2024ko abenduaren 18a

Euskarabideak % 11,6ko aurrekontu-errefortzu berri batekin hasiko du 2025eko ekitaldia, euskararen hainbat esparrutan ildo estrategikoak finkatzeko

Euskararen Nafar Kontseiluak aurreikuspen ekonomiko horren xehetasunen eta beste gai batzuen egoeraren berri izan du, hala nola Foru Administrazioaren arreta elebiduna hobetzeko hizkuntza-planen berri
Euskararen Nafar Kontseiluaren bilera gaur
Euskararen Nafar Kontseiluaren bilera gaur  Deskargatu irudia Irudi galeria

Euskararen Nafar Kontseiluak Euskarabidea-Euskararen Nafarroako Institutuaren aurrekontu-proiektuaren datu nagusien berri izan du gaurko bileran. Onbidean, bihar onetsiko da proiektu hori Parlamentuan. Horrek (1. kapitulua kontuan izan gabe) % 11,6ko aurrekontu-errefortzua ekarriko du euskararen ildo estrategikoetarako. 

Saioan, halaber, azaldu da zein egoeratan dauden Nafarroako Gobernuko zerbitzuetako euskarazko arretaren hobekuntzarekin zerikusia duten bi prozesu; hobekuntza hori da Hizkuntzen Europako Gutuna Foru Komunitatean nola aplikatzen den aztertzeko Europar Batasuneko Adituen Batzordeak egin berri duen txosteneko gomendioetako bat. Zehazki, departamentuetako hizkuntza-planak onetsi eta abian jartzeaz ari gara, bai eta departamentu bakoitzean Gobernuak onetsi berri duen merezimenduen dekretua garatzeaz ere. 

Euskararen Nafar Kontseiluko buru izan da Ana Ollo bigarren lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilaria, eta Javier Arakama Euskarabideko zuzendari kudeatzaileak ere parte hartu du. Saio horretan, euskarazko komunikabideen egoerari buruzko txosten bat ere aurkeztu da. 

Euskarabidearen 2025. urteko aurrekontuak Gobernuak 2015etik euskararen alde hartutako konpromisoaren erakusgarri dira, eta datorren urtean bultzada handia jasoko dute. Gobernuaren ordezkariek adierazi dute Euskarabidea dela oraindik ere Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako departamentuaren aurrekontu arruntean (2. kapitulutik 7.era) pisu espezifiko handiena duen ardatza. Gainera, errefortzu handiena duena da 2024arekin alderatuta, eta urte horretan ere hazi zen. Hala, guztizko aurrekontua % 12 haziko da, 13,4 milioira iritsi arte, langile-gastuak barne.
Hazkunde horri esker, hizkuntza sustatzeko politika nagusiak sendotu ahal izan dira, eta euskarari laguntzeko gizarte-ekosistema oso bati finantza-egonkortasuna eman zaio. Ekosistema horren eragile-sareak bere finantzaketa indartu du, gero eta handiagoak diren inbertsioekin, materialekin eta langileekin proiektu propioak sendotzeko. Izan ere, 2. kapitulutik 6.era bitarteko inbertsioa (hau da, langileen gastua kontuan hartu gabe) 8,1 milioi eurotik 9,06 milioi eurora igaroko da 2024an (hau da, % 11,67ko igoera).

Ildo giltzarriak eta helburu estrategikoak sendotzen ahalko dira horri esker; eta horrek bere isla izanen du euskararen erabilera sozialaren garapenean eta arreta berezia eskaintzen ahalko zaie Nafarroako gazteenei zuzendutako ekintzei, teknologia berrien erabilerari eta eremu sozioekonomikora bideratutako neurriei, bai eta Administrazioaren esparruan arreta elebiduna hobetzeari ere, hainbat ardatzetan.  

Aurrekontu-partidek indartu egiten dute bai Euskarabidearen zuzeneko ekintza, bai eta euskararen arloko elkarte eta erakundeen sareak egiten dituen jarduerak ere. Hala, sare horretara bideratzen dira laguntza-deialdiak, bai eta euskara sustatzeko helburu partekatuen inguruko hitzarmenak eta bestelako lankidetza esparruak ere. Nastaten arabera, 3 urtetik gorako biztanleen % 26,7k du euskararen ezagutza maila desberdinetan. 

Ana Ollo lehendakariorde eta kontseilariak kontuei buruzko zenbait xehetasun eman ditu hainbat ataletan. Hala, helduen hezkuntzari dagokionez, handitu egin dira euskaltegietako ikasleendako laguntzak: 560.000 euro dira guztira. 2024an 355.000 izan dira eta, beraz, % 50 gehiago handitu dira. Aldi berean, euskaltegiei ematen zaien laguntza egonkortuko da: 2.575.000 eurokoa izanen da. Dirulaguntzen eremu horretan, toki erakundeendako laguntzari ere eutsi zaio (933.000 euro), eta gizarte-erakundeendako laguntzak handitu egin dira (2024ko 505.000 eurotik 830.000 eurora, hau da, % 64 gehiago). 

