Descárgate la app
Kondestablearen Jauregian Nicolás Redondo Urbieta sindikalistaren inguruko erakusketa antolatu da
2024ko azaroaren 7a
Kondestablearen Jauregian Nicolás Redondo Urbieta sindikalistaren inguruko erakusketa antolatu da
Ana Ollo lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetza, Kanpo Ekintza eta Euskara kontseilariak "Nicolás Redondo (1927-2023). Sindikatua, memoria, erreformismoa eta utopia", sindikalista ospetsuari eskainitako erakusketaren irekieran parte hartu du. Azaroaren 21a arte Iruñeko Kondestablearen Jauregian bisitatu daiteke.
Erakusketaren inaugurazio ekitaldian, Ollo lehendakariordeaz gain, Pepe Álvarez UGT sindikatuko egungo idazkari nagusia, Jesus Santos Nafarroako UGTko idazkari nagusia eta Martin Zabalza Nafar Gobernuko Memoria eta Bizikidetza zuzendari nagusia izan dira.
Ollo lehendakariordeak Nicolás Redondo Urbietaren pertsona azpimarratu du: "Irudi poliedrikoa da, baina, batez ere, frankismo berantiarreko garai zailean eta trantsizioan hartutako konpromiso sindikal eta politikoagatik nabarmendu zen".
Halaber, Nafarroako Gobernuak memoriaren politika publikoen alde egindako apustua nabarmendu nahi izan du, "demokraziaren, lan-baldintza duinen eta justizia sozialaren aldeko borrokaren inguruko printzipioak eta balioak jasotzen dituzten ibilbide pertsonalak berreskuratzeko lan egiten baitute. Borroka horretan pertsona eta sigla askok parte hartu zuten; mugimendu sozial eta politikoek. Liderrek, alderdiek eta sindikatuek, desberdintasunen gainetik, balio horien garrantzia partekatzen zuten eta partekatzen dute. Balio horiek, gaur egun, inoiz baino garrantzitsuagoak dira estatuko eta nazioarteko testuinguruetan".
"Horregatik, -Ollo lehendakariordearen hitzetan-, iraganari begiratzeak etorkizunean jartzen du arreta".
Nafar Gobernuaren eta Francisco Largo Caballero Fundazioaren arteko hitzarmena
Kondestablearen Jauregian ikusgai dagoen erakusketa Francisco Largo Caballero Fundazioaren dokumentu-artxibotik eta Nicolás Redondo beraren eta bere familiaren artxibotik datozen argazki eta azalpen-testuek, dokumentu pertsonalek eta objektu originalek osatzen dute. Gainera, Francisco Largo Caballero Fundazioak eta Nafarroako Gobernuak memoria historikoaren bultzadarekin lotutako jarduera bateratuak egiteko sinatutako lankidetza-hitzarmenaren barruan kokatzen da.
Nicolás Redondo Urbieta Barakaldon jaio zen, 1927an. Metalurgiako langilea, 1945ean UGT sindikatuan eta PSOE alderdian afiliatu zen. Sindikatuko idazkari nagusia izan zen 1976 eta 1994 artean, nahiz eta 1971tik idazkari politiko gisa aritu.
Espainian sindikalismoaren ezinbesteko irudia izan zen diktadura frankistan, trantsizioan eta demokrazian, eta justizia sozialaren aldeko borrokan nabarmendu zen. Hainbat aldiz atxilotu eta auzipetu zuten diktaduran. 1976an UGTko idazkari nagusi izendatu zuten sindikatu honen XXX. Kongresuan, eta 1977, 1979, 1982 eta 1986ko hauteskundeetan PSOEko Bizkaiko diputatu hautatu zuten. 1987an uko egin zion eserlekuari.
Borroka bizia egin zuen langile-klasearen eskubideen, enpleguaren hobekuntzaren eta berdintasunaren alde. Bere figura funtsezkoa izan zen askatasun sindikal eta politikoen konkistetan. Nicolás Redondo Urbieta Madrilen hil zen, 2023ko urtarrilan.