aurrerantzean.

Martonen helmuga berriari dagokionean, Lehendakariak erronka nagusi bezala adierazi du “Errenta Bermatuaren eta enpleguaren arteko lotura handiagoa lortzeko bidean aurrera egitea, laneratzeko ahalegin handiagoa lortzeko”. Era berean, eskerrak eman dizkio Ines Jimenez Muro aurreko arduradunari, “lanean jarraitzeko oinarri sendoa lortzeko izandako konpromiso eta egindako lanarengatik”.

Bestalde, NL-NEZeko lanpostu hutsa Esther Fernandez Razquinek hartuko du, Gurutze Gorriko Enplegu Planaren arduraduna denak. Maria Chivitek azpimarratu du “esperientzia zabala duela gizarteratzeko zailak diren kolektiboekin”.