Aurrekontu esleipenek, gainera, aukera ematen dute programa propioak indartzeko (‘Gora-Gora Fest’, ‘Sarean Euskaraz’, ‘Musikariak Ikastetxeetan’...), bereziki gazteei eta teknologia berriei begira; eta programa berriak babesteko (‘Mintzodromoa’, ‘Etxepare Saria’...). Babes emanen zaie, beste behin ere, Euskalgintzari eta haren jarduera-eremuei (gazteria, kultura eta aisialdia), Euskaltzaindia, Eusko Ikaskuntza, UEMA, Agerraldia, Bertsozaleen Elkartea, Euskarabentura, Wikilarien Elkartea, Laba, Laia, Loraldia eta abarrekin egindako hitzarmenen bidez.  

Gainera, eremu sozioekonomikoan euskararen erabilera indartzeko (‘Euskara Langai’ eta ‘Euskaraz Barra-Barra’) eta komunikabideak laguntzeko ildoei jarraikiko zaie. Sektore horri 1.456.000 euro emanen zaizkio, 2024an baino % 18,7 gehiago (230.000 euro), eta trantsizio digitala ere bultzatuko da. Europako Kontseiluak sektore horren eginkizuna nabarmendu du Hizkuntza Gutxituen Europako Gutuna aplikatzeari buruzko txosten guztietan. 

Azkenik, erkidego arteko eta nazioarteko sinergiei aurrekontu-babesa emanen zaie. Parte hartuko da hainbat sare eta organotan, bai eta Europako proiektuetan ere (POCTEFA) eta, Nafarroa mailan, bertako euskara teknikariekiko laguntza bultzatuko da (Cederna-Garalur, Teder, Nafarroako Erdialdea Garatzeko Partzuergoa…). Horretarako 126.000 euro aurreikusten dira. 

Departamentu guztietan arreta elebiduna areagotzeko aurreikuspena 

Bestalde, bileran jakinarazi da Gobernuko departamentu guztiek onetsi dituztela 2023-2027 aldirako hizkuntza-planak, Administrazioa errealitate soziolinguistikora egokitzeko prozesu dinamikoaren barruan. Plan horiek, errotulazioarekin, prestakuntzarekin eta abarrekin zerikusia duten beste gai batzuez gain, jasotzen dute departamentu bakoitzak Foru Administrazioko plantilla organikoan hizkuntza-eskakizunak (euskara betekizun gisa) pixkanaka gehitzeko aurreikuspena ere. 

Helburu nagusia herritarrei ematen zaien arreta publikoa hobetzea da, baita hizkuntzaren ikuspegitik ere, gero eta elebidunagoa baita biztanleria (ia 100.000 pertsona dira, Nastaten arabera, euskaldunak, eta beste 75.000 euskaldun hartzaileak), departamentu bakoitzaren autonomia errespetatuz eta zerbitzu publiko hori eman behar duten langileen lan-baldintzak eta lan-eskubideak bermatuz. Prozesu guztia 103/2017 Foru Dekretua garatzen duen Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 29ko 195/2022 Foru Aginduak arautzen eta bermatzen du legez. 

Prozesuak Euskarabidearen aholkularitza teknikoa izan du eta izaten jarraitzen du, eta, gaur egun, Funtzio Publikoaren Mahai Orokorraren esparruan dago. Joan den ostiralean sindikatuetako ordezkarien aurrean azaldu zen, mahai horrek beste bilera bat egin aurretik, ondoren departamentuak garapen-fasean sar daitezen. Azaldutakoaren arabera, oro har eta departamentuen ekimenez, planteatzen da euskara baldintza gisa ezartzea beste 246 plaza gehiagotan. Gaur egun 511 direnez, horrek, guztira, irakasle ez diren funtzionarioen oinarrizko 757 plazak euskara eskakizuna izatea ekarriko luke. Hala, Administrazioko plantilla organiko osoan hizkuntza eskakizuna duten plazen proportzioa, irakasleak, burutzak eta abarrak kenduta, % 4,75ekoa izanen litzateke. Gaur egun, % 3,2koa da, eta % 1etik beheitikoa izan zen 2015-2019 aurreko legegintzaldietan.  

Prozesu hori ezartzen denean -zeina pixkanaka ezarri eta lurraldera egokituko baita-, Nafarroako Gobernuko departamentu guztiek izanen dituzte langile elebidunak beren plantilletan eta, gainera, ikuspegi kualitatibo batetik, batez ere herritarrendako arretan eragin berezia duten lanpostuetan, besteak beste. 

Euskararen Nafar Kontseilua

Nafarroako Gobernuaren kontsulta organoa da Euskararen Nafar Kontseilua; hizkuntza politika lantzen du. Zenbait funtzio ditu, horien artean, txosten ez-lotesleak ematea hizkuntza normalizazioari buruzko xedapen orokorreko proiektuen eta arlo horretako plan orokorren gainean. Kontseiluburua da Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako departamentuko kontseilaria, eta bertan euskararen eta euskal kulturaren eremu sozialeko erakunde publikoak eta pribatuak daude ordezkatuta: Nafarroako Gobernua (Euskarabidea eta beste departamentu batzuk), Nafarroako Parlamentuak proposatutako bost kide, Nafarroako Unibertsitate Publikoa, Nafarroako Unibertsitatea, Euskaltzaindia, Eusko Ikaskuntza, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioa, Nafarroako Ikastolen Elkartea, Nafarroako Kazetarien Eskola, Nafarroako Gazteriaren Kontseilua, euskara sustatzen duten kultur elkarteak edo gizarte ekimeneko elkarteak eta euskararen arloan aitortutako ospea duten pertsonak.