Descárgate la app
Gobernuak eta Cederna Garalurrek ekintza bateratuak egingo dituzte Nafarroako mendialdean nekazaritzan belaunaldi aldaketa bultzatzeko
2024ko martxoaren 7a
Gobernuak eta Cederna Garalurrek ekintza bateratuak egingo dituzte Nafarroako mendialdean nekazaritzan belaunaldi aldaketa bultzatzeko
Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak eta Cederna-Garalur elkarteak elkarlanean jardungo dute Nafarroako mendialdeetako landa eremuan ekintzailetza eta belaunaldi erreleboa sustatzeko. Hala adostu dute Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilari Jose Mari Aierdik, INTIAko lehendakari gisa, eta Toki Ekintzako Talde horretako lehendakari Arantxa Arregik sinatu duten hitzarmen batean.
Hitzarmena Juansenean sinatu da, INTIAk Donezteben duen finka esperimentalaren egoitzan. Ekitaldira etorri dira halaber Landa Garapeneko zuzendari nagusi Ruben Goñi, INTIAko zuzendari kudeatzaile Natalia Bellostas hala nola sozietate publikoko esperimentazio-finken arduradun Jesús Goñi.
Sinatutako dokumentuak lankidetza aktiboa ezartzearen alde dago belaunaldi-erreleboa egon litekeen kasuetan, bai nekazaritza-sektorean eta bai beste sektore profesional batzuetan, ustiategietan edo beste jarduera batzuetan egon litezkeen errelebo-kasuak detektatzeko eta eskualdatze horretarako balizko konponbideei ekiteko. INTIAk aurretik ere izan ditu esperientziak familiatik kanpoko nekazaritza-jardueren trantsizioetan, nekazaritza-ustiategi bateko titularrak jarduera horri jarraipena emateko prest dagoen norbaitekin harremanetan jarriz.
Horrez gain, hitzarmenak konpromisoa eskatu die alderdiei eskualdeetan sor litezkeen ekintzailetza-kasuetan laguntza- eta aholkularitza-beharrak identifikatu eta bideratzeko. Horrenbestez, INTIAri nekazaritzako eta/edo abeltzaintzako ekintzailetzaren arloan premiak dituzten pertsonen berri emango zaio; bestalde, Cederna-Garalur elkarteari nekazaritzakoa ez den ekintzailetzan laguntza- eta aholkularitza-premia berdinak dituzten pertsonen berri emango zaio. Ildo horretatik, dokumentuak adierazten du bi alderdiek ekintzailetza berriak kontuan hartu nahi dituztela prestakuntza edo aholkularitza teknikoa bezalako laguntza-ekintzak diseinatzeko.
Prestakuntza eta zuzeneko salmenta
Hitzarmenak, bestalde, tokiko produktuaren zuzeneko salmentarekin nahiz merkaturatzeko zirkuitu laburrekin lotutako jardueretan elkarri laguntzeko konpromisoa jasotzen du, “horrela tokiko elikadura-sistemak lurraldeka banatzen lagunduz”.
Dokumentuan jasotako beste puntu bat INTIAren nekazaritza-aholkularitzako zerbitzuak eskualdeetan hedatzeari buruzkoa da, arreta berezia jarriz sozietate publiko horren Abisu Estazioko zerbitzuak izurriei nahiz gaixotasunei buruz ematen duen informazioan.
Azkenik, hitzarmenak prestakuntzarekin lotutako beste lankidetza-ildo bat jasotzen du. Bi alderdiek adierazi dute prest daudela prestakuntza-ekintzak diseinatu, planifikatu eta gauzatzeko, lurraldearen potentzialtasuna hala nola atzemandako beharrak kontuan hartuta.