2025ko urtarrilaren 29a

Eva Perujuániz Bermudez, Unibertsitateko zuzendari nagusi berria

Nafarroako Gobernuak gaur onartu du izendapena, eta otsailaren 1etik aurrera izango da indarrean
Eva Perujuániz Bermudez, Unibertsitateko zuzendari nagusi berria.
Eva Perujuániz Bermudez, Unibertsitateko zuzendari nagusi berria.  Deskargatu irudia Irudi galeria

Nafarroako Gobernuak foru dekretu bat onartu du gaurko bilkuran, Eva Perujuániz Bermudez soziologoa Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuko zuzendari nagusi izendatzeko. Izendapena datorren larunbatetik, otsailaren 1etik, aurrera izango da indarrean, orain arte zuzendari nagusi izan den Ana Burusco Juandeaburrek berak hala eskatuta kargua utzi ostean.

Iruñekoa da, eta 1977an jaio zen. Soziologian lizentziatu zen Nafarroako Unibertsitate Publikoan (1999), eta Gaitasun Pedagogikoaren Ziurtagiria eskuratu zuen Nafarroako Unibertsitatean (2000). Ezkonduta dago, eta alaba bat du. 

Perujuaniz soziologo gisa hasi zen lanean Nafarroako Enplegu Behatokian, FOREMen Ikerketa Kabinetearen barruan, eta 1999 eta 2001 urte artean ikerketak eta proiektu europarren hedapena uztartu zituen. Ondoren, Nafarroako Comisiones Obreras sindikatuko Azterketa Kabinetean egin zuen lan, lehendabizi teknikari gisa, eta, 2004az geroztik, talde horretako zuzendari gisa, 2008ra arte. Garai horretan, gainera, Nafarroako Lanbide Heziketako Kontseiluko eta Nafarroako Estatistika Institutuko kide izan zen, aipatu sindikatuaren ordezkari moduan, eta Nafarroako Immigrazio Planaren Ebaluazioan laguntzen aritu zen (2028-2009), Gizarte Langintzako Departamentuko NUPeko ikertzaile-taldearekin lankidetzan (2008-2009). Horrez gain, Nafarroako Mendekotasunaren Legea egiteko prozesuan parte hartu zuen (2004-2006).

2008 eta 2012 urte artean, berriz, INAFRE Fundazioaren (Prestakuntza, Birziklapen eta Enplegurako Nafarroako Institutua) Sustapen eta Garapen Unitateko zuzendari izan zen, eta, bertan, Nafar Lansareko (NOZ-NL) lantegi-eskolen eta enplegu-tailerren proiektuak diseinatu eta horiei laguntza teknikoa ematen aritu zen, Nafarroa osoko toki-erakundeei eta irabazi-asmorik gabeko fundazio eta entitateei lotutakoetan. 

2014. urtean, aholkulari profesional gisa hasi zen lanean, bere kontura, hainbat erakunde eta organismo publiko eta enpresentzat. Denboraldi horretan, ikerketa-proiektu eta laguntza tekniko ugari burutu zituen garrantzi handiko plan eta politika publikoak garatzeko eta hedatzeko; hala nola, Nafarroako Gobernuaren 2025-2028 Enplegu Plana eta Enplegu Politika Aktiboen Plana, eta aholkularitza-lanak NUPeko Tuterako Campuseko Talde Eragilearentzat eta NUPeko Gizarte Kontseiluarentzat, besteak beste, berdintasunaren, enplegu-kalitatearen, lan-absentismoaren eta ezbeharren arloekin lotutako proiektuetan. Era berean, NOZ-NLren bitartekotza-plataforma berria abian jartzeko lan-planean esku hartu du, eta Nexus Universes Proiektua koordinatu du, Nafarroan adimen artifizialarekin lotutako ekimenak sustatzeko. 

Haren ikerketa-lana hezkuntza, enplegua, lan-merkatua eta ekonomia bezalako eremuetan oinarritu da.