Descárgate la app
Ibilbidea aztertzea, eguraldiaren iragarpena ezagutzea eta material egokia izatea, udan mendiaz segurtasunez gozatzeko gakoetako batzuk
2024ko uztailaren 16a
Ibilbidea aztertzea, eguraldiaren iragarpena ezagutzea eta material egokia izatea, udan mendiaz segurtasunez gozatzeko gakoetako batzuk
Mendizaletasuna, Nafarroako biztanleen artean oso hedatua dagoen jarduera, hainbat arriskuren mende dago, estatistikek erakusten dutenez: aurten, Nafarroan 64 gertakari izan dira ingurune naturalean, eta, ondorioz, larrialdi-zerbitzuek esku hartu behar izan dute, bai galdutako pertsonak aurkitzeko, bai erreskate-lanak egiteko. Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Departamentua, Barne Zuzendaritza Nagusiaren bidez, eta Nafarroako Mendi Kirol eta Eskalada Federazioa elkarlanean ari dira 2020tik, ingurune naturalean istripuak prebenitzeko, lankidetza-hitzarmen baten bidez. Hitzarmen horren bidez, federazioa Nafarroako Babes Zibileko Sisteman sartzen da, mendiko istripuak prebenitzeko asmoz.
Hitzarmenaren ondorioz, Barneko Zuzendaritza Nagusiak eskalada-bideak berriro ekipatzeko gastuak diruz laguntzen ditu, horien segurtasuna bermatzeko eta bertako istripuak saihesteko, baita prebentzio-neurriak eta mendiko istripuak prebenitzeko beste neurri batzuk hedatzeko ekintzak egiteko ere. Zehazki, 22.281 euro finantzatu dira 2021 eta 2024 urteen artean.
Barneko zuzendari nagusi Salvador Díezek adierazi duen bezala, 2022an mendiko 115 gertakari jazo ziren Nafarroan; horietatik % 27k erreskatea behar izan zuten eta % 73 mendian galdutako pertsonen bilaketak izan ziren. 2023an zehar 113 erreskate eta 45 bilaketa egin ziren; eta orain arteko 2024. urteari dagokionez, guztira 64 dira, aurreko urteetako ehunekoen antzerako kopuruak mantenduz.
“Horregatik komenigarria iruditzen zitzaigun bai Nafarroako Mendi Kirol eta Eskalada Federazioari eta bai Barneko Zuzendaritza Nagusiari hartu beharreko prebentzio-neurriak gogoraraztea, diziplina hori praktikatzen den bakoitzean; izan ere, oso ezagunak edo begien bistakoak iruditzen zaizkigun arren, ezin dugu praktikan jarri gabe utzi, nahiz eta esperientzia duen kirolaritzat hartu geure burua”, gogorarazi du Diezek.
Barneko zuzendari nagusiarekin batera izan dira Martín Montañés, Nafarroako Mendi Kirol eta Eskalada Federazioko presidentea; Mikel Valdivielso, Mendi Eskolako zuzendaria; Sergio Ayarra, Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuko Erreskate Teknikoko Taldeko (GRT) kidea eta prentsaurrekoan izan dira Patxi Fernandez, Larrialdi, Prebentzio eta Babes Zibileko Zerbitzuko zuzendaria, eta Jose Zabalza, GRTko kidea, ere.
Mendiko segurtasun-jarraibideak
Nafarroako Mendizale Federazioko ordezkariek mendira arazorik gabe ateratzeko oinarrizko segurtasun jarraibide batzuk betetzearen garrantzia azpimarratu dute. Horien artean, irteeraren plangintza ona egitearen garrantzia gogora ekartzen hasi dira, ibilbidea behar bezala prestatuz.
Funtsezkoa da egin beharreko jarduera garaiz hautatzea, hala ibilbidearen ezaugarriak aztertu eta taldearentzat egokia ote den jakiteko. Prestakuntza on batek ibilbidearen, desnibelaren, distantziaren eta ordutegiaren oinarrizko datuak ezautzea eskatzen du. Horrez gainera, maparekin eta iparrorratzarekin orientatzen ikastea gomendatzen da, horrek askatasun hala nola segurtasun handiagoa ahalbidetzen baitu.
