2024ko apirilaren 30a

Nafarroako Gobernuak eta Iruñeko Udalak 90 gazteren lan-aktibazioaren alde lan egingo dute sei hilabetean, Konekta programaren bidez

Gizarteratzeko prestakuntza eta laguntza eskainiko diete errenta bermatua edo bizitzeko gutxieneko diru-sarrera jasotzen duten gazteei
videocam Bileraren irudiak collections Irudi galeria

Bileraren irudiak

Nafarroako Gobernuak, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren bitartez, eta Iruñeko Udalak Konekta programa abian jartzeko lan egingo dute. 30 urtetik beherako pertsonen lan-aktibaziorako proposamena da, errenta bermatua edo bizitzeko gutxieneko diru-sarrera jasotzen dutenei zuzenduta. Datozen sei hilabeteetan 90 gazterengana iritsi nahi du programak. Konektak 99.029 euroko zenbatekoa du esleituta, eta Europar Batasuneko Next Generation funtsen konturako Eraldaketa eta Erresilientzia Berreskuratzeko Planaren barruan dago.

Programa honen bidez, Iruñan bizi diren 30 urtetik beherako gazteei laneratzen lagundu nahi zaie, baldin eta errenta bermatua edo bizitzeko gutxieneko diru-sarrera jasotzen ari badira edo haren onuradun izaten ari badira. Hobekuntza-arloen diagnostikoa egiten da eta profil eta ibilbide pertsonalizatuak egiten dira, tutoretza eta aholkularitza indibidualizatu eta jarraitua baliatuz, partehartzaileen zeharkako konpetentziak zein konpetentzia digitalak hobetzeko prestakuntza-jardueren garapenean oinarritutako metodologia bat dela medio.

Gaur goizean Mª Carmen Maeztu Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilaria Txema Mauleón Iruñako Udaleko Gizarte Ekintzako zinegotzi ordezkariarekin bildu da. Topaketan Rubén Unanua Gizarte Ekintza Departamentuko zuzendaria eta Miriam Martón Nafar Lansare Nafarroako  Enplegu Zerbitzuko zuzendaria ere izan dira.

Konekta proiektua Nafarroako Enplegurako Orientazio eta Ekintzailetza, Laguntza eta Berrikuntza Zentroaren (COE) 2024 lan-planaren baitan dago. Proiektuaren kostu osotik, 72.029,93 euro proiektua gauzatzen diharduten langileen gastuetarako izango dira, eta beste 27.000 euro aldiz, zeharkako gaitasunen nahiz gaitasun digitalen prestakuntza garatzeko gastuetarako. 

Beharrak identifikatzea eta ibilbideak proiektatzea

Programa honen eskutik, Iruñako Udalak konpromisoa hartzen du SNE-NLk bideratuko dizkion gazteei dei egiteko, horiek proiektuan parte har dezaten, eta erabiltzaileei Gazte Bermea Sistema Nazionalaren informazioa emateko. Hortik aurrera, Udalak egingo du SNE-NLk jarriko duen tresnaren bidez aurkeztutako hautagai-zerrenden arteko hautaketa-triajea. 

Programaren barruan, udaleko teknikariek gutxienez 60 minutuko elkarrizketa diagnostikoak egingo dituzte, gaitasun-profila ebaluatzeaz haratago ibilbide pertsonalizatua diseinatzeko. Interesdunak izenpetu beharko du ibilbide hori. Horretarako, Udalak B mailako lanbide-profileko hiru pertsona kontratatuko ditu, gehienez ere sei hilabeteko epean, edozein kasutan 2024ko irailaren 30a baino lehen. Abian jarritako prozesu bakoitzak lan-bitartekaritza bat izan beharko du, mugikortasunaren kudeaketan lagunduz, eta, amaitzeko, azken balorazioa egin beharko da, kasuz kasu.

Ibilbidearen baitan derrigorrez garatu beharreko jardueren artean zeharkako gaitasunei buruzko prestakuntza-ekintzak eta oinarrizko alfabetatze digitalerako proposamenak daude aurreikusita.
“Topaketa gertagaitzak” metodologia gisa

Zeharkako gaitasunei buruzko prestakuntza-ekintzak hainbat arlo hobetzera bideratuko dira, esaterako auto-konfiantza, komunikazioa, zereginak betetzea, denboraren kudeaketa, gizarte-trebetasunak, lorpenerako orientabidea edota sormena eta berrikuntza, besteak beste. Erabiliko den metodologia “topaketa gertagaitzak” sortzean edo antolatzean oinarrituko da, hau da, Konektan parte hartzen dutenei topaketak, harremanak eta komunikazioa ahalbidetuko dieten espazioak ahalbidetzean. Izan ere, oso zaila izango litzateke pertsona horiek elkar ezagutzea baldin eta proiektu honetan askotariko hainbat jatorri eta bizi-egoera aurkeztuz sustatu izan ez balira.

Balizko topaketen artean, enpresa-mundura hurbiltzeko saioak egingo lirateke, kontratazioaren beharra duten sektore ekonomikoetako enpresa-ordezkariekin harremanetan jarrita; lan-ibilbide arrakastatsuak ageri dituzten parte-hartzaileen antzeko ibilbideak izaten dituzten pertsonekin; LHko, unibertsitateko, ziurtagiri profesionaletako, lantegi-eskoletako edo prestakuntza-zerbitzuak hala nola laneratzeko ibilbideak eskaintzen dituzten gizarte-erakundeetako ordezkariekin.

Mundu digitala

Ibilbide pertsonalizatuen plangintzan eta garapenean, oinarrizko alfabetatze digitaleko prestakuntza-ekintzak ere jasoko dira, derrigorrez. Hala, landuko direnen artean daude ordenagailuaren oinarrizko erabilera, nabigazioa eta online informazioaren bilaketa, hodeian biltegiratzea (Google Drive), posta elektronikoaren erabilera edo online izapideak egitea, kasu Clave iraunkorra, SNE NLren aplikazioa edo aurretiko hitzordua nola erabiltzen diren jakitea. 

Zeharkako gaitasunei buruzko prestakuntza-ekintzak nahiz mundu digitalekoak ekintza bakoitzeko 20 pertsonako talde-jarduketetan gauzatuko dira; gutxienez 15 orduko iraupena izango dute. Azken ekintza hauetan asistentzia baliozkotuta geratuko da hala eskatzen duen pertsonak espezialitate hori ikasi izan badu eta Nafar Lansare – Nafarroako Enplegu zerbitzuari dagokion akreditazioa aurkeztu nahi badu.