2025ko azaroaren 26a

Gobernuak eta NUKFk Elizak immatrikulaturiko herri-ondasunak ikertzeko hitzarmena berrituko dute 2026an

Aierdi kontseilariak eta Xabier Alcuaz NUKFko presidenteak 174 ondasunei buruzko lehen azterketa aurkeztu dute 50 toki entitateren aurrean; horietatik 79 titulartasun publikoa erreklamatzeko modukoak dira
Elizak immatrikulatutako ondasunen inguruko ikerketa baten ondorioen aurkezpena. Irudi galeria

Nafarroako Gobernuak eta Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak (NUKFk) Foru Komunitatean Eliza katolikoak Hipoteka Legearen 206 artikuluaren babesean immatrikulaturiko herri-ondasunak ikertzeko izenpeturiko hitzarmena 2026an berritzea erabaki dute. Bi erakundeek herri-ondasun horien jatorrizko titulartasun publikoa nahikotasunez dokumentatu eta ziurtatu ahal izatea dute asmo, izaera hori lehengoratzeko balizko eskaera egin ahal izateko.

Hala, Gobernuko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak eta NUKFk aurten egindako lan historiografiko eta dokumental xehakatuari jarraitasuna eman nahi diote, izan ere, lan horri esker 26 toki-erakunderen 174 ondasun ikertu ahal izan baitira aurten.

Ondasun horietatik, NUKFK, Exekutiboaren Nekazaritza Zuzendaritza Nagusiko Herri-lurren Atalarekin lankidetzan eta INTIA sozietate publikoaren katastro-laguntza teknikoarekin, 79 finka zehatz identifikatu ditu (besteak beste, baselizak, parrokia-etxeak, bordak, baratzeak eta lursailak), beren herri-titulartasuna edo titulartasun publikoa justifikatu eta erreklamatu ahalko luketenak. Ondasun horien ibilbide historikoari buruz udal artxibategietan egindako ikerketaren arabera, 21 kasutan ondasun horien titulartasun publikoa ziurtatzeko frogak aurkitu dira; gainontzeko 58 kasuetan berriz, titulartasun publikoaren zantzu historikoak aurkitu dira.

Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilari José Mª Aierdik eta NUKFko lehendakari Xabier Alcuazek, bi erakunde horien talde teknikoekin batera, orain arte egindako ikerketa-lana aurkeztu dute, asteazken honetan, arratsaldean, Iruñerriko Mankomunitatearen egoitzako Iruñeko Salestarren antzinako komentuko kaperan egindako informazio-saiora hurreratu nahi izan duten berrogeita hamar toki-erakunde baino gehiagoren aurrean. Bertan izan dira ere Nafarroako ondarea defendatzeko plataformako ordezkariak. 

Gaur-gaurkoz 139 toki-erakunde atxikita

Herri-ondasunak kudeatzeko, kontserbatzeko edo berreskuratzeko eskumena udal esparruari dagokionez, Gobernuak eta NUKFk aurretik adierazitako ikerketa arautzen duen hitzarmenarekiko atxikimendua sustatu dute immatrikulazioek ukituriko toki-erakundeen artean. Gaur-gaurkoz, 139 udalerrik bat egin dute hitzarmenarekin, beren herrietan immatrikulaturiko ondasunen egoera aztertzeko interesak bultzatuta. 

Lan horren barruan, hitzarmenari atxikitako toki-erakunde bakoitzarentzako txosten bereizi bat egingo da eta bertan xehe-xehe bilduko dira haien ondasunei buruz egindako ikerketaren ondorioak. Txosten horiek NUKFk emango dizkio udal edo kontzeju bakoitzari, hortik aurrera har litezkeen erabakiak edo eman litezkeen urratsak errazteko. Hitzarmenarekin bat egin ez duten toki-erakundeak oraindik garaiz daude, laguntza teknikoa eta haien ondarearen azterketa berezia eduki ahal izateko.

Hemendik aurrera, immatrikulazioek ukituriko udalek eta kontzejuek balizko ekintza judizialak zuzenean hasi ahalko dituzte titulartasun publikoa frogatzeko agiriak dituzten ondasunak berreskuratzeko edota kudeaketa hori Nafarroako Gobernuaren esku utzi ahalko dute, Gobernuko zerbitzu juridikoek udal eskuordetza bidez demanda bat hasteko.

Aierdi kontseilariak toki-erakundeei zuzenduriko aurkezpen-saioan azpimarratu duenez, NUKFrekin adostutako akordioa "Nafarroako Gobernuak administrazio-bidean egiten duen lehenengo ekintza politiko eraginkorra da, ihesbideak baliatuta eta, bereziki, Aznarren Gobernuak 1998an egindako lege-erreformak zabalduriko atearen ondoren, toki-erakundeek historian zehar galduz joan diren ondasunak berreskuratzen ahalegintzeko. Gure herrietako landa garapenarekin, herri-ondarearen defentsarekin eta memoria kolektiboarekin estuki lotutako ekimena da”.

NUKFko lehendakari Xabier Alcuazek defendatu duenez aldiz, “toki-erakundeek interes orokorra eta udal autonomia bermatzeko duten eginkizuna indartzeko apustua da herri-ondarea eta ondasun publikoak babestea". Zentzu horretan azpimarratu duenez, “Federazioak ondare publikoa defendatzeko konpromiso irmoa du eta atxikitako toki-erakunde guztietan ikertzen jarraitzeko borondatea du”. Alcuazek gogoan izan du bestalde, Federazioak laguntza tekniko, juridiko eta historikoa jartzen duela udal eta kontzejuen eskura, ondasunak berreskuratzeko prozesuei berme handiagoekin aurre egin ahal izateko. 

Urteko 50.000 euroko dirulaguntza

Nafarroako Gobernuaren eta NUKFren arteko hitzarmenak 50.000 euroko dirulaguntza izan du aurten, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren kargura; 2026ko aurrekontuetan ere zenbateko berberarekin berrituko da partida. 

Hitzartutakoaren arabera, NUKFk hitzarmenarekin bat egiten duten toki-erakundeetan immatrikulaturiko ondasunei buruzko ikerketa egingo du eta ondasunen ibilbide historikoa ziurtatuko duen dokumentazioa prestatuko du. Foru Exekutiboko Herri-lurren Atalak aldiz, ondasun horien azterketa, sailkapena eta katastro-eguneraketa egingo du geoerreferentzia bidez. Bi erakundeek osaturiko jarraipen batzorde batek ekintzak lehenesteko irizpideak planifikatu eta ezarriko ditu.

Aurreko legealdian, Justizia Departamentuak jabetza-erregistroetan Eliza katolikoak XX. mende hasieratik inskribaturiko 2.952 ohar soil bildu zituen hasiera bateko zerrenda batean. Hortik aurrera, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak herri-ondarea defendatzearekin lotuta dituen eskumenak erabiltzea erabaki zuen. NUKFrekin egindako hitzarmenari eta lanari esker ordea, orain, 26 toki-erakundetako 174 ondasun identifikatu eta ikertu ahal izan dira. Hala ere, horien erdiak baztertu egin dira erabilera pribatua dutelako.