Bigarrenez, garrantzitsua da modu egokian ekipatzea; besteak beste, mendiko oinetakoak, azpiko arropa transpiragarria, jaka bat eta zira bat eramatea, uda izan arren, hotza egin baitezake; botikina eta telefono mugikorra bateria guztiz kargatuta eramatea ere komeni da; janaria eta ura, eguzkitako betaurrekoak, eguzki-babesa eta txapela barne hartuz.
Hirugarrenez, oso garrantzitsua da meteorologia berrikustea. Irten aurretik, federazioak galdera hauek egitea gomendatzen du: Ibilbidean euria egingo al du? Zein izango da tenperatura? Lainoa aurki dezaket? Haizeak joko al du?
Faktore horiek hautatutako ibilbidearen zailtasunean, ekipoan eta beharrezko materialean nola eragingo duten ere kontuan hartzea gomendatzen da. Aholku hori bereziki garrantzitsua da udan, izan ere, urteko sasoi honetan ekaitzak izateko probabilitate handiagoa dago. Gainera, kontuan izan behar da aurten elurra berandu iritsi dela Nafarroako mendietara, eta beraz, mendi garaietan aurki dezakegu, baita izotz itxuran ere.
Laugarrenez, irteera egiten duen taldeko kideen ezaugarriak hartu behar dira kontuan. Galdera hauei erantzuteak bidea guztiontzat egokia den ala ez jakin ahal izatea ahalbidetuko digu: Zein zailtasun maila du jarduerak? Taldeko kide guztiak gaituta al daude jardueraren eskakizunei aurre egiteko? Ba al dago inor bere ohiko gaitasunak murrizten dituen zailtasun medikoren bat duenik?
Azkenik, oso garrantzitsua da irteeraren berri ematea, zein menditara joango garen eta zein ibilbideri jarraituko diogun zehaztuta. Eta horrez gain, edozein arrazoirengatik, igo behar dugun mendia aldatzea edota ibilbidean aldaketak egitea erabakitzen badugu, garrantzitsua da halaber aldaketa horren berri ematea hasierako planari dagokionez.
Istripuaren kasuan nola jokatu
Suhiltzaileen Zerbitzuko Erreskate Teknikoko Taldeko (GTR) Sergio Ayarrak gogorarazi duenez, istripuren bat jazotzen bada, garrantzitsua da istripua gertatzen den unetik larrialdi-zerbitzuak iritsi bitartean jarraitu beharreko jokabide-jarraibideak eta segurtasun-protokoloak ezagutzea.
Lehenengo urratsa biktima eta norbera babestea da. Horren barruan sartzen da istripua izan duen pertsona sorostean une oro norberaren segurtasuna kontuan hartzea. Gainera, biktima bere kordean dagoen eta zauririk ba al duen egiaztatu beharko da; animatu eta lasaitu; eta ahal bada, eremu seguru batera eraman. Eta konorterik gabe badago, segurtasuneko albo-posizioan jarri behako da.
Jarraian, SOS Nafarroa ohartarazi behar da 112 telefonoan. Telefonoa hartzen duen pertsonak honako galderak egingo dizkizu: Nortzuk zarete? Non zaudete? Zer gertatu da? Horrez gainera, biktimari, meteorologiari eta lurraren orografiari buruzko informazioa eskatuko du, baita helikopteroak izan ditzakeen oztopoei buruzkoa ere. Era berean, mugikorraren bateria aurrezten saiatu beharko gara, behar izanez gero, ondorengo kontaktuak ahalbidetzeko.
Larrialdi-zerbitzuak iristen diren bitartean, biktimari laguntzeko ahal den guztia egin behar da, haren konorte-maila monitorizatuz. Gainera, hemorragiak aurkitu eta geldiarazi behar dira; hipotermiatik babestu beharko da; biktima ez da inoiz abandonatu behar eta iristen direnean, larrialdi-zerbitzuen esanetara jarri behar da.
Segurtasuna helikopteroz egindako erreskateetan
Azkenik, helikoptero batek erreskatean esku hartu izaten duenean, oinarrizko segurtasun-neurri batzuk daude eta komenigarria da horiek ezagutzea. Lehenik eta behin, haizeari bizkarra emanda jarri behar gara. Gainera, arreta jarri behar zaie beti helikopterotik egin diezazkiguketen jarraibideei.
Era berean, garrantzitsua da helikopterora isatsetik edo beheranzko malda batetik ez hurbiltzea. Azkenik, aireontzira oinez makurtuta hurbildu behar da, tripulazioak jakitera ematen digunean.