Descárgate la app
Nafarroako Ospitale Unibertsitarioak ugalkortasun-arazoak dituzten 1.000 bikote inguru artatzen ditu urtero
2024ko ekainaren 3a
Nafarroako Ospitale Unibertsitarioak ugalkortasun-arazoak dituzten 1.000 bikote inguru artatzen ditu urtero
Nafarroako Ospitale Unibertsitarioko Obstetrizia eta Ginekologia Zerbitzuko Laguntza Bidezko Ugalketa Unitateak modu naturalean zailtasunak dituzten edo errepikapen-abortuak izan dituzten 1.000 bikote inguru artatzen ditu urtero. Osasunaren Mundu Erakundeak ezarritako Ugalkortasunaren Mundu Egunak ekainaren 4an jartzen du arreta ugalketa-prozesuan eta bizitzan zehar 6 pertsona helduetatik 1ek izaten dituzten antzutasun-arazoetan, bai eta esparru horretan egiten diren aurrerapenetan eta ikerketetan ere, hala nola ReproNAGEN proiektuan.
Kausak sexuaren arabera eta eskainitako tratamenduak
Emakumeen kausa ohikoenak honako hauek dira: pelbis-endometriosia, Falopio tronpen disfuntzioa eta obulutegi-erreserba baxua. Gainera, emakumearen adinak garrantzi handia du, obuluen kantitateari zein kalitateari eragiten baitio. Gaur egun, lehendabiziko aldiz ama izateko batez besteko adina 32,1 urtekoa da, eta 35 urte edo gehiagorekin ama izaten diren emakumeek pazienteen %42,1 osatzen dute. Urte gehiagorekin haurdun geratu nahi denean, ugalketa-porrotak eragin handiagoa izaten du, ugalkortasun naturalean zein lagundutako ugalketa-tekniken erabileran.
Gizonen kausei dagokienez, semenaren kalitatearen alterazioek espermatozoideen kontzentrazio-maila optimoetan ez ezik, horien mugikortasunean eta/edo morfologian ere eragina dute. Era berean, kausa mistoa izan daiteke bi sexuetan.
Jesus Zabaleta NOUko Laguntza bidezko Ugalketa Unitateko arduraduna da, eta Unitateak garatzen duen jardueraren balantzea eskaini du: “Artatzen ditugun 1.000 bikotetatik, 600 bikotek ugalketa-tratamendu desberdinak egiten dituzte urtero, eta erdiek haurdun geratzea lortzen dute”.
Detektatutako antzutasuna lehengoratzeko tratamendu-aukera ohikoenen artean kirurgia, obulazioaren estimulazioa, intseminazio artifiziala eta in vitro ernalketa (FIV) daude. 2023. urtean, FIV prozesuak egin ziren NOUn kasuen %62an eta intseminazio artifizialeko teknikak %48an.
Ugalkortasuneko sekuentziazio genomikoa
Nafarroa da lagundutako ugalketaren arloan sekuentziazio genomikoa eskaintzen duen erkidego bakarra, ReproNAGEN proiektu estrategikoaren bidez. 2022az geroztik, Navarrabiomed ikerketa biomedikoko zentroak ekimen hori zuzentzen du, eta NOUk eta NNBi enpresak ere parte hartzen dute, konplexutasun handiko pazienteen ugalketa-akatsaren kausa genetikoak diagnostikatzera bideratua, familiako genoma osoaren sekuentziazioaren bitartez. Zehazki, ezarpen-akats errepikaria duten bikoteak, errepikapen-abortuak izan dituzten pazienteak eta enbrioi-kalitate txarra duten pazienteak dira. Sekuentziazio genomikoaz gain, screening prekontzepzionala eta azterketa farmakogenetikoa eskaintzen ditu Unitateak, kasu bakoitza modu pertsonalizatuan jorratzeko.
“Oraingoz, 90 bikotek hartu dute parte azterketan, eta ugalketa-arazoen %20 konpontzea eta 18 haurdun geratzea lortu da”, adierazi du Jesus Zabaletak, Navarrabiomeden Medikuntza Genomikoko Unitatean proiektuaren ikertzaile nagusia ere badenak. ReproNAGEN proiektuak abendura arte beste 50 bikote sartzea aurreikusten du; data horretan, azterketa amaituko da eta lortutako emaitzak aztertuko dira, praktika asistentzialera eramatea baloratzeko.
ReproNAGEN proiektua Nafarroako Gobernuko Industria eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuak finantzatzen du, I+G proiektu estrategikoak egiteko laguntzen deialdiaren bidez. Era horretan, Nafarroako Espezializazio Adimendunaren Estrategian (S4) identifikatutako sektoreekin bat datozen inpaktu handiko ekimenak egitea sustatzen da.